REE Espainiako Sare Elektrikoak 2010eko otsailean edo martxoan Castejon-Muru Artederreta-Gasteiz 400 kW-eko linearen behin-behineko egitasmoa aurkeztuko du. Horren aurretik, herritarren borondatea zein den jakin nahi du autobide elektrikoaren aurkako plataformak. Udaletako osoko bilkurek herri galdeketa horiek onartzeko prozesua hasiko dute datozen asteetan, eta abenduan bertan galdeketak onartuak izatea espero dute. Bide horretatik lortuko ez balute, bestelako bide batzuetatik saiatuko dira galdeketak egiten.
Goi tentsioko linearen aurkako jarrerak duen indarra dela eta, galdeketa herri gehienetan aurrera aterako dela pentsatzen du Alberto Frias-ek, goi tentsioko linearen aurkako plataformako kideak. Herri galdeketaren garrantzia nabarmendu du Friasek, «behar ez den» egitasmoaren inguruan herritarrek zer jarrera duten ikusteaz gain, beste helburu garrantzitsu bat ere beteko baitu, biztanleak informatzea hain justu. Hala, galdeketaren aurretik 400 kW-eko linearen inguruko argibideak emateko aukera egongo da.
Informazioaren garrantzia handia da, Friasen ustez, Muru Artederreta eta Gasteiz arteko linearen beharra ezbaian uzten duten gertakariak baitaude. 400 kW-eko linea horrek Estellerria hobeto hornitzeko balioko duela esan dute, baina 2005. urtetik eremu horretara argindarra eramateko egitasmo «zentzuzkoagoa» dagoela gogoratu du Friasek. 66 kW-eko bi linea onartu zituen Nafarroako Gobernuak orduan, Los Arcos-Arrubal (Errioxa, Espainia) eta Iguzkitza-Murieta artean. Bi linea horien bidez 50.000 biztanleren hornikuntza hobetuko zela jakinarazi zen 2005ean, baita Los Arcos eta Lizarrako industria guneetakoa ere. Ordea, egitasmo hori ez da aurrera atera.
Horrez gain, REEk linea bukatzeko zehaztutako epeak ikusita, hamaika aukera daudela nabarmendu du Friasek, horren aurretik energia iturburuen mapan aldaketak egongo baitira. Friasen ustez, 2013. urtean Garoñako zentral nuklearra (Burgos) ixten bada Ebro ibaiaren ondotik doan 400 kW-eko linea erabil daiteke Muru Artederreta-Gasteiz lineak hartu beharko lukeen argindarra bideratzeko.
Kontrako jarrera orokorra
Goi tentsioko linearen aurkako plataformak linea berriaren beharra ezbaian jartzen du, baina linearen beharra auzitan jarri gabe aukeratutako bidearen aurka agertu direnak ere asko dira. Talde horretan daudenek, 400 kW-eko linea Altsasuko korridoretik sartzea proposatu dute; Gasteiz eta Iruñea lotzen dituen errepidearen ondotik sartuko lukete.
Arabako Foru Aldundiaren arabera, ibar horren behealdea da linea jartzeko tokirik egokiena, dagoeneko gizakiaren eragina handiagoa baita bertan. Are gehiago, Mikel Mintegi Arabako Ingurumen diputatuak gogorarazi du REEk bertatik eraman nahi zuela linea hasierako egitasmoen arabera. REEk aukera hori baztertu egin du orain, ordea. Hau da, gaur egun ez dago ezta oraindik indarrean dauden aukeren artean ere. Teknikoki ez da bideragarria, Antonio Gonzalez Urquijo Hego Euskal Herriko eta Kantabriako (Espainia) REEko arduradunak jakinarazi duenez.
Arazoak arazo, Mikel Mintegiren ustez, REEk dagoeneko aurkeztu duen behin-behineko ibilbidea ez da ezta aukera modura ere kontuan hartu behar. «Gasteizko Mendietan egingo duen kalteagatik soilik, bidea baztertu egin beharko litzateke, eta beharrezkotzat jo daiteke instituzio guztiok egitasmo horren aurka agertzea». Gasteizko Mendiak natur parke bihurtzeko asmoa mahai gainean du Gasteizko Udalak duela asko, baina atzeratu ahala hainbat egitasmo sortu dira inguru horretan: Zaballako espetxea; Trebiñuko mugan, parke eolikoa, goi tentsioko linea... «Aldez aurretik suma zitekeen mehatxua handitu egin daiteke, behin-behineko egitasmoa baieztatuz gero, ibilbideak muturreko kalteak eragingo bailituzke».
Egitasmoaren aurkako jarrera agerikoa da. Estellerriko udalerri gehienak, Arabako Mendialdekoak, Trebiñukoak, Arabako Biltzar Nagusiak eta Arabako Foru Aldundia REEren aurreproiektuaren aurka agertu dira. Eusko Legebiltzarrak berak aukera gehien duen bidearen aurkako legez besteko proposamena onartu. «Horregatik egin nahi dugu herri galdeketa, linea egiteko erabakia hartzen badute herriaren borondatearen aurka egingo dutela argi gera dadin», esan du Friasek.
Muru Artederreta- Gasteizgoi tentsioko linearen datuak
Mota. Zirkuitu bikoitzeko 400kW-eko linea izango da.Luzera. Aukeratzen den korridorearen arabera, 80 eta 110 kilometro arteko luzera izan dezake.
Garraio dorreak. 42 eta 46 metro arteko garaiera izango dute dorreak eta 16 metroko zabalera.
Dorreen oinarriak. Dorreen oin bakoitza betoizko oinarri batean ezarriko dute, 100 metro koadroko zabalera duen oinarria eta 0,5 metroko garaiera.
Dorreen arteko distantzia. 400 eta 500 metro inguru egongo dira dorre batetik bestera.
Lineak hartuko duen zabalera. Aukeratzen den korridoreak 24 metroko zabalera izango du, eta segurtasun eremu horretan dauden zuhaitzak kenduko dira.
Behin-behineko egitasmoa. Otsailean edo martxoan aurkeztuko dutebehin-behineko egitasmoa. Orduan beste epe bat irekiko da egoki irizten zaien zuzenketak eskatzeko.
Lanak.Lanak 2012an hasiko direla uste du Espainiako Sare Elektrikoak; 2014rako linea martxannahi dute.
Zer da goi tentsioa?
Elektrizitatea sortzen den tokietatik kontsumitzaileen ingurura garraiatu ahal izateko, goi tentsioa erabiltzen da, argindar askorik gal ez dadin bidean. 400 kW edo 220 kW-eko tentsioarekin garraiatzen da, 400.000 watt eta 220.000 watt alegia. Kontsumitu aurretik tentsioa jaitsi behar da etxeetara, 220 watteko tentsioan hel dadin.Ingurumen kalteaz gain, kalte ekonomikoaz ohartarazi dute
Goi tentsioko lineak duen bidea duela ere, kalte ekonomikoa eragingo duela gogorarazi du linea horren aurka dagoen plataformak. Done Jakue bidean, HegoaldekoTrenaren bide berdean eragin dezakeela nabarmendu dute, eta, aldi berean, lehen sektorean eragina izango duela nabarmendu du plataformak.Penagos eta Gueñes arteko linearen etorkizuna, ezbaian
Espainiako Auzitegi Gorenak Penagos (Kantabria, Espainia) Gueñes (Bizkaia) arteko linearen inguruko sententzia eman behar du oraindik, Izate elkarteak apirilean kalteen inguruko ondorioak aurkeztu ostean. Ordea, REEko arduradunek linea 2010. urteko bukaerarako martxan egon daitekeela aurreratu dute.Goi tentsioko linearen behin-behineko egitasmoa aurkeztu ez duten arren, aukera gehien duen ibilbidean dauden herrietako bizilagunen borrokan jarraitzeko nahia etsipen izpi batekin batera ageri da.
Herri txikien bidea
J. R. MarañonHogeita hamar biztanle dituzten herriek mila biztanle dituztenak baino zarata gutxiago egiten dute». Baieztapen horrekin laburtu du Marañongokafetegian (Nafarroa) ebaki bat hartzen ari den bizilagun batek Araba eta Nafarroako herri txiki batzuetan azkenaldian sumatzen den jarrera. REE Espainiako Sare Elektrikoak goi tentsioko linea egiteko lehenesten duen bidea jakinarazi dute, eta oraindik ofiziala ez den arren, herri kaltetuetan sentimendu kontrajarriak daude. Borrokatzeko asmoa nolabaiteko etsipenarekin nahastuta ageri da.
REEk egindako aurreproiektuaren arabera, Marañon herriak izango du gertuen goi tentsioko linea. Mendebaldean dituen mendien gainetik igaroko dela uste dute, baina oraindik ere inork ez die argitu zein izango den ibilbidea. Behin-behineko aurreproiektua aurkeztean udal guztietako ordezkariekin hitz egingo duela nabarmendu du REEk. Ordea, hori da Bernedora (Araba) joateko bide zuzenena.
Bernedo eta Marañon arteko bidea malkartsua da, eta, inguru hori ezagutzen dutenen ustez, zaila da ulertzea nola ez duten bide errazagorik aurkitu. «Linearen aurka gaude, egiten duten tokian egiten dutela, baina zaila da ulertzea zergatik sartuko duten horren toki menditsu batetik», dio Laura Markinezek. Esprontzedako alkatea da, eta goi tentsioko linearen aurkako plataformako kidea.
Hala, hasiera batean goi tentsioko lineak ez zuen Marañondik igaro behar, iparralderago joan behar zuen, baina Kodes mendilerroa saihestu nahian, aldaketa hori egin du REEk. Horrez gain, Los Arcosera heldu aurretik Deikaztelura ateratzen den adar bat ere aurreikusi dute, eta inguru horretan eraiki nahi duten azpiestazio batean bukatuko litzateke.
Marañon atzean utzi eta Araban sartuta agerikoa da goi tentsioko linearen aurkako jarrera. Bernedoko Udalaren ikurra duten bi kartel erraldoik agerian uzten dute herri horren jarrera. Jose Ignacio Saenz del Castillo Bernedoko alkateak eta Arabako Mendialdekopresidenteak herritarren eta instituzioen parte-hartzeanabarmendu du. «Ez zuten espero lortzen ari garen batasuna Nafarroaren, Arabako Mendialdearen eta Trebiñu artean».
Trebiñun, hain zuzen ere, ingurumen kalte larria eragingo du. Okinako sakanetan sartuko da goi tentsioko linea ezustekorik ezean, Gaztela eta Leongo administraziopean egoteagatik babesik ez duen gunea, baina aparteko edertasuna duena. Alonso tabernako nagusiak, Albaitan, Trebiñuko Konderrian, gogorarazi du egitasmoa gelditzeko zuzenketa asko aurkeztu direla, eta etorkizunean horrela jarraituko dutela. «Dena den, haiena da boterea», esan du.