Pablo Gonzalezen bikotekidea

Oihana Goiriena: «Gogorrena da ez daukagula heldulekurik; ez dakigu egoera noiz arte luza daitekeen»

Pablo Gonzalez espetxeratu zutenetik bi urte bete diren honetan, haren senitartekoak kexu dira Espainiako Gobernuaren jarreraz: «Lagundu beharrean, kalte egin diote».

Oihana Goiriena
Oihana Goiriena. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gotzon hermosilla
BILBO
2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Pablo Gonzalez euskal kazetariak bi urte daramatza preso Polonian. Denbora tarte horretan, haren bikotekide Oihana Goirienak (Gernika, Bizkaia, 1975) birritan baino ezin izan du bisitatu Radom segurtasun handiko espetxean. Gorienarentzat «ulertezina» da bi urte igaro ostean Gonzalez espetxean egotea oraindik ere behin-behinean, epaiketa egiteko datarik gabe eta egoera horretan noiz arte egongo den jakin gabe.

Zelan dago Gonzalez?

Gorabehera handiekin. Inkomunikazioa da gaizkien eramaten duena: ezin du inorekin berba egin, telefonoz abokatuekin baino ez, eta hori da harentzat gogorrena. Gutunak iristen zaizkionean adorea hartzen du, baina gero egon daiteke hilabete bat eskutitzik gabe, nahiz eta badakigun eskutitzak hara heltzen direla, eta orduan nahikoa lur jota egoten da. Gainera, ikusten du ezer barik han eduki ahal dutela. Bere burua babesgabe ikusten du, eta [Espainiako] Gobernuaren aldetik, salduta.

Eta senitartekoak zelan zaudete?

Gu ere gorabeherekin. Ahalegintzen naiz umeak albo batera eta babestuta edukitzen, baina haientzat ere gogorra da. Urte bi daramatzate aita barik. Ez hori bakarrik; aita ikusi eta harekin berba ere egin barik. Dakiten bakarra da eskutitzetatik eta nik esaten diedanetik. Eta ez dute ezer ulertzen; neuk ere ulertu ezin dudana azaltzea zaila da.

Niretzat ere gogorra da: bakarrik nago hiru umerekin, beharra, etxea... Eta, batez ere, gogorrena da ez daukagula heldulekurik. Ez dago epaiketa baterako datarik, ez dakigu noiz arte luza daitekeen.

Ez dakizue epaiketa noiz izango den.

Zantzurik ere ez dugu. Polonian, behin-behineko espetxealdiak ez dauka mugarik. Europako Batasuneko estatuetan urte bikoa izaten da gehieneko epea, eta kasu berezietan luzatu egin daiteke, lau urtera, baina Polonian horrelakorik ez dago. Lau urte edukiko dute preso? Sei? Zortzi? Haiek nahi duten beste.

Beldur zarete epaiketa justu bat izateko eskubidea urratuko ote dioten?

Bai, batez ere, orain arte izan duten jarrera ikusita. Nik pentsatzen dut Polonian giza eskubideak badaudela, eta Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna sinatu duela. Guk eskatzen duguna da gutxieneko eskubide batzuk errespetatzea: familiarekin komunikazioak izateko eskubidea, bisitak izatekoa eta abar. Hori ere ukatzen badute, zer espero dezakegu? Epaiketa bidezko bat? Ez.

Gainera, abokatuen lana oztopatzen ari dira ahal duten guztia, urtebetean ez diote utzi konfiantzazko abokatuarekin egoten, mila paper eskatu dizkiote, behin eta berriro entregatu behar izan dituenak, aitzakia burokratikoak jartzen dituzte abokatuen lana oztopatzeko... Hori ikusita, nik ez dut batere konfiantzarik epaiketa justu bat izango duela.

Espainiako Gobernuarekin harremanik ba al duzue?

Ez. Guk [Espainiak Polonian daukan] kontsularekin dugu harremana, baina ez enbaxadorearekin edo Ministerioko inorekin. Kontsula atsegina da, eta harekin tratua ona da, baina kontsulen lana administratiboa da. Bisitak egiten dizkio, baina bisita horietan egiten duen bakarra da ikusi bizirik dagoela eta ez dagoela gaixorik. Besterik ez. Ikusten badu hotzak dagoela, erradiadore elektriko bat eskatu duela eta ez diotela eman, zer egiten du? Ikusten badu ez diotela semeekin telefonoz hitz egiten uzten, zer egiten du? Ezer ez. Beharbada ezin du ezer egin, baina hori da daukagun babes bakarra estatuaren aldetik.

Eta zelan ikusten duzue Espainiako Gobernuaren jarrera?

Arazoa ez da soilik ez duela laguntzeko ezer egin, babes kontsularra derrigorrezkoa delako; ez dio lagundu, eta, gainera, kalte egin dio. Hasteko, [Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek] haren errugabetasun printzipioa urratu zuen, esanez karguak «oso larriak» zirela, froga oso larriak zeudela eta abar. Poloniako Ministerioak esandako guztia errepikatu du, eta, kasu honetan, Polonia akusazioa da. Beste alde batetik, errealitatea ukatu egin du: esan du haren eskubide guztiak babestuta eta bermatuta daudela, eta hori ez da egia. Gezurrak esanez, iritzi publikoa lasaitzea lortu du, eta protestarako beharrizanik ez dagoela sinetsaraztea. Lagundu beharrean, kalte egin du.

Gonzalez kazetaria da. Hedabideen aldetik elkartasuna sumatu duzue?

Hedabide handien aldetik ez. Euskal Herriko hedabideen aldetik bai, baten batzuk kenduta, baina, Espainiako hedabideen aldetik, Publico izan da bakarra [hedabide horretako kolaboratzailea da Gonzalez]. Besteak, handiak behintzat, albo batean gelditu dira, aipamen txikiren bat egin dute han-hemenka, baina besterik ez. Beharbada, haien aldetik gehiago espero zitekeen: zarata apur bat egitea, presio gehiago gobernuari... azken finean, euretako bat da.

Itxaropenerako zirrikiturik ikusten al duzue?

Nik, gaur egun, itxaropena abokatuengan daukat jarrita. Badakit horretan ari direla, eskuak nahiko lotuta dituzten arren: ez daukate akusazioaren txostena ikusterik, parte txiki bat baino ez, eta, beraz, ez daukate defentsa antolatzeko erraztasunik, baina haiengan dut esperantza. Beharbada Europak zerbait esango balu, eta Poloniari belarrietatik apur bat tiratu... baina oraingoz zarata gutxi Europatik ere.

Zeintzuk dira orain zuen eskaera nagusiak?

Alde batetik, epaiketarako data albait arinen jartzea, eta epaiketa bidezko bat izatea; bitartean, aske gelditzea, baldintzapeko askatasunean edo behar den moduan, eta, ahal dela, hemen. Ezinezkoa balitz, Euskal Herriko edo Espainiako kartzela batera ekartzea, gu bisitan joan ahal izateko. Eta hori ere posible ez balitz, gutxienetik kartzelan dituen neurriak malgutzea, batez ere komunikazioei dagokienez.

Elkartasun ekitaldiak eta adierazpenak ere ugariak izan dira. Gonzalezek ba al du horien berri?

Norainokoak diren seguru asko ez daki, baina guk eskutitzetan kontatzen diogu jendea arduratuta dagoela haren egoeraz, kalean gelditu eta animoak ematen dizkidatela, ekitaldiak egon direla, sariak eman dizkietela... Hori badaki. Eta garrantzitsua da jakitea, horrek indarra ematen baitio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.