Yolanda de Pablo. Abokatua

«Gogoratu: jendeak eskubideak ditu bankuen aurrean»

Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu juridiko bat eskaintzen die etxegabetze arriskuan daudenei, eta horko kidea da De Pablo. Gaitzetsi egin ditu bankuen «abusuzko» praktikak.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Irun
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Etxegabetuak izateko arriskuan daudenei zerbitzu juridikoa eskaintzen die Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Yolanda de Pablo (Irun, Gipuzkoa, 1967) zerbitzu horretako kidea da. Aholku ematen die bankuen betearazpen hipotekarioen ondorioz ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan daudenei —hipoteka ordaindu ezinagatik kalean geratzeko arriskua dutenei— , eta haiek defendatzen ditu bankuen aurrean. Azken zortzi urteotan 105 kasurekin egin du lan De Pablok, eta emandako zerbitzuaren emaitzak kontatu ditu berriki kaleratutako txosten batean.

Nola hel daiteke zuengana etxegabetze arriskuan dagoen norbait?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen du zerbitzua, baina eskaria udaletako gizarte zerbitzuen bidez egin behar da. Itxaropen mezu bat helaraztea garrantzitsua da: etxerik gabe geratzeko arriskua baldin badago, gizarte zerbitzuetara joan behar da, zerbitzu juridikoaren esku hartzea eskatu behar da, eta negoziazio bat hasiko dugu bankuarekin legez araututako praktika onen kodea bete dadin. Horregatik sortu genuen zerbitzua: familiak gutxiagotasun egoera batean daude bankuen aurrean negoziatzeko eta akordio bat egiteko orduan.

Zuen lan nagusietako bat informazioa ematea da, ezta?

Bai. Baliabiderik gabeko zorpetu hipotekarioak babesteko 2012ko errege dekretuaren arabera, etxea galtzeko arriskua dutenei—zaurgarri daudenei— beren eskubideen berri eman behar diete bankuek. Hala ere, bankuek ez dute horrelakorik egiten: bankuak ez du bere interesen aurka informaziorik emango. Guk egiten dugu lan hori, zerbitzu juridikoaren laguntza eskatzen dutenekin.

Zer da praktika onen kodea?

Baliabiderik gabeko zorpetu hipotekarioak babesteko neurri sorta bat da. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak dira, ezin izan diotenak maileguaren kuotari aurre egin.

Legeak zeintzuk jotzen ditu zaurgarritzat?

Zaurgarritasun sozial edo ekonomikoan egotea ez da soilik sosik gabe egotea, desgaitasunen bat izatea edo zortzi seme-alaba izatea. Zaurgarritasun ekonomikoko egoeran egoteko, nahikoa da familia bateko diru sarrerak 1.500 euroz azpikoak izatea, edo adingabekoen kargu izatea. Bankuari ordaindu ezin diotenek, hilabetean 1.500 euro baino gutxiago irabazita, eta haurrak izanda, neurri horiek erabil ditzakete. Indarkeria matxistaren biktimek eta desgaitasunen bat dutenek ere bai.

Abal emaileentzat ere balio du praktika onen kodeak. Zorpetu nagusiaren ondarea agortu bitartean, bankuek ezin dituzte abal emaileak ukitu. Gainera, abal emaileek zorpetu nagusiaren eskubide berak dituzte zaurgarritasun sozialeko eta ekonomikoko egoeran badaude.

Jendeak arma asko ditu bankuen aurrean.

Zer eskubide aitortzen dizkie praktika onen kodeak herritar horiei?

Neurri nagusia mailegua berregituratzea da, familia bakoitzak ordaintzeko moduko kuota bat ezarriz. Ordaintzeko inolako aukerarik ez balego, etxea ordainean eman liteke. Etxearen jabea bankua bihurtuko litzateke, eta zorrak kitatuta geratuko lirateke; alokairu sozial baterako eskubidea izango luke pertsonak. Beste bat zorra murriztea da, eta egia da aukera badagoela bost urtez interesak ez ordaintzeko, baina kuota igotzeko arriskua egon daiteke. Gainera, mailegua berregituratzeari kalte egin dio euriborraren igoerak. Kuotak igotzea eragiten du, interesak igotzen direlako. Hori ezin dugu kontrolatu.

Duela gutxi argitaratu duzuen txostenean, nabarmendu duzue bankuek «abusuzko» praktikak egin dituztela etxegabetzeetan. Informaziorik ez ematea da bat. Zeintzuk dira besteak?

Beste bat etxea ordainean emateko aukerarekin gertatzen da. Etxea ordainean ematen baduzu, zor guztia kitatzen da. Hala ere, Kutxabankek engainatu izan ditu zorpetuak esanez etxea ordainean ematea zorraren zati bat ordaintzeko dela —betearazpen hipotekarioekin gertatzen den bezala—, eta gainerakoa kreditu pertsonal baten bidez itzuli beharko duela. Ez. Legeak ezartzen duena zorra guztiz kitatuko duen ordaina da. Eskubide bat da.

Txostenean aipatu duzue, halaber, bankuek dituzten kredituak berreskuratzeko zerbitzuak higiezin agentziak direla finean.

Kutxabankek, esaterako, higiezinen funts batean jartzen ditu betearazpen hipotekarioetan, negoziazioetan eta ordainean jasotzen dituen etxeak: Harri Inmuebles S.A. du izena. Beste banku batzuek kredituak berreskuratzeko kudeatzaileak dituzte; Sabadellek, esaterako. Maileguak putre funtsei saltzen dizkiete, eta hor praktika onen kodeak ez du balio, putre funtsek ez dutelako harekin bat egin —bankuek bat egin zuten 2012an, marketin kontuengatik—.

Hala ere, Kode Zibilak dioenez, kreditu baten lagapena egiten denean, jaso duenak kreditu horren eskubideak eta betebeharrak mantendu behar ditu. Hor ez litzateke gaizki egongo putre funts batek erosi ordez administrazioak erostea kreditu hori, eta alokairu sozialera edo berregituraketa batera bideratzea, prezio onargarri batekin. Horrela, parke publikoa handituko litzateke, prezio apalean. Gainera, kalte txikiagoa egingo lioke ingurumenari.

Etxe eskubidea bermatuta dago Gipuzkoan?

Ez. [Espainiako] Estatuko lurralderik aberatsenetakoa izanda, etxebizitzaren egoera dramatikoa da. Ez da eskubide subjektibo bat. Burura datorkidan irtenbide bakarra da etxeetako ateak irekitzea: ezin da egon etxerik jenderik gabe, ezta jenderik ere etxerik gabe. Itxaropen mezua helarazi nahi dut berriro. Gogoratu: jendeak eskubideak ditu bankuen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.