Aurreko legealdiarekin egongo den berritasun baten gisan aurkeztu du Alberto Alonso Gogora-ko zuzendariak memoria historiko eta demokratikoan egin nahi den jauzia. 36ko gerrari eta frankismoari buruzko ikerketa «kuantitatibo handi baten ostean», hura gertatu zeneko testuingurua esplikatzen jarriko dute indarra. Halaber, memoria historiko eta demokratikorako egun bat izendatzea proposatu dute. Alonso Eusko Legebiltzarreko justizia eta giza eskubideen batzordean izan da 2025etik 2028ra bitarteko ekintza plana azaltzeko.
Alonsoren arabera, Gogora-ren bidez tresnak eman nahi zaizkie herritarrei memoria kritiko bat eraikitzeko, zorroztasun historikoaz eta iraganari buruz etengabe eztabaidatuz. «Memoriak ezin du inoren monopolio izan», esan du. Gorroto diskurtsoak baztertu, eta iraganari buruzko askotariko begiradak errespetatzeko eskatu du. «Eraikitzen duen gizartearen bizitasunaren ispilu izan behar du memoria kolektiboak, inork ez du eskubiderik iraganaren inguruko bere errelatoa inposatzeko».
Asmoa du hasitako bidean segitzeko. Besteak beste, aipatu du biktimen aitortza kolektibo eta indibidualean aurrera segituko dutela, Alfredo Espinosarena gogora ekarriz. Eta azaldu du non egin asmo duten jauzi bat: frankismoaren inguruan pilatutako informazio kuantitatibo hori guztia izan ostean, testuinguruan sakondu asmo dute: «Ulertarazi nahi dugu zergatik bidali zituzten hainbeste pertsona kartzela frankistetara, nolakoak ziren bizi baldintzak han, eta nola eragin zuen horrek haien familiengan». Halaber, GAL eta gerra zikina gutxi ikertu dela aitortu, eta ikerketan sakonduko dutela hitzeman du.
balmaseda, Tapia eta Etxeberria
Polizia abusuen batzordeko aditu izendatu dituzte Juana Balmaseda abokatua, Jaime Tapia magistratua eta Pako Etxeberria auzi medikua. 1978 eta 1999 artean poliziek egindako giza eskubideen urraketen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako txostenak osatzeko ardura izango dute. EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk adostuta egin dituzte izendapenak.
Kontakizun polifonikoa
EH Bilduko Eraitz Saez de Egiluzek salatu du Justizia Sailak —eta horrenbestez Gogora institutuak— jardun «partziala» izan duela PSEren esku dagoenetik, eta kontakizun polifonikoa eskatu du etorkizunerako. Kontakizun partzial horren adibidetzat jo du sorreran bertan estatuaren biktima bat zuzendaritzan ez sartu izana. Edo urriaren 12an Guardia Zibila omendu izana: «Guardia Zibilak herri honetan sortutako beldurrari eta eragindako sufrimenduari buruz ez genuen hitz bat bera ere entzun instituzio publikoetako ordezkarien ahotik. Zelatatzeak, mehatxuak eta torturak eguneroko ogia izan dira herri honetan, eta hori Estatuak erabili duen indarkeria sistematikoaren erakusle da. Nola da posible indarkeria mota hau instituzionalki legitimatzea eta goraipatzea? Nola da posible min batzuk ez ikustea eta biderkatzea?». Biktima batzuekiko bazterketa nabaria dela uste dute.
Eta partzialtasun horren azken adibidetzat aipatu du bihar BECen egin asmo duten ekitaldia. Aurten 30 urte bete dira Herri Batasunak Oldartzen txostena onartu zuenetik, eta efemeride hori aukeratu du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailak, Gogora-k kudeatzen duen Herenegun programaren bidez 400 ikasle elkartzeko BECen, ETAren indarkeriari buruzko jardunaldi batean. «Justizia sailburuak gazteek iragana ezagutu behar dutela dio, baina iraganaren parte bakar batez ari da behin eta berriz».