Gogora-k ikerketa eta dibulgazio lanetan indar egin nahi du datozen urteetan

Institutuak 2025-2028ko jarduera plana eta aurtengo kudeaketa plana aurkeztu ditu zuzendaritza kontseiluaren lehen bileran. «Sufrimenduaren sozializazioari buruzko» eta Monbar hoteleko atentatuaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte.

Zuzendaritza kontseiluaren bilera, gaur arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuzendaritza kontseiluaren bilera, gaur arratsaldean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 5a
19:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Legealdiko lehen bilera egin du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza kontseiluak, eta datozen urteetarako jarduera plana aurkezteko baliatu du hura. «Helburu nagusi» gisa jarri dute «herritarrei memoria kritiko eta gogoetatsua eraikitzeko beharrezko tresnak» ematea, eta ikerketa eta hedapen arloetan sakondu nahi dute horretarako. Hala zehaztu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Gure ardura da gizarteari, belaunaldi gazteei bereziki, lanabesak eskaintzea hausnarketa kritikoa partekatzeko, indarkeriari eta terrorismoari ateak betiko ixteko».

Lehendakariaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gogora institutuaren xedea da «memoria kritikoa» sustatzea. Horrek, baina, «erabilera politikoak» baztertzea eta «jarrera eraikitzailea» izatea eskatzen ditu, haren hitzetan. Hala, institutuak aurrez aurre dituen lanei erreparatuz, adierazi du «biktimei elkartasuna, aitortza eta ordaina emateko konpromisoa» indartu nahi dutela, eta hori «biolentzia guztiak» gaitzetsiz egin.

Helburu horiei lotuta, zuzendaritza kontseiluaren lehen bileran onartutako afera garrantzitsuena 2025-2028ko aldirako jarduera plana izan da: Bizikidetzarako memoria eta memoriaren bizikidetza. Hartan, zehazten da memoria ezin dela «inoren monopolioa» izan, eta ezin direla «besteen gaineko kontakizunak inposatu». Gogora-ren eginbeharrei dagokienez, berriz, lau lan ildo bereizten dira: kudeaketa, dokumentazioa, ikerketa eta dibulgazioa. Eta horiei dagozkien zazpi «ekimen» eta 39 «ekintza» zehazten dira.

Kudeaketari dagokionez, beste erakunde batzuekiko koordinazioan sakontzeaz gain, EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea garatzearen alde egiten da; horretarako, legea berritzeko dekretu bat ontzearen alde egiten da. Eusko Legebiltzarrari ere eskatuko diote Oroimen Historiko eta Demokratikoaren Eguna zehazteko. Horiez gain, 36ko gerrako eta frankismoko biktimen justiziarako eskubidea sustatzeko asmoa azaldu dute, baita norbanakoei «ohorea eta gogobetetze moral zuzena birgaitzeko» eta diktaduraren kontra aritu ziren erakundeei aitortza egiteko neurriak hartzekoa ere. Horrekin lotuta, datozen hilabeteetan «biktimei erreparazio ekonomikoa emateko neurrien batzorde tekniko bat» sortuko dutela zehazten da aurtengo kudeaketa planean.

Dokumentazio lanen kasuan, eginbehar nagusietako bat izan da eta izango da desagertuak bilatzeko lanekin segitzea. Era berean, institutuaren dokumentazio zentroari «bultzada» bat eman nahi diote. Ikerketa arloaren kasuan, berriz, urtero ikerketa plan bat egingo dute aurrerantzean, «giza eskubideen urraketei dagokienez iraganaren ikuspegi osoagoa izateko». Zehaztu dutenez, orain arte 36ko gerraren eta lehen frankismoaren inguruko lanak nagusitu dira, eta esparrua zabaldu nahi dute «frankismo berantiarrera eta trantsiziora». Besteak beste, epe horri dagozkion bi ekintza ageri dira: «euskal herritarrei eragiten dien Ordena Publikoko Auzitegiaren dokumentazioa ikertzea, euskal antifrankismoa aztertzeko» eta «eskuin muturreko talde terroristei eta gerra zikinaren lehen faseari buruzko ikerketa».

Dokumentuan zehazten da beharrezkoa dela «Euskadin biktimak aitortzeko zikloa ixtea», horiek «ahanzturatik ateraz eta haien duintasuna itzuliz». Hain zuzen, horretarako tresna gisa aipatzen dira aitorpen instituzionalak eta dibulgazio ekitaldiak. Aurten, besteak beste, Gogoragunea irekitzeko azken lanei ekin nahi diete —apirilean amaituko dituzte obrak—, eta, azken hamarkadetako gatazka armatuarekin lotuta, «ETAk garatutako sufrimenduaren sozializazioari buruzko» jardunaldi bat eta GALek Monbar hotelean egindako atentatuaren inguruko beste bat egingo dute; irailean beteko dira 40 urte.

Era berean, «ardatz tematiko» gisa aurkeztu dute euskal herritarrek nazioen kontzentrazio esparruetan pairatutakoaren berri ematea. Hain zuzen, aurten 80 urte beteko dira horiek askatu zituztenetik, eta aferaren inguruko zenbait jarduera egingo dituzte: besteak beste, biktimak omentzeko ekitaldi bat, erakusketa bat eta udako ikastaro bat.

Hezkuntzari lotutako lanetan «sakondu» behar dela zehaztu dute, memoria hurbilari dagokionez. Afera hori «estrategikotzat» jo dute. «Legegintzaldi honetan Gogora institutuak ekintza zehatzak garatu beharko ditu gure historia traumatikorik berriena bigarren hezkuntzako curriculumean sartzea bultzatzeko», diote dokumentuan.

Urkulluri eskerrak

Aurrera soilik ez, atzera ere begiratu du Pradalesek, eta aitortza egin nahi izan dio Gogora-k azken hamarkadan egindako lanari, eskerrak emanez Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakari ohiari eta Gogora-ko kide izandakoei: «Euskadin eta euskal gizarte osoan memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen balioak indartzen lagundu dute». Eta, jarraian, bide horretatik jarraitu beharrean egin du azpimarra. Hain zuzen, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak legealdi hasieran adierazi zuen «ziklo berri bat» hasiko zela.

Legealdi aldaketarekin bestelako eztabaida bat ere piztu zen Gogora-ren inguruan; zehazki, gaur lehen aldiz bildu den zuzendaritza kontseiluari dagokionez. Hura, Eusko Jaurlaritzako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietako, Eudeleko eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariez gain, legebiltzarrak hautatutako aditu talde batek ere osatzen du. Horiek dira Josu Elespe eta Maria Jauregi ETAren biktimak, Eider Landaberea eta Jose Antonio Perez historialariak, eta Paco Etxeberria auzi medikua.

Elespe eta Perez PSE-EEk proposatutako ordezkariak dira, Jauregi eta Landaberea EAJk proposatutakoak, eta Etxeberria EH Bilduk. Koalizio subiranistak Pilar Garaialde estatu indarkeriaren biktima ere proposatu zuen kontseiluko kide izateko, baina EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten egun kide direnei bide emateko. Ondorioz, Egiari Zor-ek salatu zuen erabakia «onartezina eta erabat umiliagarria» zela estatuaren biktimentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.