Gogora-k bilera egin du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekin

Maria Jesus San Jose sailburuak adierazi du «asko direla» erakunde biek «partekatzen dituzten guneak». Marisol Garmendia EAEko Espainiako Gobernu ordezkariak esan du «lankidetza aro berri bat» zabaldu dela.

Justizia eta Giza Eskubideetako Saileko eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko arduradunak, gaur. EUSKO JAURLARITZA
Justizia eta Giza Eskubideetako Saileko eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroko arduradunak, gaur. EUSKO JAURLARITZA
xabier martin
2024ko urriaren 2a
15:00
Entzun

Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua aro berri batean sartu da, EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzarako itunean adostu ondoren Justizia eta Giza Eskubideetako Saila sozialisten esku geratuko zela. Maria Jesus San Jose sailburuak garbi utzi du Gogora institutuak beste norabide bat hartu behar duela, «biktimarioen alorra gehiago» jorratuz. Gaur, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekin elkartu da Memoriaren Institutuko ordezkari gisa, eta, ziurtatu duenez, asko dira «partekatzen dituzten guneak, erakunde bakoitzak bere ikuspegitik» jorratzen duen espazioaren barruan. Erantsi du «oraintsuko memoriari dagokionez ikerketa ildo bateratuak irekitzeko aukera» ere aztertzen ari direla.

Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak polemika politiko handia eragin du 2021ean abiarazi zutenez geroztik. EH Bilduk oso argi azaldu du «ikuspegi partziala» sustatzen duela, eta ez dela aritzen «bakea eta bizikidetza demokratikoa» eraikitzeko asmoz. Fundazio horrek Gasteizen duen museoak Francoren gobernuko presidente eta armadako almirante Luis Carrero Blanco gogoratzen du, esaterako, baina baita Meliton Manzanas torturatzaile eta Gestapoko kolaboratzailea ere, hura polizia soil baten moduan aurkeztuta. Halaber, memoriaren zentro horrek ez ditu gogoratzen Martxoaren 3ko biktimak.

San Jose sailburuak ez du esan ekintza horien inguruko zuzenketarik eskatu dienik zentroko ordezkariei. Aitzitik, Gogora-ko arduradun goren gisa, azaldu du Oroimenezko Zentrora bisita egin duela «Gogora gizartera ireki eta zubiak eraikitzeko sinergiak sortzeko eta erredundantzia azalezinak saihesteko».

Madril, «oso pozik»

Euskal Autonomia Erkidegoko Espainiako gobernu ordezkari Marisol Garmendiak, berriz, adierazi du «lankidetza aro berri bat zabaldu» dela Gogora-ren eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean, «ezinbestekoa dena». «Espainiako Gobernua oso pozik dago lan horretan lagundu ahal dugulako, ahalegina partekatzeko, eta bide beretik ibiltzeko». Eta gaineratu du azken helburua dela «memoria kritikoa eta ahalik eta partekatuena berreskuratzea, baina ez ahaztuz, baizik eta baloratuz, bizitako sufrimendu guztia baloratuz, eta adiskidetzean eta normalizazio demokratikoan jarritako itxaropena baloratuz».

Erakunde bietako ordezkariek uste dute Gogora-k eta Zentroak «lan pedagogikoa» egin behar dutela, eta «batera egin beharreko bidean batu» egin behar dutela. Aurreko legealdira arte, EAJren esku egon da Gogora institutua, eta legealdi berria hasi denetik PSE eskuzabal ibili da orain arteko kudeaketaren kritikan. Bada, gaur ere, Garmendiak ziurtatu du «orain arte egon ez den erabateko lankidetza etapa bat» abiatu dezaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.