Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskubide urraketen aurrean gogoeta egin eta guztiak gogora ekartzea. Xede hori du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak aste honetako bilkuran beharrezko dekretuak eta neurriak onartu ondoren, atzo egin zuten erakundearen aurkezpena, Bilbon, Artxibategi Historikoan. Bertan izango du egoitza, eta uztailaren 1ean hasiko dira lanean. Inaugurazio ofiziala, berriz, azaroaren 10ean egingo dutela adierazi du Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak aurkezpen agerraldian. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria izango da institutuaren presidentea, eta Aintzane Ezenarro zuzendaria. Urte hau amaitu bitartean, 550.000 euroko aurrekontua izango duela iragarri du Fernandezek.
Ezenarrok adierazi du «bakean eta giza eskubideetan oinarritutako etorkizuna» eraikitzen laguntzea duela helburu nagusi, eta «memoriaren gaineko begirada partekatu eta kritiko» baten bidez egingo dutela lan. Horregatik hautatu dute, hain zuzen, irudi publikoa. «Gogora ekartzearen» lana izango du, eta horregatik aukeratu dute Gogora hitzainstitutuaren logotipo eta erakundearen izendapen labur gisa.
Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu da institutua, eta hori da Ezenarrok agerraldian behin eta berriz nabarmendu duena. Adierazi du sorrera ahalbidetu zuen legeak adostasun zabala erdietsi zuela, eta sentsibilitate politiko ezberdinak proiektu beraren barruan elkartzea lortu duela. «Legegintzaldi honetan adostasun zabalena izan duen lege baten fruitua da. Elkarrizketaren, lankidetzaren eta akordioaren bidez lortu da institutua eraikitzea, eta aurrerantzean ere norabide horretan egingo dugu lan».
Adostasuna da proiektuak duen indargune nagusia, institutuko zuzendariaren arabera, eta elkarrekin jarduteko borondate horri erantzungo dio Gogorak. «Memoria modu partekatuan eta ikuspegi pluraletik eta integratzailetik gordetzea da gizarte honi eta etorkizunari egin diezaiokegun ekarpenik garrantzitsuena. Bizikidetza duinagoa, justuagoa eta libreagoa lortze bidean eman daitekeen zerbitzurik onena da hori», esan du Ezenarrok.
Memoriaren mugak
Baina mugak ditu memoriak, Ezenarroren arabera. Haietako bi nabarmendu zituen Gogorako zuzendari berriak. Bat: memoria ezin da erabili inolako biktimak baztertzeko. Eta bi: memoria ezin da erabili «desberdinak» diren gertaerak berdinak balira bezala lantzeko. Azaldu zuen ezberdinak diren gertakariek «analisiespezifiko zehatza» behar dutela. Eta, ondorioz, ezin direla eraberean jorratu.
Esaldi labur batean laburbildu zituen bi ideia horiek: «Ez baztertu inor, eta ez berdindu gertaera desberdinak». Halaber, haren aburuz, «memoria ezin da erabili inolako terrorismorik legitimatzeko, ezta eskubide urraketak bidezkotzat jotzeko ere».
Datorren asteazkenetik aurrera hasiko dira lanean, eta datozen hilabeteetan egoitza izango duen Bilboko Artxibategi Historikoa atontzea eta hornitzea izango dute eginkizun nagusia. Irekiera ofiziala, Memoriaren Egunean egingo dute —azaroaren 10ean—. Zuzendariaz gain, sei laguneko lantalde bat edukiko du, hasiera batean behintzat. Epe ertainean hamabi langile izatea da asmoa.
Memoriaren politika publikoa koordinatzeko lana izango du institutuak, Fernandezen esanetan: «Oroimena, zaintza, ikerketa, prestakuntza, integrazioa eta kontsulta funtzioak bilduko ditu institutuak». Norabide horretan, hiru lan arlo izatea proposatu du Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak. Kudeaketa zerbitzua egitea, batetik. Ikerketa eta artxibo zerbitzua eskaintzea, bestetik. Eta, azkenik, memoriaren alorrean dauden baliabideak jendarteratzeko lanak egitea. Hedapen horretan aipatu ditu gaia lantzeko etorkizunean egin daitezkeen erakusketa puntualak, museoa eraikitzekoproiektua eta arlo pedagogikoan egin daitezkeen lanak, besteak beste.
Fernandezek atzo egindako lan proposamen hori aztertu beharko du Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak. Datozen hilabeteetan izango da hori.
Gogora sortu, gogora ekartzeko
Asteazkenetik aurrera hasiko da lanean Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua.Bilboko Artxibategi Historikoa izango da erakundearen egoitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu