Gogora institutuak datozen urteetarako jardunaldi plana onartu du. 2021-2024 urteen artean, aurreko aldiko lan ildoak «sendotzea» jarri dute helburutzat, betiere, «etorkizunerako memoria partekatua eraikitzeko oinarriak ezarri ahalko dituen hausnarketa eta eztabaida prozesua sustatuz». Gaur egin du bilera Gogorako zuzendaritzak, Bilbon. Bertan izan dira Iñigo Urukullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Bertan adostu dutenez, hiru proiektu aurrera eramango dituzte datozen lau urteetan. Batetik, Bilbon Gogoragunea izeneko erakusteka espazioa sortu nahi dute. Bestetik, Gasteizen 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren biktimak oroitzeko memoriala egin nahi dute. Azkenik, Gernikako (Bizkaia) Museoa berritzea adostu dute. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, «zentro horiek bizikidetzarako memoriaren zerbitzura dauden espazio bizi gisa sortu dira».
Bestalde, Gogora institutuak EITBrekin daukan hitzarmena berritu dute. «Akordio honen helburua da printzipio eta balio demokratikoen defentsaren memoria gordetzea eta zabaltzea, ondare kolektiboa dela ulertuta».