Koronabirusa

Gogaituta, kezkatuta, triste

Deustobarometro ikerketa soziologikoaren arabera, handitu da pandemiari buruzko kezka herritarren artean. Emakumeek gehiago nozitzen dituzte krisiaren ondorio ekonomikoak

Iratxe Aristegi, Braulio Gomez eta Maria Silvestre, Deustuko Unibertsitatean, atzo. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak «gogaiturik» daude COVID-19aren ondorioz sorturiko egoera dela eta; kezka, tristura eta amorru sentimenduek gora egin dute azken sei hilabeteetan. Koronabirusa da herritarren ardura nagusia, eta gehienek uste dute pandemiak eragin ekonomiko negatiboak ekarriko dizkiela. Hori ondorioztatzen da Deustuko Unibertsitateko ikerlariek egindako Deustobarometro azterketaren datuen argitara, eta, aurreikus zitezkeen ondorioak diren arren, argiro erakusten dute nekea pilatzen ari dela herritarren sorbaldetan.

Maria Silvestre, Braulio Gomez eta Iratxe Aristegi ikerlariek eman dute azterketaren berri. Urtean birritan egiten da Deustobarometroa: aurreko txostenak maiatzean egindako galdeketen ondorioak biltzen zituen, eta oraingoak, berriz, azarokoak; emaitzetan nabaria da sei hilabete hauetan joera batzuk areagotu direla.

«Herritarren gogo aldarteak okerrera egin du», azaldu du Aristegik. «Jendea oso gogaituta dago, eta kezka, tristura eta amorru sentimenduek gora egin dute azken sei hilabeteetan».

Galdekatutakoen %74,2k erantzun dute «gogaiturik» sentitzen direla. «Kezkaturik», berriz, %70,8 daude; duela sei hilabete %64,9 ziren. Izan ere, koronabirusa da herritarren kezka nagusia: hala adierazi dute galdekatutakoen %64k. Sei hilabetean, bi puntu hazi da koronabirusa lehenengo kezkatzat dutenen multzoa. Bigarren kezka, berriz, pandemiaren ondorio ekonomikoei buruzkoa da (%38).

Pandemiak herritarren egoera ekonomikoari eraso egin dio bereziki. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %54k diote koronabirusak eragin negatiboa izan duela beren etxeko ekonomian. Langabeen artean, lana aurkitzeko itxaropena «mailarik apalenean» dago azken krisi ekonomikotik: %17k baino ez dute pentsatzen datozen sei hilabeteetan lana topatuko dutela.

Inkestaren arabera, herritarren %23k behar zituzten oinetako eta jantziak erosteari uko egin behar izan diote, %20k janaria erostera bideratutako dirua murriztu behar izan dute, eta %8k dirua eskatu diete lagun edo senitartekoei. Maria Silvestrek esan duenez, generoak badu eragin handia krisiaren ondorio horietan: «Emakumeak gehiago pairatzen ari dira krisiaren ondorioak, eta gehiago murriztu behar izan dituzte gastuak».

Hiru probintzietako herritarrek ez dute ontzat jotzen erakundeek pandemiari emandako erantzuna: ez Jaurlaritzarena, eta are gutxiago Espainiako Gobernuarena. Jaurlaritzak ez du inongo adierazletan gainditzerik lortzen. 0tik 10erako puntuazioan, herritarrek 4,9 ematen diote Jaurlaritzaren eraginkortasunari, 4,5 diru publikoaren kudeaketari, eta 4,3 gardentasunari. Espainiako Gobernuak are emaitza kaskarragoak ditu arlo guztietan.

Osasun zerbitzuez kezka

Oraindik ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek oso iritzi ona dute euren osasun zerbitzuez: osasun arta da herritarrek hobekien baloratzen duten zerbitzua, hezkuntzaren, garraiobideen edo gizarte zerbitzuen gainetik. Hala ere, asko jaitsi da herritarrek horretaz duten uste ona. Duela sei hilabete,inoizko mailarik onenean egon zen Deustobarometroa egiten hasi zirenetik, herritarrek 0tik 10era 7ko puntuazioa eman baitzioten osasun zerbitzuari. Orain, berriz, puntuazioa 5,9koa izan da. Hipotesi gisa, azterketaren egileek esan dute pandemiak osasun zerbitzuan eragindako higadura, adibidez lehen arreta normaltasunez ezin eskaintzea, egon daitekeela herritarren iritziaren aldaketa horren atzean.

Antzeko zerbait esan daiteke garraio publikoaz. Herritarrek iritzi ona izan dute beti zerbitzu honen inguruan, baina hari emandako puntuazioa 6,5aren jiran zegoen duela sei hilabete, baina 5,3koa da orain. Beharbada, horrek zerikusia izan dezake pandemia garaian garraio publikoak ugaldu ez izanarekin: garraio publikoetan sartzen den jende kopurua kontrolatzea da herritarrek gehien eskatzen duten neurria %72,9k eskatzen dute hori, eta herritarren %7 baino ez dira seguru sentitzen garraio publikoetan.

Herritarrek, oro har, uste dute arduraz jokatzen ari direla pandemiaren aurrean: euren buruari 8,5eko puntuazioa ematen diote arau eta gomendioak betetzeari dagokionez. Hala ere, deigarria da txertoaren inguruan dagoen iritzia: herritarren %40,7k adierazi dute txertoa jarriko dutela «zalantzarik gabe edo zalantzaren batekin», eta beste horrenbeste dira oraingoz nahiago dutenak itxarotea txertoa jarri aurretik, %40,5. Galdekatuen %9,9k, berriz, argi eta garbi esan dute ez dutela txertoa jartzeko inolako asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.