Hauteskunde ondorena

Gobernurako ituna egin dute

Arratsaldeko 17:00etatik bost ordu baino gehiagoz bildu dira PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa, gobernuaren egiturari, funtzionamenduaren irizpideei eta programari azken ukituak emateko

Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazio mahaia atzo arratsaldean, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernurako akordioa erdietsi dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. 22:00ak pasatxo zirenean iragarri zuten akordioa. Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako kideak eman zituen lehen azalpenetan esan zuen akordioari buruzko xehetasunak gaur goizean jakinaraziko dituztela. Ondoren Uxue Barkosek hartu zuen hitza Geroa Bairen izenean. Esan zuen hauteskunde emaitzak ikusita ez zutela ez proportzionaltasunik ez akordiorako oinarririk ikusi PSNren lehen proposamenean. Geroa Baik «tinko» negoziatu duela esan zuen, eta onartu, alderdi guztiek eman dutela bere aldetik. Berretsi du Osasun Departamentua hartuko dutela, eta akordiorako korapiloetako bat horixe izan dela, hain zuzen: aurrekontuetan ere Osasun Departamenturako konpromiso hori islatzea.

Eguna bilera luzeen katea izan zen. Goizean Geroa Baiko Batzorde Iraunkorrak negoziazioen ordura arteko bilakaera aztertu zuen lau orduz. Haren erabakiaren zain zeuden irrikan PSN eta Zurekin Nafarroa, eta arratsaldeko 17:00etan bilerara deitu zuen Geroa Baik Parlamentuan. 22:00ak pasatxo irten ziren esatera akordioa egin zutela Nafarroako Gobernurako.

Azken egunetan Geroa Baik bereganatu du ikusmin mediatiko eta atzo goizean goizetik komunikabideen fokuak alderdiaren Iruñeko egoitzara zuzendurik zeuden. Hurrengo orduak erabakigarriak izango zirela jakinik, koalizioak ondo zaindu zuen kanpora zabaldu beharreko mezua. Ez zuen bere jarrerari buruzko hitz erdirik esan. Haien arteko bilkuraren iraupen luzeak iragartzen zuen barne eztabaida zegoela, eta arratsaldeko bilerari begirako prestaketatan zebiltzala ere bai.

Ramon Alzorrizek hartu zuen hitza PSNren izenean. «Indarrak batu ditugu eskuin muturra oposizioan uzteko», esan zuen, lehen hitzartzean. «Aseta eta gustura» daude erdietsi duten itunarekin, eta Maria Txibite berriz ere lehendakari izango delako. EH Bilduren hanka ere behar dela ekarri zuen gogora. Gobernu aurrerakoi bat iragarri zuen, eta hori lehenbailehen izan dadin nahi dute, «epeetan eta formetan arauaren barruan gaude».

Goizeko bilera

10:00etan hasi zen Geroa Bairen bilera, eta, 12:30ean, EAJko kide batzuek bilera utzi zuten. Maria Solanak, Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidenteak eta Mikel Irujo Garapen Ekonomikoko jarduneko kontseilariak ez zuten adierazpenik egin nahi izan. Ondoren, Geroa Bairen egoitzan sartu ziren Javier Dominguez Barkosen gobernuko Osasun kontseilari ohia, Patxi Leuza Iruñeko zinegotzi ohia eta Ana Ansa parlamentari ohia. Dominguezen presentziak aurreratzen du hurrengo Osasun kontseilaria izateko hautagai nagusia dela.

Jeltzaleen presentziarik gabe, beste bazkide den Geroa Sozialberdeak alderdiko kideak beste bi orduz izan ziren bilduta. Ez zuten bilkurari buruzko xehetasunik eman. Geroa Bai koalizioaren barne antolamenduaren arabera, Batzorde Iraunkorra alderdiaren organo gorena da, eta, zuzendaritza talde moduan aritzen da eguneroko erabakiak hartzen. Koalizioaren egiturari buruzko aldaketak aho batez hartu behar dira, eta gainerakoak, gehiengo osoz. Haatik, EAJk edo Geroa Sozialberdeek hala erabakitzen dutenean, botoen bi heren behar dituzte.

Pentsatzekoa da, hain gai garrantzitsua izaki, Nafarroako Gobernuaren inguruko erabakiak Batzorde Iraunkorreko hiru kidetik biren babesa beharko lukeela. Berez, alderdiek ostegunean militantziari galdetu zioten negoziazioen nondik norakoez eta azken proposamenaz, eta, ondorioz, oinarrien iritzia bildu zuten. Haatik, barne eztabaidaren xehetasunik ez zuten eman.

PSNren azken proposamenean jaso zenez, Geroa Baik lau departamentu izango lituzke: Osasuna, Garapen Ekonomikoa, Herritarrekiko Harremanak eta Landa Garapena eta Ingurumena. Aurreko legealdiarekin alderatuta, Etxebizitza galduko luke, eta Zurekin Nafarroaren eskuetan geratuko litzateke. Geroa Baik uste du departamentu horretan lan handia egin dutela, Etxebizitzaren foru legea aurrera atera duelako. Dena den, negoziazioen hasieratik nabarmendu zuten egungo ordezkaritzari eustea zela euren helburua, eta PSNren proposamenak kontuan hartu zuen hori.

Arratsaldeko bilera

Arratsaldeko bilkuran, egituraren proposamena izan zuten oinarri. PSNren negoziazio taldean Ramon Alzorriz, Ainhoa Unzu eta Jorge Agirre izan ziren; Zurekin Nafarroaren izenean, Begoña Alfaro (Ahal Dugu), Carlos Guzman (Nafarroako Ezker Batua) eta Iñigo Rudi (Batzarre); Geroa Bairen kasuan, Uxue Barkos, Unai Hualde, Maria Solana eta Pablo Azkona joan ziren. Berritasunetako bat hain justu, Barkos izan zen. Lesio larria izan zuen ekainaren erdialdera eta osatzen egon da asteotan. Bilkuraren garrantzia ikusirik, bertan izan zen, makuluekin.

Iragan astean PSNk mahai gaineratutako dokumentuari bere ekarpenak egin zizkion Geroa Baik, eta haiek aztergai izan zituzten. 18:30 aldera, lehen atsedena hartu zuten, 20:00etan beste bat eta hirugarrena 21:00etan.Korapilorik trinkoenak, bukaerarako utzi zituzten. Dena den, guztien borondate tinkoa zen mahaitik ez altxatzea hitzarmena lortu arte.

Negoziazioen hasieratik Geroa Baik bere kezka adierazi du gobernuaren funtzionamenduaz, eta zalantzarik gabe gai hori mahai gainean egon da. Iragan legealdian, koordinazioak arazo franko eragin zituen, eta iritzi publikoari zatiketa ez adierazteko, bere tonua asko zaindu behar izan zuen; adibidez, euskara planen atzerapenean.

Esperientzia horrek pisu handia izan du negoziazioetan, hasieratik. Korapiloetako bat hurrengo lau urteetan garatu beharreko gaietan dago. Atzoko bilera hasi aurretik akordio programatikoa itxi gabe zegoen. Nahiz eta orain arte ez den plazaratu edukia, falta zen euren arteko desadostasunak zerrendatzea. Zurekin Nafarroak ontzat jo zuen iragan astean PSNk mahai gainean jarritako azken proposamena baina Geroa Baik zehaztu zuen oraindik hutsuneak zeudela.

Koalizioaren arabera, desadostasunak ezin dira gehiegizkoak izan, bestela akordioa oztopatu dezakeelako. Iragan astean Maria Solanak argi utzi zuen euren artean jarduteko «arau zorrotzagoak eta eraginkorragoak» nahi dituztela, orain hitzartzen dena ondorengo lau urteetan betetzen dela benetan bermatu dadin, eta PSNk gobernu kontseiluan bere gehiengoa baliatu ez dezan interesatzen ez zaizkion gaiak oztopatzeko edo atzeratzeko. Hala, kontrol mekanismoek eta bermeek eragin dute negoziazioetako azken bilkuraren zailtasun handiena.

Inbestidura noiz

Dena den, oraindik pauso asko daude emateko. Lehenik eta behin, Unai Hualde parlamentuko presidenteak taldeetako eledunak deitu behar ditu hautagaien artean nahikoa babes biltzen duen inor baden aztertzeko. Bi egunetan egin ohi da, baina egun bakarrean egin nahiko luke tramite hori. Ondoren, parlamentuko araudiaren arabera, gutxienez hiru egun pasatu behar dira osoko bilkura egin aurretik. Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak erabaki dezake epeak azkartzea , baina horretarako talde guztiek aho batez hartu behar dute erabakia.

Inbestidurarako egutegia egiterakoan, gainera, kontuan hartu behar da abuztuaren 12a larunbata dela, asteartea jaieguna dela eta ostegunean Espainiako Kongresuko Mahaia osatuko dela. Gainera, EH BIlduko militantziak zer boto eman erabaki beharko du, Txibiteren inbestidura ahalbidetzeko. Blokeo egoera zegoenean baiezko botoa aztertzeko prest agertu baziren ere, litekeena da abstentzioaren alde egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.