Mugako kontrola. Rosa Arburua. Historia ikerlaria

«Gobernuen erantzuna bera da 1970ean eta orain»

1960ko eta 1970eko urteetan Nafarroatik eta Gipuzkoatik Lapurdira igarotako portugesen migrazioa ikertu zuen Arburuak. Antzekotasun ugari atzeman ditu gaur egungo egoerarekin.

GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Hondarribia
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
«Tristurak» hartu zuen portugaldarren migrazioa ikertu zuenean, eta tristuraz dago orain ere Rosa Arburua Pedagogian doktore, EHUko irakasle eta historia ikerlaria (Irun, Gipuzkoa, 1961). Bidasoan hildako Abdulaye Koulibaly gazte ginearraren heriotzak gogora ekarri dio 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hildako portugaldarrena: «Behin eta berriz gertatzen den historia bat da».

Hondarribian (Gipuzkoa) elkartu da BERRIArekin, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuan, hain justu. Pare-parean ikusten da Hendaia (Lapurdi): hain hurbil eta hain urrun.

Ibai lasaia dirudi Bidasoak...

Baina ez da. Beti erran didate kontrabandista ohiek: Bidasoa ezagutu behar zela. Ematen du toki batzuetan erraza dela, beste aldera pasatzeko distantzia guti dagoela, eta hala izaten da, baina barnean zurrunbiloak izaten ditu. Bidasoa ezagutzen zuten kontrabandistei ere gertatzen zitzaien: zaldiak-eta kontrabandoz pasatzen zituztenean lotuta eramaten zituzten.

1960ko eta 1970eko hamarkadetako portugesen migrazioa ikertu zenuen [Euskal Herriko mugaz gaineko portugaldarren pasa, 2012]. Orain gertatu denak zer antzekotasun du?

Zerikusi handia dute. Oraingo migranteek mugaz gaineko pasatze hori egin nahi dute, garaiko portugaldarrek ere bai, eta zergatiak berdintsuak dira: garai hartan portugaldarrek miseriatik ihes egiteko pasatu nahi zuten, eta gerrara ez joateko, eta, kasu hauetan, Siriatik gerratik ihes egiteko asmotan daude, eta beste tokietatik miseria gorritik. Barrenean dagoena berdin-berdina da, eta gobernuen erantzuna ere bera da 1970ean eta orain. Badirudi ez dutela ikasten, edo berdin zaiela. Haiek dira zerbait egin dezaketenak, eta besteok, lagundu-edo. Eta anitz da: horretan ere Euskal Herrian eta muga inguruan izan da pertsona populazio baten laguntza, bai portugaldarrekin eta baita orain ere. Gizarte baten porrota dela diote, baina porrota haiena da: agintariena.

Aurten bi pertsona hil dira... Zure lanean aipatzen duzu portuges ugari hil zirela Bidasoan.

Bai, eta ez bakarrik Bidasoan: mendian ere bai, hemen Higer aldean ere, Hondarribia aldean... Comete sarearekin ere izan zen: abiadoreak-eta pasatzen zituzten; gainera, justu San Miguel aldetik gurutzatu behar zuten ibaia, eta bat hil zen. Bidasoan ere izan ziren kontrabandista oso gazte batzuk, bi beratar, 17 eta 23 urtekoak, han itotakoak, 1955 inguruan. Hiru ziren, idiak pasatzen zituzten kontrabandoz, alto eman zieten, eta beren burua bota zuten Bidasoara: bik ez zekiten igerian, eta ito egin ziren.

Portugaldarren inguruan datu saltsa dago...

Ni egon nintzen Beran eta Hondarribian begiratzen. Irunen ezin izan nuen: ez zidaten baimenik eman. Hondarribiko jendeak beti erran izan dit gorpu aunitz harrapatzen zituztela, baina aunitz hori zer den bakoitzarentzat... ez dago kontabilizatuta. Hemen daukat Hondarribian aurkiturikoen zerrenda: gizon bat, 1933an jaioa, izena ere badago, ezkondua, itota hila, aireportu aldean topatu zuten; faro inguruan beste bat, 40 urtekoa; Puntala aldean identifikatu gabeko pertsona bat, itota; beste bat 25 urtekoa, Higer aldean; Jaitzubian beste bat, itoa; beste batzuk 29, 34 eta 41 urtekoak...

Lehenago ere, 1918an, 28 lagun espainiar: barku istripu bat izan zuten hemen, eta ito egin ziren. Azpimarratu nahi dut ez dela portugaldarren kontua: lehenagotik ere baziren. Amorrazioa ematen dit: jende batzuek nahi izatea lan egin, eta manera hauetan ibili behar izatea.

Behin eta berriz gertatzen den historia da?

Bai: behin eta berriro gertatzen da. Eta pertsona horiek pertsonak dira, familia daukate, eta eskubidea dute beren bizia egiteko.

Portugesenean aipatzen den bertze kontu bat da batzuek etekina atera zutela. Gaur ere gertatzen da egoeraz aprobetxatzea?

Aprobetxatu hitza... Badakit polemikoa izan daitekeela erran behar dudana, baina denetarik dago. Portugaldarrak pasatzen zituztenak kontrabandistak ziren, eta aprobetxatu zutena izan zen aukera: momentu batean egin zen bezala puntillaren kontrabandoa, errodamenduena, penizilinarena, gero aukera izan zen jendea pasatzearena. Errepublikanoak ere pasatu izan ziren, baina kuriosoa da, horien kasuan ez baita mafiez hitz egiten.

Batzuk gaizki aritu ziren, halere, ez?

Bai, bai, izan zen, eta salatzen dut. Herrietan, lehenagokoek, denek dakite nork egin zuen lana behar zen bezala eta nork ez. Baina portugaldar batek erraiten zidan lehenengo saiakera bere kabuz egin zuela, eta harrapatu zutela Beran. Gero, atzera Portugalera bidali zuten, eta hurrengoan profesionalak bilatu zituen. Erraiten zidan: «Nire bizitzan egin dudan inbertsiorik onena». Ongi atera zitzaion, eta pasatzaileak behar zen bezalakoak ziren. Izan ziren hala ez zirenak ere: portugaldarrek bazekiten zubi bat pasatu behar zutela, eta batzuek Donostian erraiten zieten, Maria Cristinako zubian: «Zubia pasatu, eta hura Frantzia da». Lesakako zubian ere bai... Eta izan ziren gertaera oso gogorrak ere: baten bat joa, baten bat seguruenik eraila...

Bide seguruak egonen balira ez zen horrelakorik pasatuko?

Messi nongoa da? Eta guri ere zer gertatzen zaigu? Orain txertoa eta PCRa, baina gu joan gaitezke hor barrena trankilki: haiek ez. Ez du inolako zentzurik. Baina ez zait iruditzen borondaterik dagoenik moldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.