Urte luzez politikaren lehen lerrotik aldenduta egon ondotik, duela lau urte Espainiako Kongresuko diputatu aukeratu zutenIñaki Ruiz de Pinedo (Gasteiz, 1954). Pozik dago EH Bilduk azken legealdian egindako lanarekin, baina uste du «asko» dagoela egitekooraindik, eta «gogotsu» hartu du koalizioak berriro bere aldeko apustua egin izana.
EH Bilduk berriro egin du zure aldeko hautua Arabako zerrendaburu izateko. Nola hartu duzu?
Ez nuen espero, erretiroa hartzeko garaia zela uste bainuen, baina gogotsu nago. Koalizioari esana nion prest nengoela laguntzeko, nirekin kontatu zezakeela behar izanez gero. Eskatu didatenean, behartuta ikusi dut neure burua, emandako hitza bete nahi dut eta. Momentu interesgarria eta inportantea da Euskal Herrian, eta oso zirraragarria da ikustea zer aldaketa sozial eta politiko lortu diren EH Bilduren eskutik.
Nolakoa izan da legealdia?
Duela lau urte, gure helburua izan zen Pedro Sanchezek Ciudadanosekin gobernurik egitea eragoztea, eta lortu genuen. Bazegoen PSOEren barruan sektore bat itun horren alde egin nahi zuena, baina ezkerreko subiranistok eskaintza bat jarri genuen mahai gainean, eta bide bat irekitzea lortu. Sektore progresistak lehen lerroan jarri gara, eta erakutsi dugu aliatuak izan gaitezkeela. Bide bat ireki dugu, eta jorratzen jarraitu nahi dugu.
Barrutik kanpotik ikusi den bezain zakarra izan da Kongresuko giroa?
Bai. Voxeko diputatuak gure eserlekuetatik gertu eserita daude, eta, gutako edozeinek hitza hartzen duenean, gure aurkako irainak botatzen hasten dira: «Terroristak», «kabroiak»... Horiek gizonoi esaten dizkigute, baina emakumeei «puta», «zikina» eta gisakoak. Telebistan ez dituzte halakoak ateratzen, mikrofonoek ez dituztelako jasotzen, baina guk entzuten ditugu. Hori da matxismoa, bere gordinean. Ultraeskuinaren azpijoko bat da, tentsioa sortzeko. Kongresuko giroa nolakoa den azaltzeko modurik deskriptiboena da hori.
EH Bilduk bete ditu duela lau urte ezarritako helburuak?
Denak ez, baina oso pozik gaude lortutakoarekin. Gure helburua zen gobernuaren norabidea aldatzea, eta lortu dugu biraketa txiki bat egitea. Adostutako neurri sozialak ez dira murriztaileak izan, eta hori aurrerapauso bat da; azken 30 urteetan lehen aldiz gertatu da hori. Neurri progresistak hartu dira, nahiz eta ez diren izan guk nahi genituen adina. Pentsioetan, etxebizitzan edota haurtzaroan eta familian urratsak egin dira, baina osasungintzan, Enplegu Legean edota mozal legearen erreforman ez dugu lortu nahi genuena. Orokorrean, baina, bide bat irekitzea lortu dugu. Petroliontzi baten norabidea ez da bat-batean aldatzen: kilometro batzuk lehenago maniobratzen hasi beharra dago. Asko falta da oraindik.
Sanchezen gobernuak zertan asmatu du, eta zertan egin du kale?
Asmatu du gizarte alorrean neurriak hartzen eta norabidea aldatzen, baina oso motz geratu da. Kale egin du, adibidez, ezkerreko indar subiranistekiko elkarlanean, ez baitu harreman horretan sakondu nahi izan. Ez du lortueskumak ezarritako markoarekin apurtzea. Besteak beste, lurralde ereduan ez du elkarrizketarik abiatu bestelako esparruak bilatzeko. Bide hori jorratu nahi dugu datozen lau urteetan.
Lurraldetasunari buruzko eztabaida oharkabean pasatu dela uste duzu?
Egia da eskuinaren presioa oso handia izan dela, eta pandemiak ere asko baldintzatu duela legealdia. Baina egia da, halaber, Sanchezi ausardia falta izan zaiola lurraldetasunaren auziari heltzeko.
Legealdi honetan zintzilik geratu diren lege edo neurrien artean, zein berreskuratuko zenuke lehentasunez?
Gizarte Segurantzaren eskumena lortzea lehentasunezkoada guretzat, eta estatu plurinazionalari erantzuteko esparru bat definitzen hastea ere bai.
Aritmetikak ematen badu, EH Bilduk Sanchez babestuko du presidente izateko?
PP eta Vox gobernura ez iristea da gure helburua, eta, hori lortzeko, prest gaude duela lau urte egin genuena errepikatzeko.
Zer dago jokoan hauteskunde hauetan?
Kezkatzen gaitu PP eta Vox gobernura iristeak, lortutako eskubide guztietan atzera egingo baitugu. Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerreko subiranistek batuta egin behar diogu aurre eskuinari. Eta gure helburua argia da: ezkerreko gobernu bat eratuz gero, haren politiketan eragin nahi dugu.
ERCrekin batera aurkeztu zarete Senatura. Naziorik gabeko bi herrien aldarrikapenei indarra emateko modu bat da?
Ezker subiranistaren indarra eta eragina sendotu nahi dugu. Uste dugu EH Bildu eta ERC elkarrekin aurkeztuz gero, bide gehiago irekiko direla. Euskal Herriari eta Kataluniari begira ez ezik, estatuari begira ere garrantzitsua da bi alderdiok batera aurkeztea.
Udal eta foru hauteskundeetan emaitza onak lortu zituen EH Bilduk. Olatu horren aparren gainean iritsiko dira Espainiakoak. Zer sumatzen duzu kalean?
Uste genuen kosta egingo zitzaigula jendea mobilizatzea, baina ezustea hartu dugu: herrietan eta auzoetan erantzun itzela ikusten ari gara. Herriz herri ibili naiz, eta jendea ilusio handiarekin ari dela sumatu dut. Publizitatea banatzen ari diren EH Bilduko kideek diote harrera oso ona ari direla izaten. Bestalde, hedabide hegemonikoak oldarkor ari dira gurekin, eta hori lanean jarraitzeko akuilu da guretzat; seinale ona da.
Hauteskundeak oso polarizatuta egongo dira. Kaltegarria izan daiteke EH Bildurentzat?
Arriskua hor dago. Hala ere, kanpainak aurrera egin ahala, gero eta gutxiago nabaritzen dugu hori, Sanchez-Feijoo arteko polarizazio horretan herritarrek ezberdin ikusten gaituztelako. Gu ezberdinak gara, helburu ezberdinak ditugu, eta hauteskunde hauetan gu ez gaude bakarrik gure ahotsa Madrilera eramateko, eragiteko baizik.
Kotizaziorik gabeko pentsioak %15 handitzea adostu zuen EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin. Pentsiodunek borrokan jarraitzen dute kalean. Oraindik lan asko dago egiteko?
Aurrerapauso gehiago emateko aukera dugu. Pentsioak ordaintzeko dirua nondik lortu, hori da eztabaidaren gakoa. Duela 50 urteko egiturarekin jarraitzen dugu, baina horrek porroteradarama Gizarte Segurantza. Hurrengo legealdian egitura hori aldatzea da gure erronka, eta etekinetatik dirua lortzea pentsioen sistema indartzeko. Gizarte Segurantzaren erreforma behar da, eta, noski, eskumen hori eskuratzea.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Iñaki Ruiz de Pinedo. EH Bilduren Arabako diputatugaia
«Gobernuaren norabidea biratzea lortu dugu»
EH Bilduren Arabako zerrendaburuaren ustez, koalizio subiranista gai izan da gobernuaren politiketan «eragiteko». Eskuinak geldiaraztea jarri du lehentasun gisa, lortutako eskubideetan atzera ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu