Maiatzaren 2tik greban dira Nafarroako haur eskoletako hezitzaileak, eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eskatu die bertan behera uzteko. Haren arabera, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera landutako proposamen bat helarazi diete greba antolatu dutenei, hau da, 0-3 plataformari. Abiapuntu egokia dela iritzi dio, eta horregatik testua «aintzat hartzea» galdegin die.
Komunikabideei adierazi die proposamenak aurrera eginez gero 0-3 urtekoen haur eskolen aurrekontua %27 handituko litzatekeela legealdi hasieratik gaurdaino. Haren esanetan, akordio hori «irailean», hurrengo ikasturtearen hasieran, sar daiteke indarrean, «Nafarroako Gobernuak bermatzen baitu finantzaketa».
Gimenoren arabera, grebalariek kontuan hartu beharko lukete Nafarroako Gobernuak egin duen esfortzua. «Greba bertan behera uztea lagungarria izango litzateke lanerako, komunikaziorako eta adostasuna lortzeko». Haren irudiko, aurrekontu igoera «nabarmena» da, eta esfortzu handia egin du gobernuak: «Aintzat hartzen du orain geure gain har dezakeguna, eta aurrera egiten du legealdian egindako esfortzu horretan».
Hezkuntza kontseilariak gogoratu du 20.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familiei doakotasuna ziurtatu diela 0 eta 3 urte arteko zikloan. Era berean, udalei puntu bat jaitsi zaie haur eskolen finantzaketan egin beharreko ekarpenaren ehunekoa, %24raino.
Gainera, Hezkuntza Departamentuaren egiturari buruz aurki onartuko den foru dekretuan, Gizarte Eskubideen menpeko haur eskolak Hezkuntza Departamentuaren egituraren barruan sartuko dira lehen aldiz. Horrez gain, 0 eta 6 urte arteko zikloetan curriculum berri bat onartu da, eta lehen aldiz, beraz, 0-3 zikloa sartu da.
Gimenok zehaztu du dokumentu horren gainean negoziatzen jarraitu dezaketela, baina abiapuntu egokitzat jo du.
Orain, ikusteko dago 0-3 plataformak zer erantzungo dion gobernuaren eskaerari.