Frantziako, Euskal Herriko eta nazioarteko ehun lagunetik gora agertu dira Parisen Euskal Herriko gatazka konpontzearen alde: abokatu, mediku, apez, epaile, diputatu, senatari, psikologo, idazle, aktore... Orotara 110 lagunek izenpetu dute Paris Euskal Herriko Bakearen alde izeneko manifestua. Bertan, bertzeak bertze, Frantziako eta Espainiako gobernuei bakearen alde «zinez» engaia daitezela eskatu diete izenpetzaileek. Eta zehazki, presoen hurbilketa, gaixo larrien askatzea, biktimen aitortza eta ETAren armagabetzea bururaino eramatea azpimarratu dituzte eskakizunen artean.
Mukuru beteriko Victor Hugo gelaren aitzinean irakurri zuen atzo Serge Portelli epaile eta Versaillesko Dei Ganberako lehendakariak Parisen plazaraturiko manifestua, argi utziz hura ez zela bere kabuz eginiko adierazpena: «Izenpetzaile guzien izenean mintzatuko naiz». Aitzinetik, nazioarteko aditu ugarik hartu zuten hitza han bilduriko hirurehun lagun ingururen aitzinean, eta funtsean, manifestuan jorraturiko gaiez aritu ziren luze eta zabal: gatazkaz, biktimez eta presoez, bereziki, eta bertze herrialde batzuetako prozesuak ere adibide gisa hartuta. Portelliren hitzek eman zioten ondorioa egunekoari, eta haren solasak isiltasunean entzun ziren, baina txalo zaparrada artean borobildu zituen publikoak bukaerara iristerakoan. Patrick Bartholomew Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak itxaropen mezuarekin eman zion bukaera konferentziari.
Goiz osoa hartu zuen Euskal Herriko konponbidearen aldeko hitzaldi sortak, eta lasaitasun handiz iragan zen, oro har. Hizlariren batek edo bertzek eraginda —tartean, Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministroak berak— umorerako tarterik ere izan zen ekitaldian, eta nonahi ikusi ziren agurrak, esku emateak eta besarkadak. Finean, ezagutzak egin eta sarritan elkar ikusten ez duten pertsonentzako hitzordua ere izan baitzen atzoko konferentzia. Bake Bidea eta LDH Giza Eskubideen Ligako kideen helburuetariko bat bete zen, laburbilduz. Hau da, Ipar Euskal Herrian sentsibilitate anitzetako alderdi politiko eta eragileen artean konponbidearen alde lorturiko adostasuna Parisera eramatea. «Arrakasta eta parte hartze handia» izan zirela adierazi zuen, hain justu, Bake Bidea mugimenduak, pasatutakoaren balorazio gisa: «Arrakasta handia izan du, eta antolatzaileak oso kontent daude emaitzarekin».
Manifestuaren izenpetzaile guziak konferentzian presente ez egonagatik, publiko askotarikoa bildu zen atzo Asanblea Nazionaleko Victor Hugo gelan, bertzalde. Politikarien artean, erraterako, hor ziren Euskal Herriko eta Frantziako hainbat alderditako diputatuak, konferentziara joateko deia egin zutenak, preseski. Horien artean, nabarmentzekoak Jean Christophe Lagarde UDI alderdi zentristako burua eta Cecile Duflot, Jean-Marc Ayraulten bi gobernuetan ministro izandako diputatu ekologista. PS, Les Republicains eta ezkerreko erradikaletakoak ere baziren. Euskal Herritik babesa ematera etorritako jende ugari ere bai: batzuk aipatzeagatik, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakari ohia, Michel Larralde CFDT sindikatuko Euskal Herriko idazkaria, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria eta Aurore Martin ezker abertzaleko kidea. Ahantzi gabe nazioarteko sostengatzaileak —konferentzian bertan parte hartu zutenak—, tartean Brian Currin, Raymond Kendall eta Brandom Hamber zirela, erraterako.
«Esperantzaren hiriburu»
Frantziako eta Espainiako gobernuetako ordezkariek ez zuten parte hartu atzoko bakearen hitzorduan, baina haiei zuzendutakoak izan ziren nola konferentzia hala manifestua bera, ia erabat. «50 urteko sufrikarioaren» ondotik gatazka konpontzeko «sekula ezagutu ez den» testuingurua dela adierazi zuten, hain justu, atzo irakurritako manifestuan, eta horretarako bi gobernuak «zinez inplikatzeko» beharra nabarmendu zuten.
Aiete hartzen du abiapuntutzat testuak: izan ere, 2011ko urrian Donostian nazioarteko «sei liderrek» bost puntuko adierazpena aurkeztu zutenetik hiru urte baino gehiago igaro direla ohartarazten du, eta ordutik egindakoak dakartza gogora. Manifestuaren arabera, euskal gizarteak «usu eta masiboki» adierazi dio babesa «bakea erdiesteko ahaleginari» orduz geroztik, eta horren lekuko gisa ezartzen du, erraterako, Frantziako Euskal Herriko elkarrizketa taldea. «Bake prozesua bere onera iristeko» bermetzat du, bestalde, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egindako lana. Alderdien arteko elkarrizketa sustatzeko «betebeharra» du lehenak, eta bigarrenak, berriz, «ETAk bere armategia baliogabetzen eta zigilupean ezartzen jarraitzen zuela adierazi zuen», testuak dioenez.
Urrats horiek «euskal gizartearen sektore zabal baten nahia eta nazioartearen babes geroz eta handiagoa» duten arren, «aldebakartasunak» mugak dituela azpimarratzen dute, ordea, manifestuaren 110 izenpetzaileek: «Bakea, nahi ala ez, frantziar eta espainiar gobernuak gatazkaren konponbidean engaiatzearekin soilik helduko da».
Horiei egiten diete eskaera, beraz. Eta lau dira, orotara, zerrendatzen dituzten engaiamenduak: ETAri ere mintzo zaio lehenbizikoa, baina bertze guziak, Parisi eta Madrili. Tartean, presoak «hurbildu eta elkartzea, legearen baitako zigorren malgutzea eta eri direnen askatzea» nabarmentzen dituzte. Biktimei dagokienez, «aitortza, kalte-ordaina eta asistentzia» eskatzen dira. ETAren armagabetzea, bestalde, «burura» eramatea galdegiten diote erakundeari, eta Frantziako eta Espainiako gobernuei, hori «modu adostu eta kontrolatuan» eginen dela «bermatuko duen espazio egokia» proposatzeko deia.
Aietekoaren gisan Parisko manifestua ere «izpiritu eraikitzailean» egina izanik, itxaropen mezuarekin bukatzen da testua: «Euskal Herrian eta hortik kanpo bakearen alde dihardutenentzako, Paris esperantzaren hiriburu izendatzen dugu gaur».
Paristik Parisera, distantzia
Manifestua eta konferentzia bera itxaropen girokoak izanagatik, ezkor erantzun diete Madrilek eta Parisek. Paristik Parisera, izan ere, badago aldea, Asanblea Nazionaletik Eliseorako distantzia fisikoa laburra izan arren. Atzo arratsalderako iritsi ziren lehen oihartzunak: Frantziako Gobernuak adierazi zuen, bakearen aldeko manifestuari erantzunez, ez duela ETArekiko politika aldatuko. Alegia, erakundearen desarmatzea eta desegitea eskatuko dituela, Espainiako Gobernuak hartutako ildoari jarraiki, baldintzarik gabe.
Frantziak konferentziari emandako erantzuna txalotu egin du Espainiak. Hain justu, atzo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi zuenez, Parisen eskaturikoa «betikoa» da. Bertzeak bertze, salatu du «gatazka politiko» eta halako erranaldiak erabiltzen dituela adierazpenak, hots, «ETAk erabiltzen duen hizkera bera».
Parisko Bake Konferentzia. Adierazpena
«Gobernuak konponbidean engaiaturik soilik helduko da bakea»
Presoen hurbiltzea, biktimen aitortza eta ETAren armagabetzea bururaino eramatea galdegin dute 110 lagunek sinaturiko manifestuan. Ezkor erantzun du Frantziak, eta Espainiak haren jarrera txalotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu