Gobernuak ETArekin harremanetan jarri behar luke, Uriarteren ustez

Uriarte Donostiako gotzain emerituak dio ETAren «aro osoa» ixten lagunduko lukeela «kontakturen batek»

Erredakzioa
Bilbo
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Bake prozesuek porrot egin dezakete pazientzia gutxiko maximalismoengatik zein alde baten edo bestearen immobilismoarengatik». Hala dio Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak. ETAk 1998an egindako su-etenean erakunde armatuaren eta Espainiako Gobernuaren artean hartu-emanak errazteko lanean jardun zuen, eta kezkatuta dago gaur egungo egoeragatik. Blokeatuta ikusten du.

Gaur egun, ETAk nazioarteko bitartekaritza eta Espainiako Gobernuarekin «elkarrizketa zuzen edo zeharkakoren bat» nahiko lukeela iruditzen zaio. «Eta gobernuak ez du inolaz nahi», adierazi du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. «Baina nik uste dut nolabaiteko zeharkako harreman diskretu batek ETAren aro osoa ixten lagundu dezakeela, eta desegitea erraztu». Edozein modutan, erabilitako «formula» 1998koa baino «arinagoa» izango litzatekeela adierazi du. «Baina zerbait egoteak prozesua erraztuko luke».

Legeari begiratuta, ez dela zertan barkamenik eskatu ere adierazi du Uriartek. Baina, etikoki, egokia litzatekeela. «Beste batzuen giza eskubideak zapaldu dituzten guztiei» eskatu die barkamena eskatzeko. ETAri hitz egin dio bereziki, baina baita talde paramilitarrei eta «ETAri erantzutean neurriak gainditu dituzten» poliziei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.