Gobernuak dio Skolaek «berme osoa» duela Gorenak trabatuta ere

Espainiako auzitegiak ez du onartu Nafarroako Gobernuaren helegitea. Dekretu berri bat prest dute, forma akatsak zuzentzeko xedez. Skolaeren balioa goraipatu dute Navarra Sumak ez beste taldeek

Skolaeren aldeko elkarretaratzea, iaz, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren atarian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Bide malkartsua urratzen ari da hezkidetza Nafarroan. Iaz, Skolae programaren onarpena bertan behera utzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, tramitazioan akats bat zegoela argudiatuta. Orain, epai hura berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako helegitea atzera botata.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpidea bere egin du Gorenak: adierazi du programa, gai transbertsal bat izanik, «xedapen orokor gisa» tramitatu beharra zegoela, eta ez «ekimen administratibo» baten bidez. Ondorioz, auzibidearen kostua ordaindu beharra ezarri dio Nafarroako Gobernuari.

Hala ere, programa «normal» ematen segituko dutela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntza Departamentuko iturriek adierazi dutenez, Auzitegi Gorenak gobernuaren helegitea aintzat hartu ez izanak ez du eraginik izanen programaren ezarpenean, bi faktorerengatik: batetik, tramitatu zenean, ez zegoen indarrean 2019ko Gizonezkoen eta Emakumezkoen Arteko Berdintasunerako Foru Legea, eta, Maria Txibiteren gobernuaren arabera, lege horrek sostengua emanen dio hezkidetza programari. Bestetik, Nafarroako Gobernua hezkidetzari buruzko foru dekretu bat prestatzen hasia da, epaileek antzemandako «forma akatsak» zuzentze aldera. Foru dekretua ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren web atarian, eta espero izatekoa da prest egonen dela 2021-2022ko ikasturterako.

Gorenaren ebazpenak hautsak harrotu ditu Nafarroan. Zenbait ikastetxetako gurasoak biltzen dituen Familiae elkarte eskuindarra, adibidez, «pozik» agertu da Auzitegi Gorenaren erabakiarekin. Elkarteak ohar batean adierazi duenez, epaiak aukera ematen du hezkuntzaren auziari «beste era batera» heltzeko: «Hau garaipen handia da askatasunean sinesten dugun familia guztiontzat, eta antropologiari, psikologiari eta harreman afektibo-sexualei eragiten dieten eduki ideologikoak ikastetxeetan sartzerik nahi ez dugunontzat».

Halere, Skolaeren balioa goratu dute Nafarroako Legebiltzarreko talde gehienek. PSNko Ramon Alzorrizek «lasaitasuna» helarazi nahi izan zion atzo hezkuntza komunitateari: «Skolae ezarria dago, eta lege berri baten babesa du, lehen ez bezala». Maria Solana Geroa Baiko eledunaren esanetan, berriz, Gorenaren epaiak «ez du auzitan jartzen» hezkidetza programaren edukia, eta egitasmoa «Nafarroako ikastetxe guztietara» zabaltzera premiatu zuen Hezkuntza Departamentua.

EH Bilduren izenean, Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak nabarmendu zuen «ustezko forma akats batek» ezin duela Skolaeren inplementazioa geldiarazi. Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren agerraldia eskatu zuen atzo EH Bilduren talde parlamentarioak, «Skolae programak duen lege estaldurari buruzko azalpenak eman ditzan». Horrez gain, hezkidetza arautuko duen foru-dekretu proiektu horren nondik norakoak azaltzeko eskatuko diote. Skolaeren balioa goretsi zuen Bakartxo Ruizek, EH Bilduko legebiltzarkideak: «Hezkidetza programa aitzindaria da, eta ospe handia lortu du, nazioartean hezkuntza erreferente bihurtu baita». Hori dela eta, aurki onartzekoa den hezkidetza dekretuak Skolae «sendotzea» espero du Ruizek, «bai eta horren ezarpena bizkortu eta funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietara zabaltzea ere».

Ahal Dugu-k ere txarretsi egin zuen Gorenaren epaia, eta iragarri zuen ekinbide parlamentarioak aurkeztuko dituela, «Nafarroako Gobernuak programari segurtasun juridikoa eman diezaion». Feminismoen Auzietarako idazkari Nahia Lizasok azaldu zuenez, Skolaeren auzian jokoan dira sexu eta genero askatasuna: «Ez gara gizarte aske bat izanen (benetako askatasuna duena, eta ez eskuinak orain aldarrikatzen duen hori), baldin eta ez bagara gizarte bat non edonork nahi duen sexu identitatea izan dezakeen, ingurukoen beldur izan gabe». Hori dela eta, funtsezkotzat jo zuen belaunaldi gazteak «askatasun horretan heztea, pertsonen arteko errespetuan, beste ezeren gainetik».

Gorenaren ebazpenari dagokionez, Lizasok gaineratu zuen «eskuin atzerakoiak edozein forma akats edo arrakala» baliatuko duela «programaren oinarriari eraso egiteko; berdintasunari, alegia». «Ez die axola huts administratibo batek, ezta hurrik ere; berdintasunak kezkatzen eta aztoratzen ditu. Askatasuna nahi dute, zertarako eta desorekan sakontzeko, eta hori antidemokratikoa da erabat».

Navarra Suma izan zen Skolae programaren aurka azaldu zen talde bakarra. Javier Esparzak, koalizio espainiazaleko eledunak, «programa berri bat» prestatzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuari, «berdintasuna bultzatuko duena, baina familien askatasuna errespetatuz, inposiziorik gabe».

Eva Isturiz. Nafarroako Berdintasunerako, Institutuko zuzendaria: «Berdintasuna lortzeko urratsek erresistentziak sortzen dituzte»



Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendaria da Eva Isturiz (Iruñea, 1965). Skolae «funtsezkoa» dela uste du, «berdintasuna eraikitzeko».

Nola eraginen du Auzitegi Gorenaren epaiak?

Skolae hezkidetza programa bat da, eta Hezkuntza Departamentuari dagokio haren ezarpena zehaztea. Hala ere, 2019ko Gizonen eta Emakumeen Arteko Berdintasunerako Legeak berme juridikoa ematen dio programari; hortaz, epaiak ez du eragin nabarmenik izanen.

Zertarako balio du Skolaek?

Oinarrizko elementua da belaunaldi berriak berdintasunean hezteko eta indarkeria matxista prebenitzeko. Gizarte justuago, demokratikoago eta berdinzaleago bat nahi badugu, ezinbestekoak dira Skolaeren gisakoak.

Haize kontra aritzera behartuta zaudete, hala ere...

Berdintasunaren aldeko urratsek erresistentzia ugari sortu ohi dituzte: sektorerik atzerakoienek oldarkor erantzuten dute, baina ez dugu amore eman behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.