Gobernua ez beste guztia aldatu duen urtea

Buruzagi berriak eta politikarako molde berriak ekarri ditu 2024. urteak Eusko Legebiltzarrean. Liskar gogorrek apenas duten lekurik orain Gasteizko ganberan, baina lehia inoiz baino handiagoa da.

Pradales eta Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean, agintaldiko lehen osoko bilkuretako batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Pradales eta Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean, agintaldiko lehen osoko bilkuretako batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
xabier martin
2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Duela bi urte abiatutako hauteskunde zikloa 2024an amaitu da. Eusko Jaurlaritza ez zen aldatu apirilaren 21eko bozen ondoren, Gasteizko gobernua EAJk eta PSE-EEk osatzen jarraitzen baitute, baina euskal politikan aldatu ez den aldagai bakanetakoa da hori, bukatzear den urteak berretsi egin baitu pandemiaz geroztik azaleratu den joera berria: EH Bilduk hazkunde esanguratsu batean segitu du, eta, gaur egun, parez pare lehiatzen da EAJrekin nagusitasun politikoa eskuratzeko, jokaleku politikoaren erdi-erdian.

Errealitate horrek euskal politikaren orainaldia eta geroa baldintzatzen ditu. EAJren barruan, harrabotsa eragin zuen 2023ko azaroan EBBk Iñigo Urkullu ordezkatzeko hartu zuen erabaki zailak. Hasieran, Urkulluk berak ere ez zuen ezkutatu haserrea piztu ziola Sabin Etxearen erabakiak, baina alderdiaren zuzendaritzak asmatu egin zuela islatu zuen 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak: Imanol Pradalesek irabazi zituen bozak, botoetan behinik behin.

Ezker subiranistak, berriz, argi eta garbi hazten segitu zuen, bere lehendakarigai berria buru zuela: Pello Otxandiano. 27na eserleku eskuratu zituzten EAJk eta EH Bilduk; azken horrek ez zion sorpasso-rik egin 2023tik milaka eta milaka boto galtzen ari zen alderdi nagusiari, EAJri, baina Gasteizko gobernua aldatu ez den arren, euskal politikan beste era batera jokatzen hasi da, beste koordenatu batzuekin.

Eta jokaleku berri horretan, gobernuen osaketa ez ezik politika nagusiak baldintzatzeko giltza ere PSE-EErena da, hein handi batean, gaur-gaurkoz. Eneko Anduezak EAJren alde egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde guztietako gobernuetan, baita Jaurlaritzan ere; aurki berriro PSE-EEko idazkari nagusi izendatuko duten politikariak argi esan zuen bozen kanpainan ez zegoela prest ezkerreko ardatza aktibatu eta EH Bildurekin gobernu akordioak erdiesteko, Nafarroan PSNk egin duen moduan.

Aurpegi berriak

Anduezarentzat ez da erraza izan arrazoi etikoei erreparatzea ezkerreko paktu bat alboratzeko, eta inoiz baino gehiago jo du bi komunitate desberdintzera: euskal abertzaleak eta espainiar nazionalistak. Bigarren talde horren ordezkari nagusi bilakatu du bere burua, komunitate horri ez-nazionalista esanez. Euskararen aurkako oldarraldia ukatzea, euskal selekzioak alboratzea... PPrenak izan ohi diren bandera batzuk hartu ditu Anduezak beretzat, eta hirugarren indar gisa gotortu da Gasteizko parlamentuan, D'Hondt legeari esker bi eserleku gehiago irabazita, ehunka boto batzuen alde apala tarteko.

2024. urteak aurpegi berri asko utzi ditu Arabakko, Bizkaiko eta Gipuzkoako politikan, eta haiekin batera politika egiteko moldeak ere bestelakoak direla esan daiteke. Orain, apenas den lekurik liskar gogorrentzat, are gutxiago irainentzat; Madrilgo muturreko giroa inoiz baino arrotzagoa da Eusko Legebiltzarrarekin eta Batzar Nagusien dinamikarekin alderatuz gero.

Duela urtebete, Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate bihurtu zuen Cristina Ibarrolaren (UPN) aurkako zentsura mozio batek, eta, aurten, argi ikusi dira horrek eskuin muturrean utzitako zauri sakona eta noraeza

Nafarroa da salbuespena Hegoaldean. UPNk, PPk eta Voxek Espainian dabilen gorroto giroa inportatu dute tarteka Nafarroako Parlamentura eta Iruñeko Udalera. 2023ko abenduaren bukaeran, Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate bihurtu zuen Cristina Ibarrolaren (UPN) aurkako zentsura mozio batek, eta, aurten, oso argi ikusi dira errelebo horrek eskuin muturrean utzitako zauri sakona eta noraeza.

Edonola ere, gauza bat dira politikaren manerak, eta beste bat lehia: azken hori inoiz baino handiagoa da Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan, aurrekontuen negoziazioek ongi islatu dutenez. Prozesu horrek EAJren eta PSEren foru gobernuen eta EH Bilduren arteko akordioak ekarri ditu Araban eta Bizkaian, eta drama handirik gabe azaldu dituzten akordiorik ezak ere bai, Gipuzkoan eta Eusko Legebiltzarrean. Batzuk eta besteak euren kontakizuna gailentzeko saio betean ibili dira azken asteetan, baina manerei eutsita betiere. Eztabaida politikoak zain dauka osasunaren inguruko itun bat eta zerga erreforma. 2025. urtea eduki horiei begira hasiko da, eta aurrekontuen inguruan izandako beroaldi neurtuak beroagoak bihur daitezke, biak ala biak baitira bozetarako funtsezko gaiak.

Ezker-eskuin ardatzean eztabaidatuko dituzte bi eduki horiek, batez ere zerga erreforma. EAJk eta PSEk dagoeneko loturik utzi dute erreforma garrantzitsu horren oinarria, eta jeltzaleek badakite ongi azaldu beharko dituztela onartzen diren eta ez diren zerga eta tasa berriak, bere hauteskunde babesa ez baita garai batekoa, aurtengo boz biek erakutsi dutenez: apirilean lau eserleku galdu zituzten Gasteizko ganberan eta ia lau puntu portzentual; eta, ekainean, Europako Parlamenturako hauteskundeetan, deskalabru handia nozitu zuten: 185.000 boto gutxiago (11 punturen galera). Gainera, apirilean lortu ez zuen sorpasso-a gauzatu zuen EH Bilduk ekainean, Europako hauteskundeak irabazita.

EAJ berria eta EH Bilduren hedapena

EAJk lurralde zuzendaritzak berritu ditu 2024ko urtearen amaieran, eta barne prozesu hori burura eramango dute 2025eko lehen hiruhilekoan. Alderdiak lider historiko batzuen erreleboa onetsi du, eta, haien artean, Joseba Egibar GBBko presidente ohiaren izena nabarmendu behar da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzendaritzek buru berriak dituzte: Jone Berriozabal, Iñigo Ansola eta Maria Eugenia Arrizabalaga, baita IBBk ere, Pantxoa Bimboi. NBBko buru Unai Hualdek ardura nagusian jarraitu du.

Eraberritze handi horrekin batera, txosten politiko berriak iritsiko dira, martxoaren 29 eta 30eko Batzar Nagusian. Argitu gabe dago, ordea, jeltzaleak aldi berri honetan EH Bilduren hedapenari aurre egiteko prestatzen ari diren egitura berriaren pieza nagusia: EBBko presidentea nor izango den. Andoni Ortuzarrek erabakia du jadanik jarraituko duen, baina deliberazio hori ez du ezagutaraziko urtarrilaren 20ra arte, hau da, EBBko kideak aukeratzeko lehen hautespen aldia iritsi arte.

EH Bildu ere bere barne prozesuan murgildurik dago, eta txosten politikoa onartu eta Mahai Politikoa berrituko ditu otsailaren 8rako, Iruñeko Kongresuan. Dagoeneko jakina da Arnaldo Otegik koordinatzaile nagusi gisa segituko duela, afiliatuen babesa jaso ondoren. Gerta daiteke, beraz, jokaleku politiko berrian bide luzeko buruzagi bi egotea EAJ eta EH Bildu gidatzen datozen urteetan: Ortuzar eta Otegi.

Inor gutxik daki nola lor daitekeen Anduezaren PSE erakartzea erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea xede duen paktu batera. Espainiako Gobernua giltzarri izango da nazio aitortzan urratsak egiten hasteko

Horiek horrela, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako esparru politikoa lau erpineko aulki tradizionalaren forma hartu du berriro, ezker konfederaleko gunea hustu egin baita. Ahal Dugu-ren gunean sartu zen Sumar iaz, eta desadostasunaren emaitza zera izan da, Elkarrekin Podemos-IUk zituen legebiltzarkide guztiak (sei) galdu egin dituela eta Sumarrek bakarra lortu duela. Hala, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk ordezkatzen dituzte lau erpin horiek Gasteizko ganberan, eta Sumarrentzat eta Voxentzat bigarren mailako rolak geratu dira, ordezkari bana baitute.

Estatus berria

Jokaleku horretan, estatus berriaren eztabaida politikoa gorriz azpimarraturik azaltzen da 2025eko agenda politikoan. Bukatzear den urtean abiatu du Andoni Ortuzar EAJko buruak elkarrizketa sorta bat gaiaren inguruan beste alderdietako buruzagiekin. Harreman horien inguruan erabatekoa izan da diskrezioa orain arte. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren arteko itun bati buruz aritu da Ortuzar sarritan, helburu nagusi gisa, estatutu berriak izan ditzakeen aukeraz hitz egitean.

Inor gutxik daki, ordea, nola lor daitekeen Anduezaren PSE erakartzea erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea xede duen paktu batera. Espainiako Gobernua giltzarri da Gernikako Estatutua gainditu eta urratsak egiten hasteko nazio aitortzan eta aitortza horretatik etor daitezkeen eskubide juridikoetan. 2025ean argitzen hasi beharko dute benetako aukerarik ote dagoen behinik behin hiru erpin horien itun baterako, eta akordio hori garaiz iritsiko ote den Madrilera; hau da, Pedro Sanchez sozialista oraindik presidente dela iritsiko ote den.

EH Bilduko Espainiako Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak atzo bertan esan zuen dagoeneko «lantzen» ari direla estatutu berriaren inguruko akordioa, eta «posible» ikusten duela PSE ere «gutxieneko zoru batera» erakartzea. Gogoratu zuen, edonola ere, «burujabetzaren aldeko gehiengo zabala» dagoela Eusko Legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.