Xabi Lasa. Aralarreko koordinatzailea Nafarroan

«Gobernua ekaitzaren erdian dago, eta ez du lema menperatzen»

Alderdiaren interesak lehenestea egotzi dio Berriozarko alkate eta parlamentariak UPNri; Geroa Bairi eta Ezkerrari, berriz, PSNren proposamenekin «kontuz» ibiltzeko ohartarazi die.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Txentxo Jimenezek Nafarroako Aralarreko koordinatzaile izateko hautagaitza atzera bota zuen irailaren hasieran, eta alderdi barruan «hiruk baino gehiagok» eskatu zioten Xabi Lasari (Iruñea, 1967) hautagaitza aurkezteko. «Ez nuen batere asmorik, nahikoa lan badudalako, baina balizko ekaitzak baretzea aurkezteko eskatu zidaten. Hala, irailaren 29ko konferentzia politikoaren ostean, Lasak hirugarren ardura du bere gain: Berriozarko alkate, parlamentari eta, orain, Nafarroako koordinatzaile. Hiru hilabete iragan dira konferentzia hartatik, eta zuzendaritza berrituak, neurri batean, alderdia «biziberritu du».

EH Bilduren aldeko hautu estrategikoa egin duzue, baina, era berean, nabari da ahots propioa izateko nahia.

Bai; Aralarrek, alderdi bezala jarraitzen duen bitartean, ez dio sekula uko egingo bere izaera propioari. Guretzat apustu soziala oso inportantea da, ezkerreko politikak, eta hori lotzen dugu autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenarekin eta bake prozesuaren aldeko konpromisoa- rekin.

Duela bi urte EH Bilduren alde eginiko hautu estrategikoak hauts ugari harrotu zituen alderdian, eta militante batzuek alderdia utzi zuten. Zauri haiek sendatzea ere baduzue helburu?

Egia da Derioko kongresuaren ondoren alderdi barruko sektore inportante batek ez zuela onartu, eta alde egitea erabaki zuen. Pisuzko kideak ziren Nafarroan zein EAEn. Izenak denok dakizkigu. Uste dugu askatasun osoarekin erabaki zutela. Guk uste dugu bide egokiena hartu dugula, eta gauzak bide onetik badoaz, ez diogu apustu horri uko egingo.

Zerbait gaizki egin al zuen zuzendaritzak ala gutxiengo handi horrek ez zuen ulertu?

Bereizketa batean beti daude desadostasunak. Nire ustez, bere neurrian, saiatu ginen ados jartzen, baina ez zen arazo formal bat. Arazo estrategikoa zen, kasu batzuetan ideologikoa. Hor ez dago ezer adosterik.

Militante horietako batzuek Geroa Bai koalizioan amaitu dute. Jatorriko NaBai haren izaera kapitalizatuko al du Geroa Baik?

Dudarik gabe, Geroa Baik eskuratu nahi ditu Nafarroa Bai izan zenaren boto gehienak. Gure ustez, horrek ez luke zertan horrela izan. NaBaiko jende gehienak bere burua ezkertiartzat du, konpromiso handiagoa nahi luke bake prozesuarekin eta sakondu nahiko luke Euskal Herriarentzako estatus politiko berri batean. Dudarik gabe, Aralarrek Geroa Baik baino hobeki islatzen ditu apustu horiek, baina hori ez da paper baten gainean erakusten. Goizegi da ondorioak neurtzeko.

Indar politikoen arteko lehiarekin batera, Nafarroan ezinbestekoa da sektore abertzaleek elkar ulertzea. Kontraesan horiek kudeatzen jakin behar duzue?

Seguru aski. Joera natural bat da proiektu desberdinak bereizi eta errespetatzea, baina helburu estrategiko minimo batzuetara iristeko. Nafarroan aldaketa bat behar da: ezkerreko printzipioak jaso behar ditu, eta izaera euskalduna onartu, D ereduaren inguruko polemika artifizialak gaindituz. Irekitasun osoa dugu Geroa Bairekin eta Ezkerrarekin hitz egiteko, baina ez gaude prest gu baztertzea proposatzen duen alternatiba bat onartzeko. Aniztasunaren aurka egotea litzateke hori.

Txostenean EH Bilduren aldeko apustua berretsi zenuten. Zer ekarpen egin dezake Aralarrek?

Bi ekarpen inportante bereiziko nituzke. Alde batetik, Aralarrekondo transmititzen du bere konpromiso sozial eta ezkertiarra. Aralar konprometituta dago etxe desjabetzeen aurkako borrokan, memoria historikoan, oinarrizko errentaren aldeko aldarrikapenetan eta gaur egun hain beharrezkoa den ekonomia sistemaren aldaketan. Gero, gure kultura politikoa propioa, diferentea da. Gu jaio ginen duela hamabi urte, eta erabakiak hartzeko tenorean errespetatzen ditugu beti barne prozedura erabat demokratikoak, behetik gorakoak. Gardentasuna oso garrantzitsua da, elkarrizketa mundu guztiarekin... Horrek, batzuetan, egitura arazoak dakartza. Batzuetan, sortzen zaizkigu arazoak erabaki denak ez ditugulako koadroen esku uzten.

Txostenean zenioten Nafarroatik Nafarroarako ikuspegia jorratu behar duela EH Bilduk. Zergatik azpimarratzen duzue ideia hori? Koalizio barruan ez dago adostasunik?

Bai, badago, baina guk, modu berezian, behin eta berriz azpimarratzen dugu Nafarroaren zentraltasuna. Euskal Herri libre bat nahi dugu, baina Nafarroak zentraltasuna du. Ez beste lurraldeen gainetik, parekotasun batetik baizik.

Urte zail bat atzean uztear da UPNren gobernua. Nola ikusten duzu?

Erabat norabiderik gabeko itsasontzia da. Ekaitzaren erdian dago, eta ez du bere lema menperatzen. Dinbi-danba dabil, egun batetik bestera sortzen zaizkion arazoei aurre egin nahian. Ez du helburu argirik, eta ez du bitartekorik helburu horretara iristeko. Ez dute egoera zuzendu nahi, eta Nafarroako gizarteari zigorra ezarri diote: legealdiaren bukaerara iristea. Zergatik? Nafarroaren aldeko hautuaren aurretik alderdiaren aldeko hautua egiten dutelako. UPNk ongi daki hauteskundeetara deituz gero ordezkapenaren puska handi bat galduko lukeela. Beharbada, baita gobernua bera ere. Denbora irabazi nahi du, ea kanpoko elementurik agertzen den egoera zuzentzeko.

Denbora irabazten ari da PSN ere. Egoera aldatzeko aukera euren eskuetan dago, baina zintzo betetzen dute Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak martxoan bozak ez aurreratzeko agindu izana. Zer uste duzu?

PSNri begiratzerakoan, erlatibizatu egin behar da. Hemen agintzen duena PSOE da, eta Rubalcabak dioena egiten du PSNk. Gero, erabaki hori mozorrotuko dute, baina Nafarroan pentsatutako aukera balitz, aspaldi zegoen alternatiba osatuta. PSOEren interesen aurkakoa da gurekin eta ezkerreko beste alderdiekin alternatiba bat osatzea. Horrela irautera kondenatuta gaude. Nire ustez, ez PSNk ez PSOEk ez dute oraindik erabaki zer egingo duten.

PSNk argi utzi du ez duela akordiorik egingo EH Bildurekin. Geroa Bai eta Ezkerrarekin nolabaiteko alternatiba saltzeko jokoan dabil?

Dudarik gabe. Horrela izango balitz ere, ez nago ziur horren aldeko apustua egingo luketela. UPN etorriko litzaieke beste proposamen erakargarri batekin, eta nork daki zer egingo lukeen. Oso gaizki egingo lukete batzuek txorien kantu horiek entzunda.

2007ko abuztuko gertakarien aurrekaria dago. Uste duzu Ezkerrak eta Geroa Baik tentazioa izan dezaketela PSNren joko horretan sartzeko?

Ez naiz inor euren erabakiari buruz hitz egiteko, baina berunezko oinekin ibiliko nintzateke proposamenak sinesteko. Kontuz. Zama gehiegizkoa litzateke ordezkapen abertzale eta ezkertiarra hasieratik bazterrean uztea.

Baina une honetan ere alternatiba ez da posible PSNrik gabe.

Alternatiba ez da hauteskunde kontua. Programa ideologikoa da, zehaztasun praktikoekin. Gobernua izen aldaketa hutsa bada, ondorio sozioekonomikorik gabea, ezin zaio alternatiba deitu. PSNrekin egin daiteke? Zerga neurrietan iragan astean erakutsi zuten jokabidea ikusita, ez daude benetako alternatiba ezkertiar baten alde. Nahiago izan zuen eskuineko pribilegioei eutsi.

Urte eta erdi falta da legealdia amaitzeko, eta UPNprobokazio kanpaina iraunkor batean dabil. Nola erantzun taktika horiei?

Zarata askoko gaiak behin eta berriz ateratzeak badu eragina, baina hori pasatu eta betiko arazoetara itzultzen gara. Lau urtez egon nintzen Berriozarko udal gobernuan gutxiengoan gobernatzen, eta aurrean nuen UPNko egungo estrategiaburua [Sergio Sayas]. Garai hartako estrategia eta gobernuak orain duena berbera da: iskanbilak sortzen dituzte arazo ñimiñoekin bere ahuleziak ezkutatzeko. Hauteskundeak etorri ziren gero, eta udal horretan orain gehiengo erabatekoa dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.