Nafarroako inbestidura saioa. Kontseilariak

Gobernu parekidea izango da

2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
PSN

Javier Remirez Presidentetza kontseilaria

Sindikatuen esparrutik iritsi da gobernura Javier Remirez (Iruñea, 1975): UGTko arduradun izana da. Zuzenbidea ikasia da Remirez Nafarroako Unibertsitatean, eta abokatu gisa jarduna, lan arloan bereziki. Azken bederatzi urteetan aritu da PSNren batzorde exekutiboan: azken boladan, Ikerketa eta Programen idazkari. Haren ardurapean egongo da Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua. Lehen lehendakariordea ere izango da.

Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako kontseilaria

Gizarte lanaren esparruan egin du ibilbide profesionala Mari Carmen Maeztuk (Valtierra, Nafarroa, 1962): 1985etik 2000ra arte, Valtierra eta inguruko herrietako gizarte langile modura jardun zuen, eta Nafarroako Gobernura jo zuen handik. Hain zuzen ere, kontseilari izango den sailean aritu da azken urteetan: Gizarte Eskubideetako Departamentuan. Ardura postuak izan ditu, gainera; besteak beste, oinarrizko gizarte zerbitzuen koordinazioan aritu da sailean.

Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilaria

Azken urteetan PSNko Landa Garapeneko arduraduna izan da Bernando Ziriza (Faltzes, Nafarroa, 1955). Urteetan egin zuen lan banku batean, eta esparru politikoan ere egina du bidea: parlamentari eta Faltzesko zinegotzi izana da, besteak beste. Azken urteotan PSNko batzorde exekutiboko partaidea izan da Ziriza. Bardeako Batzarreko kide ere bada. Nafarroako Gobernuan, haren ardurapean egongo da Lurralde Kohesioko Departamentua.

Santos Indurain Osasun kontseilaria

Familia medikua da Santos Indurain (Uztarroze, Nafarroa, 1959), Osasun kontseilari berria. Medikuntza lizentziaduna da EHU Euskal Herriko Unibertsitatetik, eta urte luzez aritu da lanean familiako mediku gisara, Nafarroako hainbat osasun etxetan: 30 urtez baino gehiagoz. Azken urteetan, ardura postuak izan ditu Osasunbidean, kudeaketarekin lotuak, eta irakasle modura ere jardun du. Nafarroako familia medikuen elkarteko lehendakari izan zen.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Nafarroako erakundeetan kargu ugari izan ditu lehen ere Elma Saizek (Iruñea, 1975): besteak beste, parlamentari izana da, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, eta gaur egun, Iruñeko zinegotzia. Gainera, Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere izan zen, PSOEren garaian. Zuzenbidea ikasi zuen Saizek, eta abokatu gisa aritu da, baita irakasle modura ere. Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ardura hartuko du gobernuan.

Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate kontseilaria

Ikerkuntzaren esparrutik iritsi da gobernura Juan Caruz Cigudosa. Biologian doktorea da Nafarroako Unibertsitatetik, eta bereziki Giza Genetikan espezializatua. Ikerketa arlo horretan aritu da, batik bat onkologiarekin lotuta. Giza Genomako Espainiako Elkarteko presidente izan zen. Azken urteetan bioteknologiarekin lotutako enpresa batean aritu da. Hark izango du Nafarroako Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ardura.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria

Urteetan irakasle izan da Carlos Gimeno (San Adrian, Nafarroa, 1965), eta azken urteetan hezkuntzarekin lotutako ardurak izan ditu PSNren barruan. Ibilbide luzea du hezkuntzan: 1991n hasi zen lanean hezkuntzako orientatzaile modura, eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroaren zuzendaria ere izana da. Hezkuntza premia bereziei buruzko hainbat lan argitaratu ditu. Hezkuntza kontseilaria izango da gobernu berrian. Tuterako Udalean zinegotzia da.

Rebeca Esnaola Kultura kontseilaria

Kultura kudeaketaren arloan aritu da urteotan Rebeca Esnaola (Iruñea, 1975). Ikus-entzunezko Komunikazio lizentziaduna da, eta kulturaren arloko ikasketak egin zituen ondoren: artxiboak kudeatzeko ikerketak eta kultura kudeaketakoak. Kultura zerbitzuekin lotutako lanpostuak izan ditu. Irakaskuntzan ere jarduna da, ikuskizunen produkzioarekin lotutako esparruetan. Haren ardurapean egongo da Nafarroako Kultura eta Kirol Departamentua.

GEROA BAI

Manu Aierdi  Garapen Ekonomikoko kontseilaria

Donostian jaio zen Manu Aierdi, 1967an, eta Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. EAJko kide da, eta 2012tik 2015era Nafarroa Buru Batzarreko presidente izan zen. Azken agintaldian, 2015tik 2019ra, Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariordea izan da, eta esparru bereko kargua izango du orain ere, nahiz eta ez den lehendakariordea izango gobernu berrian.

Jose Mari Aierdi Lurralde Antolaketako kontseilaria

Tokiko garapenean bide luzea du Jose Mari Aierdik (Etxauri, Nafarroa, 1958). Napar Bideak kooperatiba sortu zuen, baita Nafarroako Elikagai Artisauen Elkartea ere. Lekunberriko alkate izan zen 31 urtez (1984-2015), eta Plazaolako turismo partzuergoaren sortzaile eta buru. Orain Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilaria izango da, eta bigarren lehendakariordea.

Ana Ollo Herritarrekiko harremanetarako kontseilaria

Hedabideetan eta erakundeetan, kazetari lanak egin ditu batik bat Ana Ollok (Iruñea, 1965). Ser irratian eta TVEn aritu izan da lanean, besteak beste, baita Nafarroako Gobernuko prentsa bulegoan ere. 2015ean Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari izendatu zuten, eta arlo bereko kargua izango du orain ere. Nafarroako Gobernuko bozeramaile izan zen 2016ra arte.

Itziar Gomez Landa Garapen kontseilaria

Azken hamabi urteetan Iruñeko zinegotzia izan da Itziar Gomez (Iruñea, 1965), eta, azken legealdian, Geroa Bairen bozeramailea. Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren ardura izango du Nafarroako Gobernuan. Psikologia lizentziaduna da, eta haur hezkuntzako teknikaria. Politikaren esparruan bete-betean sartu aurretik, irakaskuntzaren aritu zen lanean, haur eskoletan. Berdintasunarekin lotutako ikasketak ere egin ditu.

AHAL DUGU

Eduardo Santos Justizia kontseilaria

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbidea ikasi zuen Eduardo Santosek (Iruñea, 1973). Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izendatu zuten 2017an, Laura Perezi primarioak irabazita, eta polemika piztu zen taldean. Nafarroako parlamentari hautatu zuten 2015ean, baina kargua utzi zuen Espainiako Kongresuko diputatu izateko. Gaur egun ere bada. Orain, Nafarroako Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.