Jabi Arakama Urtiaga. Euskarabideko zuzendari kudeatzailea

«Gobernu itunak bide bat zabaltzen du Euskararen Legea moldatzeko»

Nafarroako hizkuntza politikaren lema hartu berri du Jabi Arakama garestarrak. Zailtasunak, mugak eta ezadostasunak onartuta ere, aukera ikusten du euskararen alorrean «urrats eraginkorrak» egiteko, azken zortzi urteetan eginikoaren bidetik.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Enpresen Kudeaketako lizentziaduna eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Jabi Arakama Urtiaga (Gares, Nafarroa, 1981). Azken urteak, baina, politikan eman ditu, Geroa Baiko parlamentaria izan baita orain arte. «Ilusio handiz» hartu du Euskararen Nafar Institutua zuzentzeko ardura: Mikel Arregiren lekukoa hartuko du, hura erretiratu berri baita.

Legebiltzarretik Euskarabidera. Erronka handia da?

Pozik hartu dut aldaketa. Uste dut lan polita egin dezakegula datozen urteetan Euskarabidean, eta ilusioz beteta nago. Dena den, astebete baino ez daramat hemen lanean. Argi dauzkat helburuak eta ildo politikoa, baina eguneroko funtzionamenduaz asko dut oraindik ikasteko.

Mikel Arregik irizpide berriak ezarri zituen Euskarabidean. Lan horri segida emanen diozu?

Pertsonok egiten dugu politika, eta espero dut nire estiloa eta lan egiteko manera nolabait islatuko direla. Hori esanda, Mikelen rola oso garrantzitsua izan da Euskarabidearen garapenean. 2015ean sartu zenean, aldaketa handia nabaritu zen, onerako. Norabide berri bat ezarri zuen, ordura arte euskararen alorrean egiten ziren eta, batez ere, egiten ez ziren politiken aldean.

Zer ez zen egiten?

Garai hartan, Euskarabidearen aurrekontua oso txikia zen. Diru horrekin, ozta-ozta eusten ahal zitzaion gutxieneko lantalde bati, eta euskarazko ikastaro batzuk eskaini. Ezer gutxi egin zitekeen sustapenaren alorretan.

Eta zer aldatu da?

Zortzi urteotan, asko aldatu dira gauzak Mikel Arregien eta Ana Ollo kontseilariaren arteko elkarlanari esker, eta aurrekontuetan islatu da hori. Helduen euskalduntzea, haur eta nerabeen aisialdirako eskaintza, digitalizazioa, alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko planak, hedabideetan euskararen presentzia handitzeko laguntzak, entitate sozialekin eta udalekin egiten den lana... Bultzada polita eman zaio hizkuntza politikari. Ni saiatuko naiz lan ildo horietako batzuei eusten, beste batzuk indartzen eta politika berri batzuk ezartzen.

Gobernu ituna kritikatu du euskalgintzak. Anbizio eskasa duela diote.

Geroa Bairen ordezkarietako bat izan nintzen itun programatikoaren negoziazioetan, eta esan dezaket duela lau urte baino desadostasun gehiago izan ditugula, hain zuzen, exijenteagoak izan garelako. Akordio zehatzagoak eskatu ditugu, aurreko legealdian konturatu baikinen helburu batzuek ihes egin zigutela subjektibotasunaren arrakaletatik. Nire ustez, akordioak bide ematen du politika eraginkorrak garatzeko, baina motz gelditu da zenbait puntutan.

Zeinetan?

Desadostasunen multzoan sartuditugun horietan: Euskararen II. Plan Estrategikoa, merezimenduen dekretua... Dena den, horrek ez du esan nahi alor horietan aurrera eginen ez dugunik. Konpromisoa dago, adibidez, departamentuetako hizkuntza planak onartzeko, eta hori oso garrantzitsua izanen da administrazioan euskarazko arreta bermatzeko.

Zertan dira euskara plan horiek?

Gobernu berrira egokitu behar ditugu. Departamentu kopuru bera dago legealdi honetan, baina batzuk aldatu dira, eta egitura horren arabera ari gara hizkuntza planak moldatzen. Aste gutxiren buruan egin nahi dugu lan hori, gero departamentuz departamentu negoziatzeko. Azkenik, foru dekretu bidez onartu eta martxan jarriko ditugu.

Planen gakoetako bat da euskarazko profila behar duten lanpostuak zehaztea eta hizkuntz eskakizunak ezartzea. PSNk blokeatu egin zuen hori aurreko legealdian. Orain lortuko al da?

Departamentuetako hizkuntza planek garapen garrantzitsua izan dute azken urteetan, besteak beste paisaia linguistikoari dagokionez; baina, diozun bezala, lanpostuak dira gakoa, eta puntu hori zintzilik dago oraindik. Gure ustez, horrek benetan bermatuko luke ele biko arreta, eta argi dago aldaketak behar direla administrazioaren antolamenduan. Eta bai: PSNk frenatu zuen prozesu hori aurreko legealdian, baina orain konpromiso hori zurian beltz dago gobernu itunean, PSNk berak sinatua. Hortaz, uste dugu beteko dela.

Euskararen II. Plan Estrategikoa ere landu zuen Euskarabideak, baina PSNk betoa jarri zion...

Bai, eta, tamalez, desadostasunen artean joan da oraingo akordio programatikoan ere. Horrek ez du esan nahi ez garenik saiatuko plan estrategikoa bere horretan onartzen. Auzia mahai gainean jarriko dugu, 2021ean Euskararen Nafar Kontseiluaren oniritzia jaso baitzuen planak, eta, hortaz, gobernuak onartu behar luke.

Hizkuntzak meritu diren lan deialdi publikoetan euskarak izan beharreko puntuazioa zehazten du merezimenduen dekretuak. Eztabaida bizia eragin zuen horrek ere PSNren eta Geroa Bairen artean...

Bai, eta desadostasunetako bat da oraindik orain, baina badira aurrerako urrats batzuk. Espero dugu gobernuak laster sinatuko duela dekretu berria, zeinean era duin batez baloratuko den euskara eremu mistoan.

Eremu ez-euskaldunean berdin segituko dute, ordea.

Bai. Uneotan dugun egoera onartezina da, hitz dotoreekin esatearren. Gaur-gaurkoz, euskara jakiteak ez du punturik ematen, ez eremu mistoan, ez eremu ez-euskaldunean. Hortaz, eremu mistoko merezimenduen irizpideak aldatzeak ez du erabat konponduko arazoa, baina aukera emanen du lan deialdien %90etan euskara neurri batean ala bestean baloratzen hasteko. Guretzat, puntu gutxi emanen zaizkio euskarari, baina 2017an ezarritako parametroen barruan. Edonola ere, eremu ez-euskaldunaren arazoa ez da konponduko, eta hor lanean jarraitu beharko dugu, gobernuko bazkideen iritzia aldatzeko. Ez dugu beste biderik.

Gobernua osatzeko negoziazioetan, Euskarabidea institutua Carlos Gimenoren departamentura aldatu nahi izan zuen PSNk. Tentsioa eragin zuen horrek?

Negoziazioetan tentsioak azaleratu daitezke, eta kasu honetan ere, hala gertatu zen. Dena den, eta hau ez dut esaten Euskarabideko zuzendari edo Geroa Baiko ordezkari bezala, herritar eta euskaltzale soil bezala baizik: PSNren asmo horiek balio behar digute irudikatzeko non egonen ginatekeen Geroa Bai gobernuan ez balego. Nolakoa izanen litzateke gobernuaren hizkuntza politika, Euskara arloa Hezkuntza Departamentuaren menpe egonen balitz? Ez geundeke egungo egoera berean, ziur.

Horrek ez al dio alderdien arteko konfiantzari erasaten?

Bai. Tentsioak eta mesfidantzak areagotzen ahal dituzte halako asmoek, baina lau urte ditugu aurretik hitz egiteko, negoziatzeko eta onuragarriak diren akordioetara iristeko. Azken zortzi urteetan, gai izan gara politika eraginkorrak aplikatzeko, eta ziur naiz aurrerantzean ere gai izanen garela.

Gobernu itunean aipatzen da Euskararen Legea parlamentuan eztabaidatzeko aukera. Zer eragin izan dezake horrek?

Harritu nau gai honek ez duela oihartzun handirik izan euskaltzaleen artean, eta bai, ordea, UPNko ordezkari batzuen artean, kar-kar! Tira, puntu hori akordioan txertatu genuenean, horixe zen gure asmoa: ate bat zabaltzea Euskararen Legeaz eztabaidatzeko eta zonifikazioa desagerrarazteko. Itunean ez da asko zehazten, hala ere: aipatzen da legean moldaketak sar daitezkeela, errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta, eta parlamentuak hala adosten badu.

Zaila dirudi...

Bai, badakigu PSNren marra gorrietako bat dela zonifikazioa. Geroa Baik negoziazio mahaiaren gainean jarri zuen zonifikazioaren amaiera, baina PSNk argi eta garbi esan zuen ez zegoela prest horretarako. Hala ere, itunak aukera ematen digu Euskararen Legea aldatzeko, ikuspuntu zabalago batetik abiatuta.

Hezkuntzari dagokionez, D ereduko ikasgela gehiago zabalduko dira eremu ez-euskaldunean?

PSNren konpromisoa lortu dugu Erriberako eskoletan eta institutuetan D ereduko lerroak zabaltzeko. Oraingoz, Tafallan eta Lodosan nabarituko dute, baina etorkizunean gehiago izan litezke.

Helduen euskalduntzea sustatzea da Euskarabidearen xedeetako bat. Urratsak eginen dituzue doakotasunera hurbiltzeko?

Helduen euskalduntzeari dagokionez, nire helburua, doakotasunera gehiago hurbiltzea baino gehiago, doakotasuna lortzea da. Azken urteetan, horretarako urratsak egin ditu Euskarabideak, eta bide horretan sakonduko dugu. Oraingoz, aurtengo matrikulazio kanpainari heldu diogu: iragan astean aurkeztu genuen Iruñean, eta datozen egunetan Tafallan, Tuteran eta beste zenbait tokitan aurkeztuko dugu.

Aurrekontua beharko da horretarako...

Kontua ez da soilik ekonomikoa, funtzionamendua ere aldatu behar baita. Hala ere, hasiak gara datorren urteko aurrekontuak prestatzen. Jakin beharko dugu zein den gure gastu muga, baina hasiak gara lanean.

Baduzue beste proiekturik esku artean?

Gauza askotxo ditugu, hizkuntza politikari dagokionez aurrera ez egitea atzera egitea baita. Adibidez, Finlandiara joatekoak gara aurki, Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako ordezkariekin batzartzera. Osasun arloan hizkuntza gutxituak sustatzeko moduez ariko gara, bereziki, eta hainbat herrialdetako esperientzien eta testigantzen berri izango dugu. Badugu esku artean beste proiektu polit bat ere, Euroeskualdeko itunaren barruan: euskaraz mintzatuko den inteligentzia artifizial bat garatzeko ekinaldia izanen da, eta urrian aurkeztuko dugu. Euskaraz barra-barra kanpaina ere martxan dugu Eusko Jaurlaritzarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin batera. Guretzat oso garrantzitsua da halako egitasmo bateratuetan parte hartzea, Euskal Herriko beste erakundeekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.