Negoziazioak Nafarroan

Gobernu akordioa lortu dute Nafarroan PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k

Ezkerrak ere babestuko du akordioa, baina ez da sartuko gobernuan. Lau alderdiek bilera egin dute gaur gobernu egituraz hitz egiteko, eta aurreakordioa lortu dute. Orain, alderdi bakoitzak bere barne prozesua izango du, hura berresteko. Txibitek iragarri du hura berretsitakoan inbestidurara aurkeztuko dela. EH Bilduk ohartarazi die "politika fikzioan" ari direla; Txibitek koalizioaren abstentzioa behar du, baina harekin hitz egin gabe jarraitzen du.

PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren bilera bat, ekainean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2019ko uztailaren 26a
09:46
Entzun

Hamabietatik batzartuta egon dira PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu, eta bileratik atera berritan eman du albistea Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak. "Akordioa lortu dugu", esan du: "Albiste ona da iragartzea akordio bat lortu berri dugula". Nabarmendu du gobernuaren egituran kontuan izan dituztela politiken transbertsalitatea eta lurralde oreka, eta gehitu du "akordio ona" dela, atzo Madrilen gertatutakoa kontuan izanik. Haren asmoa da igandean jakinaraztea lehendakarigai aurkeztuko dela, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek astelehenean dei dezan bilera sortara, eta datorren ostegunean izan dadin inbestidura saioa.

Gobernu egitura adostu dute gaur hiru alderdiek: PSNk zortzi kontseilari izango ditu —Ekonomia eta Ogasuna; Hezkuntza; Eskubide Sozialak; Presidendetza, Funtzio Publikoa eta Barne Kontseilaritza; Osasuna; Kultura eta Kirola; Lurralde Kohesioa; eta Unibertsitateak eta Berrikuntza—; Geroa Baik, lau —Garapen Ekonomiko eta Enpresariala; Garapen Estretegikoa eta Lurralde Garapena; Herritarrekiko Harremanak; eta Nekazaritza Garapena eta Ingurumena—; eta Ahal Dugu-k, bakarra —Migrazio Politikak eta Justizia—.

Hortik aurrera, alderdi bakoitzaren esku egongo da dagokion departamenduan kontseilaria nor izango den zehaztea. Asmoa litzateke inbestidura aurrera atera ondoren zehaztea hori. Horretarako, ordea, EH Bilduren abstentzioa behar du Txibitek, eta berretsi du ez dutela hitz egin harekin. PSNkoak nabarmendu du PSOEren babesa duela, Pedro Sanchezek ere babestu duela prozesua, eta argi utzi bi negoziazio esparru diferente direla Espainiakoa eta Nafarroakoa.

Uxue Barkosek (Geroa Bai), berriz, nabarmendu du "arduraz" jokatu dutela eta lan intentsoa egin dutela asteotan: "Uste dut egonkortasun apustua egin dugula, eta elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldekoa". Barkosen ustez, legealdi honetan "lurralde desoreka batzuk bideratzea" da xede bat. "Pozik" daudela esan du Barkosek, eta lurraldearen eta herritarren ongizatearen alde egingo dutela, elkarbizitza aintzat hartuz. Haren hitzetan, ez da kuoten gobernu bat izango.

EH Bildu: "Politika fikzioa"

Akordioaren berri izan ondoren, EH Bilduren bozeramaile Adolfo Araizek adierazi du "batzuek politika fikzioan jarraitzen" dutela: "Ez dute ikusi nahi, gobernua egon arren, okerrena gero etor dakiekeela gehiengoa 23 aulkik osatzen dutela pentsatzen jarraitzen badute". Txibitek beharrezko du EH Bilduren abstentzioa, baina orain arte ez dute haiekin hitz egin nahi izan, PSNkoak gaur bertan berretsi duenez.
 

Uztailaren 5ean programari zegokion aurreakordioa lotu ondoren, gobernu egituraz hitz egiteko bilera egin dute gaur Geroa Baik, PSNk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Negoziazioa bide onetik zihoala iradoki du goizean Ezkerraren bozeramaile Marisa de Simonek. Gainerako alderdiak baino lehenago atera dira haiek bilkuratik, ez dutelako gobernuan sartzeko asmorik —parlamentari bakarra lortu zuten—. Bileratik ateratzean, De Simonek nabarmendu du hilaren 5eko aurreakordioa izenpetu dutela eta Txibiteren hautagaitza babestuko dutela berretsi du.

12:00etatik egon dira batzartuta lau alderdietako ordezkariak: Maria Txibite, Ramon Alzorriz, Jorge Agirre eta Javier Remirez (PSN); Uxue Barkos, Maria Solana, Koldo Martinez eta Itziar Gomez (Geroa Bai); Eduardo Santos, Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Patricia Ruiz de Irizar (Ahal Dugu); eta Marisa de Simon, Txema Mauleon eta Carlos Guzman (Ezkerra). Ezkerrakoak atera ondoren, etenaldi bat egin dute gainerakoek. Geroa Bai eta PSN bilera gelatik atera dira, baina beste areto batzuetan sartu dira. Ziurrenik, egin beharreko kontsultak egiteko.

Negoziazioak atzeratu egin dira azken asteetan, baina PSNk banaka aztertu du egoera Geroa Bai eta Ahal Dugu-rekin. Ondorioz, Espainiako presidentea hautatzeko inbestidura prozesuaren paraleloan aurrerapausoak eman dituzte gobernu organigramaren inguruan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500