Udal eta foru hauteskundeak. Alderdien balorazioak

Gobernatzeko prest dela dio Bilduk, eta PSE-EEk baztertu egin ditu harekiko akordioak

Urkulluren ustez, «ETAren amaiera dira» hauteskunde emaitzak, eta hasitako bideak «itzulbiderik» ez duela adierazi du Emaitza txarrak onartu dituzte Aralar, EB eta H1-ek, eta bilerak egingo dituzte gaur

Jose Luis Bilbao, EAJren Bizkaiko hautagaia, botoa ematen atzo goizean, Getxon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea Ainhoa Sarasola Ainara Arratibel
2011ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lortutako emaitzekin pozik eta gobernatzeko prest agertu da Bildu. PSE-EEk, ordea, ez duela koalizio abertzalearekin akordiorik bilatuko esan du. EAJren ustez, berriz, bakerako bidean garrantzitsuak izan dira bozak. Arabako emaitzak goraipatu ditu PPk, eta gogoeta garaia hasiko dute Aralarrek, EBk eta Hamaikabatek.

OSKAR MATUTE



«Prest gaude gobernatzeko, zintzo eta garden egiteko»

Egindako apustuaren erantzuna jaso duela dio Bilduk, Oskar Matute eledunaren ahoz: «Gizartea ezkerretik aldatzea eta normalizazio politikoa eta baketzea eskatzen dituen gehiengoak Bilduren botoekin bete ditu kutxak. Gure apustu politikoa onartu dute botokutxek». Erakundeen ardura hartzeko prest azaldu da Matute, Gipuzkoan lortutako garaipen argia eta ehunka udaletan eskuratutako gehiengoa gogoan: «Prest gaude gobernatzeko, era zintzo eta gardenean egiteko eta udaletako ateak guztiei irekitzeko».

Donostiako Atano III.a pilotalekuan gaueko hamarrak aldera egin zuen lehen balorazioa Bilduk. Independentziaren eta dispertsioaren aurkako oihu artean igo ziren oholtza gainera Bilduko ordezkariak; haiekin batera ziren ezker abertzaleko kide Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Marian Beitialarrangoitia. Gozategik eta Betagarrik alaitu zuten hauteskundeen emaitza behin betikoak jaso aurreko unea.

Garaipen zabala lortuagatik ere, elkarrizketaren bideari heltzeko asmoa agertu du Matutek: «Ezberdinekiko errespetuz gobernatuko dugu, beste alderdiekin elkarrizketa eginez, apriorismorik gabe, lubakietan jarri gabe». Baina nabarmendu du beren helburuei tinko jarraituko dietela aurrerantzean ere: «Ez dugu amore emango eta atzera egingo gure eskabideetan. Horrek eman baitio zentzua Bilduri». Aurrera begirako aldaketa iragarri du: «Gaur hasi da aldaketa soziala, politikoa eta erakundeetakoa».

Pello Urizarrek, Eusko Alkartasuneko idazkari nagusiak, gizartearen babes handia goraipatu du Atano III.ean: «Aldaketa eskatzen zuen euskal gizarteak, hori esan izan dugu prozesu guztian zehar. Ikusi dugu horrela dela, haren babesa daukagula. Arrazoi eman digu gizarteak». Prozesu zabalago baten barrenean kokatu du Urizarrek Bilduren emaitza: «Eskari subiranistak faltsuak zirela esan dute batzuek. Baina Euskal Herriak subirano izan nahi du, eta gaurkoa aurreneko pausoa soilik besterik ez da izan».

Gobernatzeko prest dagoela esan du Bilduren Donostiako hautagai Juan Carlos Izagirrek: «Gai gara horretarako, eta erakutsiko dugu hurrengo egunetan. Iritsi da aldaketa Donostiara».

MARIAN BEITIALARRANGOITIA



«Momentuak eskatzen duen arduraz jokatzeko deiaegiten diegu eragile guztiei»

Bildu zoriondu du Marian Beitialarragoitia ezker abertzaleko kideak. «Euskal Herria aro berrian» dagoela erakusten dute emaitzek, haren ustez. «Honek erakusten digun panorama politikoak esan nahi du independentiston eta subiraniston indarrak, iritziak eta ekarpenak berebiziko garrantzia izango dutela egin behar ditugun hurrengo urratsetan».

Ildo horretan, «arduraz jokatzeko» deia egin du. «Eragile guztiei deia egin nahi diegu bizi dugun momentuak eskatzen duen arduraz joka dezagun, eta eman beharreko pausoak eman ditzagun, herri honek behar duen etorkizuna eraikiko badugu. Hau abiapuntu bat eta urrats bat da, beste asko dauzkagu egiteko».

JOSE ANTONIO PASTOR



«Indar politiko guztiekin aztertuko ditugu akordiorako aukerak, Bildurekin izan ezik»

«PSE-EEk lortutako emaitzak ez dira espero genituenak», aitortu du Jose Antonio Pastor buruzagi sozialistak. «Krisi ekonomikoaren ondorioz PSOEk jasandako higatzeak» PSE-EEri ere eragin diola uste du. Donostia eta Gasteizko alkatetzak galduta, hiriburuetako emaitzak ere ez direla onak izan onartu du. Ezta Batzar Nagusietakoak ere, guztietan ordezkari kopurua gutxitu baitute. Halere, alderdiak «udalerri mailako babes zabala» mantentzen duela nabarmendu jo du, Barakaldo, Portugalete, Irun eta Eibarren, besteak beste, lehen indarra izan direla lekukotzat jarrita.

«Agerikoa da emaitzek guztiok behartuko gaituztela akordioetarako ahalegin handia egitera, diputazioei eta udal gehienei egonkortasuna emateko». Emaitzak «sakon aztertu eta hemendik aurrerako aliantza politikak aztertzeko», PSE-EEko zuzendaritza gaur arratsean bilduko dela jakinarazi du. Honakoa aurreratu du: «Indar politiko guztiekin aztertuko ditugu akordiorako aukerak, Bildurekin izan ezik. Espero dugu euskal gizarteak ezker abertzaleari eman dion aukera ez dezala alferrik galtzen utzi, eta aktiboki lan egin dezala indarkeriaren erabateko desagertzea lortzeko».

Euskal gizarteari, berriz, gogoeta lasaia egingo dutela eta herritarrek esan dietena kontuan hartuko dutela agindu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.