Igor Enparan. Abotsanitz taldeko kidea

«Gobernantza eredu berri bat sortu nahi dugu Hondarribian»

Alkate berria du Hondarribiak, eta beste talde batekoa: Igor Enparan, Abotsanitzekoa. Esan du EAJk «alde bakarrez» gobernatu duela, eta berak akordioak lortzen saiatu nahi du; besteak beste, alardearen auzian.

jarraia229806.jpg
enekoitz esnaola
2023ko ekainaren 23a
13:08
Entzun

Asteartea da, eta Hondarribiko udaletxeko bulegoetako ateak itxita daude. “Horrela aurkitu dugu”, esan du Igor Enparan alkate berri eta Abotsanitz taldeko kideak (Hondarribia, 1977). Beste detaile bat: larunbatean, aurreko alkate Txomin Sagarzazu (EAJ) ez zen azaldu ere egin inbestidura saiora.

2014an sortu zen Abotsanitz talde politiko gisa, eta 2015ean hiru zinegotzi lortu zituen Hondarribian; 2019an, lau; eta aurten, zazpi. Lehenengo indarra izan zarete, eta alkate, zeu. Ezustea?

Haizea aldeko nabari genuen, baina ez genuen espero tsunami hau. Espero zen EAJk galera bat izatea, baina pentsatzen genuen hark galdutakoa banatuagoa egongo zela. EAJk galdu dituen botoak [hiru aulki] Abotsanitzera etorri dira.

Zer gertatu da?

EAJ udal gobernuan izan da azken 28 urteetan, gehiengo osoarekin azken bietan, eta horietan alde bakarrez gobernatu du. Herrian bazegoen ezinegon bat haren egiteko moduarekin. Urruntasun handia egon da udalaren eta herritar eta eragileen artean, eta EAJk baztertuak zituen oposizioko talde guztiak. Herriaren eskaera izan da ezberdinen arteko gobernu bat osatzeko aukera zabaltzea.

Abotsanitzek ez dauka gehiengo osorik. Zeinekin osatu nahi duzue udal gobernua?

EH Bilduri eta PSEri proposatu diegu sartzea. Gobernantza eredu berri bat sortu nahi dugu herrian.

Zer erantzun dute?

PSEk esan digu prest dagoela laguntzeko, baina ez gobernutik, baizik eta oposiziotik. EH Bilduk erabaki zuen inbestidura saioan gu babestea, ezer eskatu gabe, eta esan du hausnartu egin behar duela udal gobernuan sartu ala ez.

Alardearen auzia dela-eta Bildun zatiketa bat izan ondoren sortu zen Abotsanitz. Zer harreman daukazue EH Bildurekin egun?

2013an eztabaidak sortu zirenean, guk uste genuen herrigintzari balio handiagoa eman behar zitzaiola, herriko erabakiak herrian hartu behar zirela. Hori izan zen aldentzearen arrazoi nagusia. Zauriak egon dira, zauriak badaude oraindik, baina denbora pasatu ahala errazagoa izan da udalean elkarlanean aritzea. Ideologikoki, gauza askotan gatoz bat.

Gogoratu duzu EAJ egon dela alkatetzan azken 28 urteetan. Zer egoera aurkitzea espero duzu?

Gaur egun, udal lanketaren %95 modu digitalean egiten da, eta, alde horretatik, espero dut espedienteak-eta bertan izatea. Dena dela, badakit badaudela hainbat gabezia: pertsonala, azpikontratazioak, grebak, bestelako lan baldintzak…

Kezka berezirik ba al daukazu?

Ez dakidana da inor etorriko zaidan galdezka ea zer den bere kontuaz. Aurretik zerbait sinatu ez bada edo konpromiso publikorik ez badago, ez dut horren ardurarik hartuko. Adibidez, hirigintza plan orokorra 2020an bertan behera geratu zen, 2021ean berretsi egin zen hori, eta, harrigarria bada ere, ez da erreklamaziorik egon, eta alde horretatik beldur naiz orain gobernu aldaketa dela-eta izango den hainbat erreklamazio.

Alardearena da Hondarribiko auzi nagusietakoa. Asteon jakin da Saindua taldeak konpainia misto bat eratzea proposatu duela alarde tradizionalean. Zer diozu?

Abotsanitzen ustez, alardeak publikoa eta parekidea izan behar du, eta horretarako urratsak egin behar dira. Sainduarena bide horretako beste proposamen bat da. Herria kohesionatzeko osagai bat izan behar du alardeak, herritarren ondarea delako, eta ondare hori babestu egin behar dugu.

Zer bide jorratuko duzu?

26 urteko gatazka bat dugu, eta gure helburua da urratsez urrats ezberdinen arteko akordioetara iristeko saiakera egitea, zubiak eraikita. Bideratu behar dugu. Ea lau urte barru baden akordio bat.

Sainduaren berri ba al zenuen?

Badakit, gutxienez, urtebeteko lanketa bat egon dela, eta, ulertzen dudanez, alarde tradizionalaren ingurukoek egin dute hori, alardeak garapen bat izateko. Bat egiten dugu, ez zehazki proposamenarekin, baizik eta helburuarekin. Kolektibo berri bat da. Urteotan, sortu dira beste batzuk, eta denak prest daude irtenbidea emateko saioa egiteko.

Baikor al zaude?

Tunel batean bizi izan gara 26 urtez, eta argi ezberdinak ageri dira. Sainduaren proposamen honekin, beste argi bat piztu da. Banako elkarrizketak hasiko ditugu, eta ea epe ertain batean guztiak mahai batean gauden.

Epe motzean, aurten zer egingo du udalak irailaren 8an, alardearen egunean?

Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia hartuko ditut, eta gainerako udal taldeei eta instituzioei eskatuko diet bat egiteko harrera instituzionalarekin.

Turismoa ere gai garrantzitsua da zuen herrian. Zenbateraino baldintzatzen du Hondarribia?

Gai hau konplexua da. 1950eko hamarkadatik turismo eredu bat sustatu izan da, eta azken urteetan gorakada nabarmena bizi du. Noski, eragin handia du hondarribiarron eguneroko bizitzan. Batetik, eragin ekonomikoa du, lanpostu asko sortzen direlako. Baina, bestetik, kaleko bizitzan herritarrok udan zenbait alditan atzerritarrak sentitzen gara, nolabait. Nola egin aurre? Jasangarritasunaren alde eginda. Adibidez, Bidasoko eskualde osoaren ikuspegitik jorratuta turismoaren fenomeno hau.

Etxebizitzen arazoa handia da?

Nabarmena da, apartamentu turistiko eta bigarren etxebizitza ugari dagoelako. Prezioak ez dira herritar gazteentzako modukoak. Nire erronka izango da legealdi honetan etxebizitza politika publikoa egitea. Lurzoru batzuetan, egin daitezke etxebizitza publiko babestuak. Horrez gain, hutsik dauden bigarren etxebizitzen lanketa ere egin beharra daukagu.

Nola daude ekonomiako beste sektoreak? Zer apustu dituzue?

Herriko merkataritza indartzeaz gain —behintzat, Zaldunbordako proiektua bertan behera geratu zen—, guk ekonomia zabaltzea nahi dugu. Lehen sektorea gain behera doa —arrantza eta nekazaritza—, eta indartu behar ditugu; elikadura burujabetza sustatuta, esaterako. Bestalde, bigarren sektorerik ez dugu, eta gustatuko litzaiguke herri sarreran Zubietako parke teknologikoa garatzeko lehen urratsa egitea, beste erakunde batzuekin lankidetzan.

Hondarribian %24tik %16ra jaitsi da euskararen erabilera.

%80koa da ezagutza. Beraz, oso pobrea da %16ko datua, eta kezka handia dugu. Faktore orokorrak daude gurean ere —gazteak eta sare sozialak…—, baina herrira begirako konpromisoak hartu eta politikak egin behar ditugu.

Ez al da politika egokia egin?

Beharbada, ez. Dakiguna da, adibidez, planen urteko balorazioak eta jarraipena ez direla egin. Edota Euskara Sustatzeko Ekintza Plana iraungita dago. Esanguratsua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.