Gladys sariak sortu dituzte, ingurune digitaleko emakumeak saritzeko

Gladys del Estal informatikari eta ekintzaile ekologistaren oroimenez, haren izena eman diote sariari. Emakume gazteak informatika alorrera erakartzea dute helburu.

Goizean aurkeztu diuzte Gladys sariak, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 30a
15:59
Entzun

Hutsune batetik abiatu zen ideia. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean informatika ikasketak egiten dituztenen artean, emakume gutxi daude. Donostiako Informatika Fakultateko ikasleen artean, erraterako, %14,8 dira emakumezkoak ikasturte honetan. Egoera ikusirik, Gladys sariak sortzea erabaki dute Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasunerako Organoaren babesarekin. Goizean aurkeztu dute egitasmoa, Donostian, Leire Palacios Puntueus fundazioaren proiektu arduradunak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak eta Itziar Irigoien EHUko irakasle eta Informatikako doktoreak. Helburua arlo digitalean aritzen diren emakume gazteak saritzea izango da. Parte hartzaileek izena eman dezakete gladissaria.eus atarian, ekainaren 18ra arte.

Hiru helburu nagusi izango ditu sariak: «Emakumeek ingurune digitalean lanbide, enpresa eta ikasketa munduan duten funtsezko zeregina aitortzea; emakumeek garatutako ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea; eta etorkizunean STEAM diziplinetara [Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea, Matematika] bideratu ala ez zalantza egiten duten neska eta nerabeei erreferenteak eskaintzea».

Sariketan parte hartzeko interesa dutenek hautagaitza ezarri beharko dute horretarako sortu duten webgunean. Curriculuma bidali beharko dute. Aurkeztu ahal izateko, ingurune digitaleko «edozein arlotan» aritu behar da, eta 2021ean 40 urtetik beherako emakumea izan behar da. Saridunek 3.000 euroko saria lortuko dute, eta beren lanaren aurkezpen bideo bat egiten ahalko dute. Bestalde, STEAM diziplinak sustatzen dituen Kaixomundua proiektuaren barruan hainbat hitzaldi emateko aukera izango dute saridunek.

Gladys del Estal gogoan

Gladys izena eman diote sariari, Gladys del Estal informatikari eta ekintzaile ekologistaren omenez. 1956an jaio zen, Caracasen (Venezuela), eta lau urterekin Euskal Herrira etorri zen, Donostiara, gurasoak euskal herritarrak baitzituen. Del Estal 1979an erail zuen Guardia Zibilak, Tuteran (Nafarroa), zentral nuklear baten eraikuntza oztopatzeko egindako eserialdi baketsu batean. Ekintzaile gisa ezagutua da Del Estal, baina lanbidez informatikaria zen; garai hartan arlo horretan aritzen zen emakume bakanetakoa. Informatika Fakultatean ikasi zuen, eta erail baino urte bat lehenago amaitu zituen ikasketak, 1978an. Garai hartan, Gipuzkoan instalatutako lehen konputagailuetako bat programatzeko lanetan ari zen. Gladys sarien bidez, haren oroimena ere segurtatu nahi izan dute sortzaileek. «Datuak txikiak izan arren, emakume informatikariak egon dira informatikaren historia hasi zenetik; urteetan zabaldu diren informatikarien estereotipoetatik urrun zeudenak barne. Horietako bat dugu Gladys del Estal».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.