Mugimendu Sozialistari Bilboko eta Gasteizko jaietan parte hartzen uzteko exijitu dute 150 kulturgilek

Gutun bat sinatu dute, «betoen kontra» eta «konponbidearen» alde daudela adierazteko. Sinatzaileetako batzuk dira Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Mireia Gabilondo eta Joseba Sarrionandia.

-
Kulturgileen agerraldia, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2024ko maiatzaren 28a
12:45
Entzun

«Jai herritarrak maite ditugulako, artistak betoen kontra gaude eta konponbidea nahi dugu, bai Bilbon bai Gasteizen». Hitz horiekin abiarazi dute Euskal Herriko 150 kulturgilek jai herrikoiei buruz idatzi duten gutuna. Bertan, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistari, Etxebizitza Sindikatuari eta Luberri konpartsari Gasteizko eta Bilboko jaietan parte hartzen uzteko exijitu dute. Auziari konponbide bat emateko ere eskatu dute.

Artistek agerraldia egin dute gaur eguerdian Bilbon, eta bertan aurkeztu dute gutuna Josu Zabalak, Hedoi Etxartek eta Patxi Garcia Aldanazek. Han izan dira Bilbo inguruko kulturgile batzuk ere. «Mugimendu Sozialistaren inguruko eragileei aukera ukatu zaie Bilbon eta Gasteizen jai herrikoien esparruan parte hartzeko», esan du Etxartek. «Betoen dinamikak aniztasunaren oinarria hausten du, eta herri mugimenduen arteko talka eragiten du», erantsi du. Egoera horri «aterabidea» bilatzeko sinatu dute gutuna, hain zuzen, Artistok Denontzako Jai Herrikoien Alde taldearen izenean. Talde horretan daude, besteak beste, Itziar Ituño, Bernardo Atxaga, Antton Telleria, Fermin Muguruza, Joseba Sarrionandia, Natxo de Felipe, Hofe, Mireia Gabilondo eta Olaia Inziarte.

Kulturgileek kezka adierazi dute Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko txosna batzordean «zenbait eragileri debekua» ezarri dietelako. Kezka hori «publikoki» adierazi nahi izan dute: «Gu ere jai herrikoien parte garelako eta izan nahi dugulako». Are, «arazoa konpontzeko bideak zabaltzeko» exijitu dute.

«Jai herrikoiak ondasun kultural bat dira, ibilbide anitzeko pertsona eta talde ugariren lanari esker», gogoratu dute gutunean. Eta, hain justu, talde horiek egindako lana goraipatu dute: «Aniztasunarekiko errespetuz, beren desadostasun ideologikoen gainetik, jai giro alaia, parte hartzailea eta inklusiboa eraikitzen saiatzen dira».

«Eskubide unibertsala»

Jai herrikoietako parte izateak «eskubide unibertsala» izan behar du, artisten ustez. «Horregatik, ulertezina egiten zaigu Luberri konpartsari Bilbon edo GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari Gasteizen ezarritako betoa». Aldarrikatu dute bakoitzak bere «izaera eta aldarriak» izanik ere jaiak «gozatzeko» izan behar direla: «Elkarbizitza arauak errespetatuz laguntzeko prest dagoen edozein erakundek izan behar du horretarako aukera. Horregatik, gaurdanik bideak ireki daitezela eskatzen dugu, zentzurik gabeko gatazka bakarrik ekar dezakeen betoa gainditzeko».

Sinatzaileek argi utzi dute euren esku dagoena egingo dutela «betoak atzera bota» eta hiru eragileek hurrengo jaietan parte har dezaten. Zabalak azalpen zehatzagoa eman du: «Gu ez gara inor auzi hau konpontzeko. Gure kezka azaltzera etorri gara; ez gaude inoren kontra, baizik eta konponbidearen alde. Egoera ulertezin hau ahalik eta lasterren konpontzea nahi dugu».

Haatik, azpimarratu du Bilboko Konpartsek «ekarpen itzela» egin diotela Bilboko Aste Nagusiari, eta horrelako «jarrerek arriskuan» jartzen dutela jai herrikoien funtsa. «Guk ezin dugu konponbidea ekarri; soluzioa elkarrizketaren bitartez lortuko da; norbaitek laguntza eskatzen badigu, gu horretarako prest gaude». Antzera mintzatu da Garcia: «Gu ez gara inor esateko nola konpondu behar duten hau; argi duguna da ez gaudela inoren aurka, ezta inoren alde ere». Egoera ez «usteltzeko», alderdien arteko eztabaidara deitu du.

Gutunean jaso dutenez, eragileek lanean jarraituko dute «Bilbon eta Gasteizen hurrengo jai herrikoietan berdintasunean eta diskriminaziorik gabeko jai giroan eta kultur ekitaldietan parte har dezaten». Halere, uste dute ez dela konponduta egongo aurtengo jaiak heltzen direnerako. Hortaz, espero dute datorren urteko jaietarako egoera konponduta egotea.

«Betoaren» arrazoiak zeintzuk diren galdetuta, bozeramaileek erantzun dute ez diotela auziari erreparatu: «Guk ez dakigu zein izan den arrazoia; guk badakigu horrek zer ondorio eragingo dituen», erantzun du Zabalak. Eta Garciak gehitu du gertatutakoa «beto politikoa» izango dela batzuentzat; beste batzuek, berriz, «inbasio gisa» ikusiko dute. Hain justu, iaz, Gasteizko Txosnen batzordeak ukatu egin zuen «betoa» jarri izana. Euren arabera, edozein eragile «ongi etorria» da batzordean, mahaiaren parte diren eragileen jarduna errespetatzen badute. «Gasteizko txosnak eremu autogestionatua dira; alternatiboa, feminista eta euskalduna». Horren harira, azken urteotan beste eremu batzuetan jasandako «inposaketak, lekuz kanpoko ahozko erasoak eta mehatxuak» salatu zituzten.

Zabalak gaur azaldu du haiei «azalezina» zaiela egoera, «horren atzean arrazoi politikoak» egonda ere. «Jaietan, politika albo batera geratu beharko litzateke», nabarmendu du. Egoera hori guztientzat «kaltegarria» dela azpimarratu du. Haien ustez, txosnen eremua partekatu beharko litzateke, «ezarritako baldintzak, arauak eta dinamikak errespetatuz».

SINATZAILEETAKO BATZUK

  • Musikariak. Alejo Orbegozo, Bengo, Bingen Mendizabal, Eire, El Drogas, Etxepe, Fermin Muguruza, Habemus Papam, Josu Zabala, J Martina, La Basu, Maixa, Malakias, Merina Gris, Mutiko, Naianovo, Natxo de Felipe, Raimundo el Canastero, Roberto Moso, Skabidean, Streetwise, Xabi Aburruzaga eta Zoroen Kluba. 
  • Antzezleak. Ainhoa Larrañaga, Ander Lipus, Antton Telleria, Itziar Ituño, Karra Elejalde, Mireia Gabilondo, Miren Nogales, Patxo Telleria eta Ramon Agirre.
  • Bertsolariak. Aitor Bizkarra, Amets Arzallus, Aroa Arrizubieta, Kristina Mardaras, Maddi Sarasua eta Peru Abarrategi.
  • Idazleak. Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionandia, Kepa Altonaga, Leire Bilbao eta Pako Aristi.
  • Bestelako kulturgileak. Ana Galarraga, Asun Garikano, Cesar Manzanos, Elene Lopez Agirre eta Jon de Grindin.
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.