GKSk elkarlanerako deia egin die langile klaseko kolektiboei, «faxismoari aurre egiteko»

Gazte erakundeak milaka pertsona bildu ditu Iruñean eta Bilbon, eta eskuin muturraren aurkako horma bat eraikitzera deitu ditu: «Orain da joera erreakzionarioei aurre egiteko garaia».

GKSk Bilbon egin duen manifestazioko hasiera. ARITZ LOIOLA / FOKU
GKSk Bilbon egin duen manifestazioko hasiera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko urtarrilaren 25a
20:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) faxismoaren kontrako horma bat eraikitzera deitu du gaur arratsaldean Bilbon eta Iruñean eginiko manifestazioetan. Milaka lagun bildu dira bi martxetan, eta, haien aurrean, deitzaileek langile batasunaren beharra aldarrikatu dute: «Langile klaseko mugimenduen eta kolektiboen arteko lankidetza inoiz baino gehiago indartu behar da». Horretarako, beharrezkotzat jotzen dute «kapitalisten gerra kulturalari aurre egitea». Izan ere, ikusi dute munduan bezala Euskal Herrian ere faxismoa zabaltzen ari dela, eta hura gelditzeko aurre egin behar zaiela oligarkiek zabaltzen dituzten mezuei.

Eguraldi makurra izan arren, Bilboko manifestazioak jendetza bildu du. Milaka pertsona elkartu dira Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora zioen pankartaren atzean. Jesusen Bihotzean hasi eta Kale Nagusia gurutzatu ondoren, udaletxean amaitu da. Burua udaletxeko plazara iritsi denean, martxaren beste muturra Kale Nagusian zen oraindik. Oihu orokor guztiak euskaraz izan dira, eta hauek errepikatu dira gehien: «Kapitalisten gerrari aurre egin», «Faxismoaren aurrean gazte batasuna» eta «Gazte langile, ez zaitez makurtu». Palestinaren aldeko aldarri asko ere entzun dira.

gks
NATOren aurkako pankarta bat Moyua plazan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ordubete pasatxoko manifestazioa izan da, eta esanguratsua izan da aurrean zuen ertzain kopurua. Hiru furgoi eta hiru auto zeuden, eta liskarren aurkako hainbat ertzainek oinez egin dute bidea. Ibilbidean hainbat pankarta zabaldu dituzte deitzaileek, deigarrienak bi. Aurrenekoa, Moyua plazan, «Gerraren negozioari ez, NATOri ez» zioena. Manifestari batzuek NATOren bandera bat erre dute plazan. Bestea, berriz, Buenos Aires kalean zabaldu dute. Aldamio handi baten behera bota dute, eta Elon Musk enpresaria ageri zen ikur nazia egiten. Gainean, «Faxismoa borrokatu» jartzen zuen, zenbait hizkuntzatan.

Talde faxisten arriskua

Bi manifestazioetako amaiera ekitaldietan, GKSk erreakzio faxistaren aurka borroka egitera deitu du, eta nabarmendu du erantzun horrek ezin duela itxaron: «Orain da joera faxista eta erreakzionarioei aurre egiteko garaia, eta gure indar eta inteligentzia guztiarekin egin behar diogu aurre», aldarrikatu du. «Denborak aurrera egiten du, baina historiak atzera egin dezake joera horiek indartu eta normalizatzen badira».

Mendebaldean bezala Euskal Herrian ere eskuin muturra hedatzen ari dela ohartarazi du GKSk, eta haren barnean langileen interesei eraso egingo dieten talde biolentoak daudela

GKS, izan ere, arduratuta dago faxismoa izaten ari den zabalkundearekin. Oligarkia ekonomikoen eskutik eskuin muturreko ideiak Mendebaldeko estatu guztietan zabaltzen ari direla ikusten ari da, eta ohartarazi du Euskal Herria ez dela salbuespena, talde faxistak ugaltzen ari direlako: «Nahiz eta hemen oraindik oso indartsuak ez izan, langileontzat dakartzaten arriskuen jabe izan behar dugu».

Bilboko martxaren amaieran, Iker Apraiz eta Saioa Galarraga GKSko kideek hartu dute hitza, eta talde faxista horiek duten arriskuaz ohartarazi dute, indarkeria erabiltzeko prest baitaude: «Kapitalismo autoritario eta biolento baten aldeko taldeak dira, eta ez dute erreparorik izango langileria antolatuari bortizki eraso egiteko». Mehatxu horren jakitun, GKSk berretsi du «erreakzioari hortzak erakusteko» konpromisoari eutsiko diola.

Langileen alderdia «berrosatu»

Borroka horretan, langile klaseko kolektiboak bat egitera deitu dituzte, «langileriaren nazioarteko alderdi iraultzailea berrosatzeko». Azaldu dute GKSk bide horretan ulertzen duela «Euskal Herriko langileriaren autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka». Dei horretatik kanpo utzi dituzte «ezker erreformistako alderdiak», irizten baitiote haiek zabaldutako austeritate politikak izan direla eskuin muturra elikatu duen bazka. Alde horretatik, nabarmendu dute PSOEren gobernua izan dela horren adibide nabarmena —hura izan da aipatu duten alderdi bakarra—.

Bilboko manifestazioan, Moyua plazan, NATOren bandera bat erre dute, eta «Gerraren negozioari ez, OTANi ez» zioen pankarta bat zabaldu

Manifestazioko beste ideia nagusia «ofentsiba kulturalaren» beharra izan da. Amaierako hitzaldian luze landu duten gai bat izan da. Kapitalista handiek finantzaturiko agenda kulturalaren bitartez «ideia arrazista, matxista eta autoritarioak» zabaltzen ari direla salatu dute, eta ideia horiek klase ertaineko eta langile klaseko hainbat geruzatan txertatu direla jada.

GKS-REN MANIFESTAZIOA IRUÑEAN
German Rodriguezentzat justizia eskatu zuten Iruñeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU

Gerra horretan, GKSk zeregin bat jarri dio bere buruari: «Langilerian eta batez ere gazterian ideologia faxistaren aurkako kontzientzia sozialista hedatzeko apustua egingo dugu». Lan horretan txertatu dute, besteak beste, oligarkien agenda ekonomikoaren, «estatuak bultzatzen ari diren agenda autoritarioaren» eta mezu belizisten aurkako «gerra kulturala»: «Ezin dugu gerra agenda normalizatzen utzi».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.