GKSk «gerraren eta faxismoaren» aurka egiteko manifestaziora deitu du urtarrilaren 25erako

Bilbon eta Iruñean egingo dituzte mobilizazioak.

GKSk manifestaziora deitu du «faxismoari aurre egiteko». JAIZKI FONTANEDA / FOKU
GKSk manifestaziora deitu du «faxismoari aurre egiteko». JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2024ko abenduaren 12a
11:45
Entzun

«Gerraren mehatxua eta faxismo berri baten zabalpena salatzeko», GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak manifestaziora deitu du urtarrilaren 25erako. Bilbon eta Iruñean egingo dituzte mobilizazioak, Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora lelopean.

Mugimendu Sozialistaren arabera, egun, Mendebaldeko estatuetan, «faxismoaren hedapena eta gerrak dira gizarte kapitalistak eragindako bi arazo larrienetakoak», eta horren eragina Euskal Herrian ere sumatzen hasi dira. Horri erantzutera deitu dute, hain zuen, manifestazioa, egoerari «aurre egiteko beharra» dagoela uste dutelako.

Gaur goizean Gasteizen egindako agerraldian eman dute protestaren berri. Bertan, Mendebaldeko agintariek «gerraren aldeko apustua» egin dutela salatu dute: «Agenda belizistaren bitartez oligarkia atlantistak bere hegemonia ekonomikoa eta militarra mantendu nahi du, eta kapitalisten arteko gerran, langileok jartzen ditugu gorpuak». Horren erakusle, zerrenda luzea bota dute: «Milaka hildako guda fronteetan, Palestinako herriaren genozidioa, milaka zauritu, desagertu eta mutilatu, azpiegitura eta baliabide ugari suntsituta...». Haien ustez, gainera, Ukrainako azken gertakariek «gerraren mehatxua handitu» dute.

Era berean, «oligarkia atlantistaren» agenda politikoa kritikatu dute, nabarmenduta aurrekontu militarrak handitu, armagintzaren industria indartu eta estatuak militarizatzen dituztela, eta ordainetan, osasungintza, hezkuntza eta prestazio sozialak direla kaltetuak. Haien ustez, alderdi guztiek bultzatzen dute hori, baita ezker instituzionalak ere.

Gainera, ohartarazi dute ideia eta mezu faxistak eremu ezberdinetan ari direla indarra hartzen. Joera horrek langile klasea eta hura osatzen duten kolektiboak erasotzen dituela azpimarratu dute, eta esan faxismoa haien aurkako «gorroto ideologia» dela: «Langile klaseko sektore zaurgarrien aurka egiten dute, eta benetako erantzuleak zuritzen dituzte». Arduradunen artean aipatu dituzte, besteak beste, etorkinak esplotatzen dituzten enpresak eta etxe kaleratzeak egiten dituzten bankuak. «Estatuaren erreforma autoritarioa babesten dute».

Hori guztia Euskal Herrian ere gorpuzten ari dela uste du GKSk; hain justu, nabarmendu du areagotzen ari direla mezu matxistak, arrazistak eta klasistak zabaltzen dituzten kolektiboak. Horri aurre egiteko, manifestaziora batzeko deia egin diete euskal herritarrei, «eta, bereziki, gazteriari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.