GKSk eta IAk urriaren 31tik azaroaren 3ra egingo dute Topagune Sozialista, Altsasun

«Hausnarketarako, eztabaidarako eta komunitatea eraikitzeko topagunea» izatea nahi dutela azaldu dute, baita egitarau «zabala eta parte hartzailea» izango duela ere.

2021eko Altsasuko Gazte Topagune Sozialista. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko Altsasuko Gazte Topagune Sozialista. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 25a
12:35
Entzun

GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta IA Ikasle Abertzaleak antolakundeek aurtengo Gazte Topagune Sozialista aurkeztu dute gaur. Altsasun (Nafarroa) izango da, 2021ean bezala; urriaren 31n hasi eta azaroaren 3ra egingo dute. Uste dute beharrezkoa dela «kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialista indartzea», eta horregatik antolatu dute «eztabaidarako, hausnarketarako eta komunitatea indartzeko» xedea duen topagune hori.

Azaldu dutenez, lau egun horietan aktualitateaz eta «datozen urteetan eman beharreko pausoez» eztabaidatuko dute, eta egitaraua «zabala eta parte hartzailea» izango dela nabarmendu dute. Azaldu dute datozen asteetan emango dutela informazio gehiago, eta interesa duen orori bertaratzeko gonbita egin dio.

Bosgarren topagunea

2019an antolatu zuten GKSk eta IAk lehenengoz Gazte Topagune Sozialista, Azpeitian (Gipuzkoa), eta 2020an Legution (Araba) ziren egitekoak, baina COVID-19aren pandemia zela-eta bertan behera utzi zuten. 2021eko udazkenean itzuli zen topagunea, Altsasukoarekin. 2022an Durangon (Bizkaia) egin zuten, udan, eta iaz ere udazkenean egin zuten, Atarrabian eta Burlatan (Nafarroa). Azken horren egitaraua murriztu egin behar izan zuten, udalekin izandako arazoak zirela eta. Udalek ez zizkieten hainbat baimen eman arazo teknikoak zirela medio, eta antolatzaileek salatu zuten arrazoi tekniko horien atzean «beto politiko bat» zegoela, topagunea oztopatzeko asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.