GKSk eta IAk «lehen lerroa» hartzeko deia egin diete gazteei

Ehunka gazte batu dira Gazte Topagune Sozialistako manifestazio nagusian, Atarrabian

Gazteria langilea Estatu Sozailsta eraikitzen lelopean mobilizatu ziren atzo ehunka gazte. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Alternatiba sozialista bat» garatzeko prozesuan gazteek «lehen lerroan» egon behar dutela aldarrikatu dute Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek, Gazte Topagune Sozialistako mobilizazio nagusian: «Belaunaldi haustura politikoa gorpuztea da gure egitekoa, gazteon artean sozialismoa hegemonikoa bilaka dadin». Aldarri horrekin bat egin dute ehunka gaztek, Atarrabia, Burlata eta Iruñea batu dituen manifestazioan.

Eguerdian abiatu dira topaketetan parte hartu duten gazteak Atarrabiatik, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen lelopean. Iruñera bidean, «iraultza sozialistaren» zein «gazte langileen» aldeko oihuak izan dira, bi elementu horiek uztartzea izan baitute xede antolatzaileek. Bide horretan, «errealitatean eragiteko» eta «konpromisoz eta diziplinaz» aritzeko asmoa berretsi dute, helburua izanik «Euskal Herriko langileria politikoki antolatzeko eta borrokatzeko baldintzak sortzea».

Finean, «langileriaren estatu sozialista» aldarrikatu dute, «dekadentzian eta erasoaldian dagoen klase burgesaren aurrean». Izan ere, antolatzaileen esanetan, krisi kapitalistak «eszenatoki gero eta larriago batera» darama gizartea, eta horrek «urgentziazko» bilakatzen du «alternatiba sozialista bat» eraikitzea. Halakorik egin ezean, geldiezin bilaka daitezke «ingurugiroaren suntsiketa dakarten makroproiektuak», «talde faxisten ugaritzea», «langileen aurkako ofentsiba ekonomikoa» eta «etorkinen kontrako legediak», haien hitzetan.

Urrats horiek egiteko gaitasuna duten bakarrak langileak direla adierazi dute, eta gehitu alderdi politikoen egungo sistema «hautsi» behar dela. Izan ere, uste dute alderdi politiko instituzionalak, ezkerrekoak barne, ez direla gai «burgesiaren joera autoritarioari» aurre egiteko. Kontrara, «estatu burgesen menpekotzat» jo dituzte: «Europako oligarkia finantzarioaren programarekin lerrokatu dira, eta herritarroi promes faltsuak saltzen dizkigute, baina langileon adierazpen politiko independenteak oztopatzeko funtzioa betetzen ari dira».

Bide horretatik, GKSk eta IAk gogor egin dute EH Bilduren eta Sorturen aurka, eta gehitu dute ez daudela «alderdi politikoen beto burokratikoak» onartzeko prest. «Dakizuen bezala, EH Bilduk eta Sortuk Topagunea egitea debekatu nahi izan digute, baina Atarrabiako eta Burlatako udalen baimenik gabe egin dugu Topagune Sozialista», zehaztu dute manifestazioaren amaieran.

Bi eragileek koalizio eta alderdi independentista horiei egotzi diete Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua hasieran prestatu bezala egitea «debekatzea». Izan ere, urriaren 11tik 16ra bitarteko ekitaldi sorta aurkeztu zuten uztailean, baina Atarrabiako eta Burlatako udalek adierazi zuten ez zietela horretarako baimenik eman. Horiek hala, topagunea egokitu behar izan dute, eta bi egunera murriztu.

Estrategia sozialista

Mobilizazio jendetsuekin batera, hitzaldiek osatu dute topaguneko ekinbide politikoa. Izan ere, GKSk eta IAk indar egin dute ekinbidearen «izaera politikoan», eta ezeztatu hura «makrojaialdi» bat izatea. Ostiralean, Burlatako gaztetxe inguruan bat egin ostean, ehunka gazte hiru espaziotan banatu ziren, gazte eta ikasle langileen erronkei, militantzia komunistari eta ziklo politikoaren aldaketari erreparatzeko. Atzo, esaterako, Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak izenburupean egin dute hitzaldia. Arratsaldean, berriz, kontzertu sorta bat egin zuten Atarrabiako Totem aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.