GKS kalera irtengo da Bilbon eta Iruñean, gerraren eta faxismoaren aurka protestatzera

Gazte Koordinakunde Sozialistak mobilizazioak egingo ditu larunbatean. «Gizarte kapitalistak sortutako bi arazo larrienetarikoen» aurka egingo dute protesta, eta esan dute Euskal Herria ez dela salbuespena.

GKSren 2024ko Iruñeko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
GKSren 2024ko Iruñeko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU
Kerman Garralda
2025eko urtarrilaren 22a
05:00
Entzun

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak manifestazioak antolatu ditu larunbaterako, gerraren eta faxismoaren aurka. «Mundu mailako gizarte kapitalistak sortutako bi arazo larrienetarikoak» dira, haien ustez, eta «langileek eskura dituzten baliabide guztiak» erabiltzeko deia egin dute, «aurkakoa den korronte hegemoniko bat» lortu arte. 18:00etan abiatuko da lehen manifestazioa, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, eta ordubete geroago irtengo da Iruñekoa, Gazteluko plazatik.

Joanex Artola GKSko kideak azaldu du, alde batetik, «agenda belikoa sustatzeko estrategia bat» dagoela. «Oligarkia atlantistaren aldetik badago gerrarako borondate bat». Uste du Ipar Amerikak eta Europak orain arte eduki duten botereari eutsi nahi diotela, eta ez dutela beldurrik NATOren bidez aurkariei eraso egiteko.

GKSkoek salatu dute «langileen bizkar» egiten dela gerra. «Hau oligarkien arteko gerra bat da. Langileek ez dugu ezer irabazteko», adierazi du Artolak. «Gorpuak jartzeaz gain», faktura ere haiek ordaintzen dutelakoan daude: «Armagintza industrian eta aurrekontu militarretan inbertsio handiak egiten ari dira. Diru hori gizarte arloko murrizketetatik ateratzen da: osasungintza, hezkuntza, gizarte prestazioak...». Ondorioz, pobrezia «orokortu» egin da, eta «murrizketetan eta austeritatean oinarritutako gizarte konfigurazio berri bat» sortu da, Artolaren arabera.

Euskal Herriari ere eragiten dio, Saioa Galarraga GKSko kidearen arabera, «zeharka bada ere». «Herrialde guztiek onartu dute gerra, eta Euskal Herria ez dago salbuetsita». Arduradun politikoak egin ditu horren erantzule. «Inork ez du benetako oposiziorik egin, ez eta ezkerreko alderdiek ere», salatu duenez.

Faxismoa, goraldian

Konfigurazio berri horren ondorioetako bat da eskubideen galera, Artolaren arabera. «Gazteek nabaritzen dute hori, eta horren zergatia galdetzen dute. Faxismoak pobreak egiten ditu errudun, benetako errudunak zurituta».

Faxismoa bizi-bizirik dagoela salatu dute. «Ikusten dugu diskurtso eta praktika erreakzionarioen gorakada nabarmena bizi dugula». Hiru adibide jarri dituzte: eskuin muturra botere instituzionala metatzen ari dela, kalean normalizatzen ari dela faxisten presentzia, eta sare sozialetan gero eta gehiago direla langileen, emakumeen, migranteen aurkako mezua duten erabiltzaileak. «Ari da faxismo berri bat hedatzen eta egonkortzen, eta berandu baino lehen nahi dugu euste horma bat eraiki», aipatu du Artolak.

Gorroto diskurtsoak «zuzeneko erasoak» dira. «Langile klaseko sektore baztertuenak are gehiago zapaltzen dituzte, eta benetako erantzuleak zuritzen dituzte. Besteak beste, emakumeei erasotzen dieten gizonezkoak, etorkinak esplotatzen dituzten enpresak eta etxe kaleratzeak egiten dituzten bankuak», dio Galarragak.

Gazteei egin diete protestarako deia bereziki: «Gure larruan biziko ditugu honen guztiaren ondorioak». Halere, jakitun daude «langile guztien» babesa beharko dutela euren asmoak gauzatzeko, eta «borrokarako» deia egin dute.

Euskal Herriko eskualde gehienetatik autobusak antolatu dituzte manifestazioetara joateko. Tokian tokiko kontseiluek antolatu dituzte, eta bakoitzaren sare sozialak baliatu dituzte informazio zehatza helarazteko.

Manifestazio jendetsuak espero dituzte. «Hilabeteak daramatzagu lanean, eta gizarteko eremu zabal batera iritsi gara». Iaz milaka lagun elkartu zituzten bi manifestaziotan, eta, balorazioa positiboa izan zenez, aurten formula bera erabiltzea erabaki dute. «Jendeari erraztasunak eman nahi dizkiogu manifestatzeko, eta mezua gehiago zabaltzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.