Beste preso bat hilik agertu da Euskal Herriko espetxe batean; 24 orduan bigarrena. Oraingoan, Martuteneko kartzelan izan da (Donostia): presoa gizonezkoa zen, 57 urte zituen, eta erizaindegian zegoen, han artatzen ari zirelako gaitz fisiko bat zela eta. 08:00ak aldean, espetxeko funtzionarioek ziegak ireki zituzten goizero bezala, presoen egoera kontrolatzeko, eta hilik topatu zuten erizaindegiko gelan. Hildakoa behin-behinean zegoen preso, bakarrik zegoen gelan, eta ez zuen indarkeria zantzurik, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.
Bezperan beste gizonezko preso bat agertu zen hilik Zaballan. Hura ere espetxeko zaintzaileek aurkitu zuten 08:00etan ziegak ireki zituztenean presoen egoera kontrolatzeko. 22 urte zituen, eta 2020ko irailetik zegoen preso. Espetxe gaietarako Eusko Jaurlaritzaren aholkulari Jaime Tapiak BERRIAri azaldu dionez, ikerketa bat abiarazi dute bi heriotzak argitzeko.
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburuak deitoratu du gertatua, eta esan du ez dela «ohikoa» bi preso hiltzea hain tarte laburrean, baina espetxeko osasun langileen aurreikuspenetan sartzen dela arrisku hori.
Justizia Sailak emandako datuen arabera, azken hamarkadan 25 pertsona hil dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan. Jaurlaritzak bere gain hartu zuen hiru herrialdeotako espetxeen kudeaketa 2021eko urriaren 1ean, eta, geroztik, hiru preso hil dira espetxe horietan: lehenengoa iazko ekainaren 13an zendu zen, Basauriko espetxean (Bizkaia), eta beste biak dira aste honetan Zaballan eta Martutenen hildakoak. Orduan argitaratutako informazioen arabera, Basauriko presoak bere buruaz beste egin zuen. Zaballako eta Martuteneko presoen heriotzen arrazoirik ez dute oraingoz eman, baina Justizia Sailak zehaztu du bi presoak ez zeudela suizidioen kontrako programan sarturik.
Suizidioak espetxeetan
Izan ere, Jaime Tapiak dioenez, espetxeetan suizidioa izaten da heriotzen arrazoi nagusietako bat: «Gizartean oro har uste baino hedatuago dago, baina espetxeetan, tamalez, nahikoa arrunta da. Kontuan hartu behar da espetxean gauzak beste era batera bizitzen direla, eta senitarteko baten heriotzak, epaiketa bati aurre egin beharrak eta abarrek beste neurri bat hartzen dutela kartzelan dagoenarentzat».
Espetxeetako bizimodua berez gogorra da, baina horri gehitu behar zaio preso askok lehenagotik ere arrastaka daramatzatela bazterketaren ondorioak, droga mendekotasunarenak, buru osasun arazoak eta beste zenbait gaitz: «Espetxeetan pobrerik pobreenak eta baztertuen artean baztertuenak daude; horrek ere badu eragina».
Horregatik, espetxeetako suizidioak galaraztea «obsesio bat» da presoekin lan egiten duten profesionalentzat, Tapiak dioenez: «Baina oso zaila da horiek aurreikustea. Adituen arabera, pertsona batek bere buruaz beste egiten duenean, kasu gehienetan erabakia aurreko ordubetean hartu izan du. Arriskurik txikiena ere sumatzen denean, suizidioen kontrako protokoloa aktibatzen da, baina ez da beti erraza asmatzea».
Melgosa ere mintzatu da kartzelan aplikatzen diren protokoloen inguruan, eta esan du horiek «etengabe» berritzen dituztela. «Dena hobetu daiteke, baina ziurta dezaket espetxeetan lan egiten duten profesionalak oso onak direla, eta egunero egoera zailei aurre egiten dietela, artatzen dituzten presoen profilengatik», azaldu du sailburuak.
Tapiak esan duenez, preso batek bere buruaz beste egiteko arriskua dagoela detektatzen denean, hainbat neurri hartzen dira. Horietako bat izaten da preso horren ziegan jagole lanak egingo dituen beste preso bat sartzea: «Ezinezkoa da horren inguruko datuak izatea, baina badakigu hartzen ditugun neurriak eraginkorrak direla eta suizidioak galaraztea lortzen dela neurri horiei esker. Zenbat diren ez dakigu, baina badakigu hala dela».
Eskubideen kontra
Beste neurri batzuk hartzea, berriz, ezinezkoa izaten da, horiek ezartzeko modurik ez dagoelako edo zuzenean presoen eskubideen kontra joko luketelako, Tapiak azaldu duenez: «Ezinezkoa da presoa egunean 24 orduz kontrolatzea ziegan kamerak jarrita, horrek haren intimitaterako eskubidea urratuko lukeelako».
Urte hasieran albiste batzuk plazaratu ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan zeuden presoen kopuruaren inguruan. Haien arabera, Zaballako, Basauriko eta Martuteneko espetxeak ez zeuden guztiz beteta eta preso gehiago sartu ezinik, baina preso kopurua «egokiena litzatekeena baino handiagoa» zen. Beste eragile batzuek, berriz, salatu dute «langile eta baliabide nahikorik» ez dagoela espetxeetan aurrean duten eginkizunari heldu ahal izateko.
Tapiak aitortu du arazoak badaudela, baina ez du uste lotura zuzena dagoenik arazo horien eta aste honetako heriotzen artean: «Espetxeetan langile gehiago behar ditugu, baina langile gehiago egonda heriotza hauek eragotziko genituzkeen? Ez dut uste. Ez dago kausa-efektu harreman bat horretan».
Bi preso hil dira aste honetan, eta horrek esan nahi du, Tapiaren esanetan, «zerbait gaizki» egin dela: «Zerbaitetan ez dugu asmatu». Horren aurrean uste du egokiena dela «gardentasunez» jokatzea, arazoa ezkutatu beharrean: «Badakigu horrelakoak gertatzen direla eta, tamalez, gertatuko direla, ezinezkoa delako heriotza guztiak galaraztea».
Espetxeak. Hildako bat Martutenen
Gizonezko preso bat hil da Martutenen, bigarrena 24 orduan
Presoak 57 urte zituen, eta erizaindegiko gelan topatu dute hilotz. Jaurlaritzaren arabera, espetxeetako suizidioak galaraztea «obsesio» da, baina zaila da denak aurreikustea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu