Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, larunbat gauean Santurtzin (Bizkaia) izandako sexu eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza. Gizonezko batek salatu du beste gizon batek bortxatu egin duela portuko plazan. Hain zuzen ere, San Jorge jaiak ospatu dituzte herrian asteburuan, eta, gizonezkoak salatu duenez, kontzertuak antolatu diren ingurutik hurbil bortxatu dute, goizaldean.
Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak bortxaketa salatu du sare sozialetan argitaratutako mezu baten bitartez. «Santurtzin ez dugu inoren borondatearen aurkako inolako jokabiderik onartzen», adierazi du.
Gertaera arbuiatzeko, udaleko ordezkariek protestara deitu dute gaurko. Bost minutuko elkarretaratze isila egingo dute eguerdian, udaletxearen parean. Herritarrei ere dei egin diete elkarretaratzean parte hartzeko, eta adierazi dute bortxaketa salatzeko bestelako mobilizazio eta topaketak ere babestuko dituztela.
Horren aurretik, Bozeramaile Batzordeko kideak bildu dira gaitzespen idatzi bat prestatzeko –PNV, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos–. Ohar horretan, «aho batez» eta «irmoki» arbuiatu dute bortxaketa, eta azaldu dute eraso hori eta «ezaugarri horietako beste edozein ekintza» gaitzesten dituztela.