Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 18 urteko gizonezko bat atxilotu du Tolosan (Gipuzkoa), zenbait emakumeri sexu ukituak egitea eta bide publikoan masturbatzea egotzita. Biktimen artean adingabeak ere badaude.
Ertzaintzaren arabera, azken hilabeteetan Tolosan sexu askatasunaren kontrako hainbat delitu jazo izanaren berri izan dute, eta, dirudienez, gizon berbera izan da horien egilea. Azaldu dutenez, gizonezkoa ustekabean hurbiltzen zitzaien emakumeei, tartean zenbait adingaberi, eta sexu ukituak egiten zizkien, edo haien aurrean masturbatu, ondoren ihes egiteko.
Ertzaintzak hainbat salaketa jaso ditu, azkena adingabe batek irailean jarritakoa. «Susmagarriak eraso egin zion, eta beste adingabe baten laguntzaz ihes egin ahal izan zuen neska gazte batek», azaldu du Segurtasun Sailak. Azken horren ostean, ikerketa abiatu zuten, eta atzo atxilotu zuten 18 urteko gaztea. Hura aske dago, epailearen aurretik igaro zain.