Gizonezko bat atxilotu dute Iruñeko Arrotxapean, emakume bat hiltzea egotzita

Iruñeko Udaltzaingoak goizaldean atxilotu du gizona, Carmen Baroja Nessi kalean. Emakumeen Mundu Martxak deituta elkarretaratzea egingo da gaur Iruñeko udaletxe aurrean, 20:00etan.

Udaltzainak, gaur, Carmen Baroja Nessi kalean, hilketa ikertzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Udaltzainak, gaur, Carmen Baroja Nessi kalean, hilketa ikertzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 9a
08:40
Entzun

Iruñeko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, 20 urteko emakume bat arma zuri batekin hiltzea egotzita. Nafarroako hiriburuko Arrotxapea auzoan izan da; zehazki, Carmen Baroja Nessi kaleko lokal batean, 01:15 aldera. Azaldu dutenez, emakumea etxabean zegoen, eta eztabaida izan du erasotzailearekin. Horren ostean, gizonezkoak hainbat labankada eman dizkio bularraldean.

Iruñeko Udaltzaingoa, anbulantzia bat eta osasun langileak bertaratu dira erasoa jazo den lekura, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute 20 urteko gaztea. Hura, baina, han hil da, sastadak eragindako zaurien ondorioz.

Polizia etxean dago atxilotua, epailearen aurretik pasatzeko zain. Hainbat iturrik aditzera eman dutenez, bihar eramango dute hara.

Hasieran, ohar bidez zabaldu da biktima gizon gazte bat zela, baina aurrerago hainbat berripaperek argitara emandako albisteen bidez argitu da emakumezko bat zela. Auzia, hala ere, sekretupean du epaileak.

Hedabideek zabaldu dituzten berrien bidez jakin ahal izan da hilketa jazo den etxabean bizi zirela biktima bera, erasoa egotzita atxilotu duten gizonezkoa eta beste hainbat pertsona, maizter denak, hainbat bizilekutan banatuta. Jakin ahal izan da, halaber, etxabe horren jabea hildako emakume gaztearen aita dela.

Hedabideetan hitz egin du gizon horrek; aditzera eman duenez, atxilotu duten gizonarekin liskar ugari izanak zituzten maizterrek, tartean alaba, eta horietako hainbati mehatxuak eginak zizkien. Alabari propio heriotza mehatxuak egin zizkiola esan du.

Maizter horrekin zituen arazoen ondorioz hura urrunarazten eta handik kaleratzen saiatu zela azaldu du gizonak, baina ezin izan zuela. Besteak beste, Poliziarengana jo izan zutela esan du gizonak, maizter horren kontrako hainbat salaketa jarriak zituztela, eta urruntze agindua ere eskatua zutela.

Efe agentziaren arabera, liskar giroan bolada luzea zeramaten atxilotuak eta gainerako zenbait maizterrek, eta elkarri hainbat salaketa jarriak zizkioten. Jakinarazi du, halaber, orain dela gutxi atxilotuta eduki zutela orain hilketa leporatuta atxiki duten gizonezkoa.

Emakumeen Mundu Martxak deituta elkarretaratzea egingo da gaur Iruñeko udaletxe aurrean, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.