Uztailekoak dira azken datu ofizialak; horien arabera, uda hasieran 188 andre zeuden Hego Euskal Herriko kartzelatan zigorra betetzen. 1.549 gizonezko. Hamar presotik bat da andrea. Kartzeletan, oro har, gutxiengoa dira, eta, aditu guztien arabera, zaildu egiten die horrek espetxealdia. «Kartzela eremu androzentriko bat da, printzipioz gizonentzat pentsatu eta diseinatutakoa; horrek diskriminazio batzuk eragiten ditu». Maria Ruiz Torradoren hitzak dira. Antropologoa da. Doktore tesia egiten ari da andrazko presoen inguruan; kartzelak «genero eredu batzuk nolasustatzen» dituen erakutsi nahi du ikerketaren bidez, eta andreek nola egiten dioten aurre horri. Eta bat datoz andre presoei laguntza ematen diharduten elkarte eta eragile gehienak: agerikoa da presondegietan andrazkoak bazterrean daudela, bazterreko ziegan.
Martutenen (Donostia), Zaballan (Iruña Oka, Araba) eta Iruñeko kartzeletan hartzen dituzte andrazko presoak; Basauri (Bizkaia) eta Baionako presondegietan ez daemakumerik izaten. Ipar Euskal Herrian atxilo hartzen dituzten andreak, ezinbestean, etxetik urrun egotera kondenatuta daude, zinez egoera zailetan. Gabi Mouesca OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko presidente ohia da, eta ongi ezagutzen du andre presoen zigor erantsia: «Gutxiengo bateko parte izatea gogorra da beti. Are gogorragoa izaten da hori espetxean».
Euskal Herriko kartzela guztietan agerikoak dira zailtasunak. Espetxeen gainpopulazioaz hitz egin da usu, baina, andreentzat, arazo larriena da gutxiengoan egoteak dakarren baliabide egokien falta. Baita presondegirik berrienetan ere. Iruñeko kartzela, esaterako, berria da: 2012koa. Baina Nafarroako Salhaketa erakundeko ordezkari Libertad Francesek ohartarazi du oraindik ere bete gabe daudelakartzela zaharrean emakumeen inguruan egiten zituzten eskakizunak. «Modulu handi batean daude emakumezko presoak Iruñeko kartzelan; ehunka lagunentzat prestatutako kartzela batean, hogei bat andre». Deskripzioan ez dago gozotasunik: «Galduak dirudite: uharte handi batean galduak». Haserre ari da: «Kartzela aldaketak ez du onurarik ekarri emakumeentzat. Kartzela zaharreko egitura berbera du. Eskatu genuen haientzat modulu txiki bat egiteko, baina genero irizpideak ez ziren aintzat hartu kartzela berria egitean».
Ama izan ezinik
Usu salatzen dute elkarteek kartzelako azpiegitura garrantzitsuak —kiroldegia, liburutegia eta abar— andreen moduluetatik aparte daudela. Martuteneko kartzela ondo ezagutzen du, esaterako, Arrats elkarteko arduradun Joxemari Larrañagak. Kexu da. «Oso zaila da haiekin lan egitea; bazoaz edozer egitera, eta zeramika egiteko lekua, edo gimnasioa edo dena delakoa gizonen moduluetan daude; andreekin lan egiteko beti ibili behar da baimenak-eta eskatzen». Zaharra da Martuteneko espetxea, 1948koa, eta arazoaren kausa hori izan daiteke. Aldiz, berria da Zaballakoa ere—2011koa—, eta hango eragileek diote egoera ez dela ona andrazkoentzat.
Ume txikiak dituzten edo erditzeardauden andrazkoek ere, zailtasun ugari. Francesek oroitarazi du ataka horretan dauden emakumezkoei, umeen ondoan geratu nahi badute, Euskal Herrian geratzen zaien bide bakarra: «Sakabanaketa». Kartzela bakar batean ere ez da onartzen umerik. Horrez gain, espetxealdi oso luzeak dituzten emakumeentzat zigor erantsi bat izaten dela oroitarazi du Mouescak: «Kartzelan urte asko egiten dituzten emazte askok ez dute sekula izaten umerik; haurrak ez izateko kondena eransten zaie».
Errespetu moduluetan
Zaballan, andre presoak bi modulutan bereizten dituzte: errespetuzkoan edo ohikoan. Azken horri gatazkatsua esaten diote presoek; zer pentsa ematen du izenak. Presoen gizarteratzea errazten dutela argudiatuz bultzatu ditu azkenaldian modulu horiek Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Horietan presoei autonomia eta ardura gehiago ematen zaizkiela esaten du—elkar kontrolatzera ere bultzatzen dituzte—, eta ahalduntzen direla. Agintarien hitzetan, espetxe eredu berri baten ernamuina dira. Praktikan, ez dago argi. Batez ere, andreei beste hauturik ematen ez zaien tokietan: Iruñean eta Martutenen, esaterako, derrigorrean modulu horietara egokitu behar dute, ez baita besterik. Moldatzen ez badira, mehatxu artegagarri bat berriro:«Sakabanaketa».
Eta halakoak gertatzen ari direla ohartarazi du Francesek.«Guk dakigunaren arabera, errespetu moduluan moldatzen ez diren andreak Brievako kartzelara bidaltzen dituzte, Avilara: hura, nolabait ere, andre gatazkatsuen espetxea bihurtu dute».Kexu horixe preso askoren hitzetan jaso du Ruizek: «Diote errespetu moduluekin preso on eta gaiztoen arteko bereizketa nabarmendu nahi dela».
Bazterreko ziegan (I). Azpiegiturak
Gizonen neurriko kaiolan
Hiru euskal kartzelatan hartzen dituzte andrazkoak: Martutenen, Zaballan eta Iruñean. Gutxiengo dira denetan, kalterako. Erreportaje sorta batean haien egoera aztertuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu