Gizonen arteko konplizitatea bukatzera deitu dute feministek: «Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete»

Mugimendu Feministak deituta, manifestazioak eginen dituzte Euskal Herriko hiriburuetan A-25aren harira.

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kideak, Iruñeko Emakumeen Etxean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kideak, Iruñeko Emakumeen Etxean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko azaroaren 21a
13:30
Entzun

Gizonei mintzatu zaie mugimendu feminista. Esan die, indarkeria matxistaren aurkako borrokan, ez duela balio beste aldera begiratzeak, justifikazioak bilatzeak edo norberaren jokabidea zalantzan ez jartzea. «Zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete», adierazi dute Iratxe Alvarezek eta Amaia Cambrak, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformako kideek, gaur eguerdian Iruñeko Emakumeen Etxean egin duten agerraldian. Azaroaren 25eko manifestua irakurri dute —euskaraz Cambrak, gaztelaniaz Alvarezek—, eta egun horretarako mobilizazio deialdi nagusiak iragarri.

Ekitaldiaren hasieran, feministek gogora ekarri dituzte Euskal Herrian aurten eraildako bost emakumeak, eta nabarmendu dute asko direla, oraindik ere, A-25ean kalera ateratzeko motiboak: «Gure egunerokoan, erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak...». Indarkeria mota ugari daudela uste dute plataformako kideek, baina denek erro bakarra dutela esan dute: «Sexu erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta egoera irregularrak, gorroto diskurtsoak, estigma soziala, indarkeria matxistaren trataera komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anonimoa... Ez dira kasu bakanak, eta emakumeen osasun fisiko eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemiko baten parte dira».

Hori dela eta, «ardurak hartzera» deitu dute gizartea, eta, zehatzago, gizonezkoak interpelatu dituzte: «Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak. Arazoa zarete lagunartean txiste eta komentarioak mozten ez dituzuenean. Arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen duzuenean edo errua guri egozten diguzuenean», azaldu dute Cambrak eta Alvarezek. Areago: feministek adierazi dute arazoaren parte direla, halaber, erasotzaileak salatuta ere, norberaren jokabide matxistak zalantzan jartzen ez dituzten gizonak ere: «Arazoa zarete, feministok urteetan salatu dugun indarkeriaren aurrean ardurarik hartzen ez duzuenean». Horregatik, gizonezkoen arteko «konplizitatea eta justifikazioa» salatu ditu Indarkeria Sexisten Aurkako Emakumeen Plataformak, eta baita «konpromiso falta» ere, «indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko» garaian.

Hedabideak eta erakundeak

Gizonei ez ezik, komunikabideei eta erakunde publikoei ere erantzukizuna hartzeko eskatu diete mugimendu feministako kideek. Esan dute hedabideek rol garrantzitsua dutela indarkeria matxista iraunarazten, besteak beste, «errua egotziz erasoa sufritu duenari, tertulietan zilegitasun guztiarekin iritzia emanez edo kasu bakoitzeko xehetasun morbosoak azaleratuz». Sare sozialak ere aipagai izan dituzte, bide aproposa baitira «mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko eta gorputzen gaineko kontrolerako». Espazio birtualean, indarkeria matxistak «forma berriak» hartu dituela uste dute; hortaz, autodefentsarako tresnak ere «birpentsatu» beharko ditu mugimendu feministak.

Administrazio eta erakunde publikoei, berriz, inbertsioa eskatu diete, «baina behar den tokian»: besteak beste, indarkeriaren prebentzio programetan, hezkuntzan, esparru anitzetako profesionalen formakuntzan eta erasoak izan diren emakumeentzako baliabideetan. «Ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean, ez dugu inbertsiorik nahi kontrolean. Justizian benetako inbertsioa behar dugu, programa integralak bermatuko dituena, erreparaziorako bitartekoak jarriko dituena. Prebentzioan eta kontzientziazioan oinarrituko diren programak behar ditugu».

Azkenik, plataformako kideek gizartea premiatu dute «konponbidea eraikitzera aliantza feministen, antolakuntzaren eta borrokaren bidez». Esan dute, gainera, azken urteetako jarrera erreakzionarioak direla «borroka feministaren lorpenen aurkako erantzunak»: «Gizonek arriskuan ikusten dituzte beren pribilegioak, eta jarrera gero eta oldarkorragoak dituzte». Horregatik uste dute ezinbestekoak direla «antolakuntza eta militantzia feminista eta borroka kolektiboa», elkarren artean zaintzeak eta sareak ehuntzeak «askeago» eginen dituelako.

Urtero legez, Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatu ditu bost hiriburutan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karira. Hauek izanen dira:

manifestazioak

  1. Gasteiz. San Anton plazatik abiatuta, 19:00etan.

  2. Bilbo. Jesusen Bihotzetik aterako dira, 19:00etan.

  3. Iruñea. Gazteluko plazan batuko dira, 20:00etan.

  4. Donostia. Bulebarretik aterako dira, 19:00etan.

  5. Baiona. Herriko etxearen aurrean elkartuko dira, 18:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.