Euskal Herriko Mugimendu Feministak kaleak hartuko ditu gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela medio. Goiz osoan hamaika ekitaldi eta mobilizazio antolatu dituzte tokian tokiko talde eta eragile feministek, eta arratsaldean bortz hiriburutan eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan kontzentrazioak eta manifestazioak eginen dituzte. Ekintza horiek guztiak Ez bazara konponbidea, arazoa zara leloaren bueltan antolatu dituzte. Izan ere, herritar guztiek ardura hartzeko garaia dela aldarrikatzeko eguna izanen da gaurkoa.
Are, bereziki gizonek ardurak hartzeko garaia dela zehaztu du mugimendu feministak, eta hortik datorrela leloa: «Gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». Hori azaltzeko hainbat adibide jarri zituzten mobilizazioetara dei egiteko agerraldian: «Arazoa zarete eraso bat jasaten dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak; arazoa zarete lagunartean txisteak eta iruzkinak mozten ez dituzuenean; arazoa zarete erasoren bat jasan dugunean justifikatzen eta errua guregan jartzen duzuenean; arazoa zarete erasoa seinalatu bai baina zuen joerak zuzentzen ez dituzuenean; arazoa zarete feministok urteetan salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean».
MANIFESTAZIOAK
Gasteiz. San Anton plazatik abiatuta, 19:00etan.
- Bilbo. Jesusen Bihotzetik aterako dira, 19:00etan.
- Iruñea. Gazteluko plazan batuko dira, 20:00etan.
- Donostia. Bulebarretik aterako dira, 19:00etan.
- Baiona. Herriko etxearen aurrean elkartuko dira, 18:30ean.
Komunikabideei ere erreparatu diete aurten. Mugimendu feministak dioenez, zenbaitetan, emakumeei botatzen diete errua, eta kasuen «xehetasun morbosoak» aireratzen dituzte. Sare sozialez ere ohartarazi dute: «Babesteko izan daitezkeen arren, mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko, gorputzak kontrolatzeko bidea ere badira».
Joan den astean Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak Iruñean egindako prentsaurrekoan ere gizonei erreparatu zieten. Hain zuzen, gizonei gogoratu zieten ez duela balio bertze aldera begiratzeak, justifikazioak bilatzeak edo norberaren jokabidea zalantzan ez jartzeak ez duela balio.
Horrez gain, Euskal Herrian aurten eraildako bortz emakumeak ere gogora ekarri zituzten, eta azpimarratu aunitz direla, oraindik ere, A-25ean kalera ateratzeko motiboak: «Gure egunerokoan, erabat normalizatuta ditugu erasoak, bortxaketak, beldurra, erailketak...». BERRIAk egindako zenbaketaren arabera, indarkeria matxistak 124 emakume eta 12 haur hil ditu 2003tik.
Arlo digitala
Mugimendu feministak ez ezik, instituzioek ere adierazpenak eta agerraldiak eginen dituzte gaur. Eusko Jaurlaritzak, erraterako, esparru digitalean ematen den indarkerian jarriko du arreta, zehaztuta «feminismoaren eta berdintasunaren aurrerapenen aurrean erreakzio bat» dagoela mundu osoan. Erresistentzia horrek «misoginia gero eta normalizatuagoa izatea dakar, batez ere esparru digitaletan».
Nafarroako Gobernuak eguerdian eginen du elkarretaratzea, Ez diezazutela alderantziz esan, diskurtso ukatzaileak indarkeria matxista dira lelopean. Haiek ere indarra jarri nahi izan dute indarkeria ukatzen duten mezuei aurre egitean.
Itaia
Indarkeria matxistaren aurka, borrokatu! lelopean, berriz, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak mobilizaziora deitu ditu herritarrak. «Indarkeria matxista amaitzeko beharrezkoa da emakume langileon interesak erdigunean jarriko dituen antolakuntza politiko independentea sustatzea», erran dute.
Manifestazioak eginen dituzte Euskal Herriko zenbait herritan: hala nola Baionan, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Ildo horretatik, gehitu dute «emakumeek lehen lerroa hartu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatu» behar dutela.