Mugimendu Feministak Euskal Herriko kaleak hartu ditu Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren karietara, eta, emakumeek pairatzen dituzten indarkeria mota askotarikoak salatzeaz gain, aukera baliatu dute «konponbidea izan beharrean arazo» diren eragile eta erakundeei interpelazio zuzena egiteko. Bereziki, gizonezkoei, hedabideei eta instituzioei igorri diete mezua: «Konponbidea ez bazarete, arazoa zarete».
Adibidez, Bizkaiko Mugimendu Feministak salatu egin ditu «isiltzen diren gizonak, lankideak geldiarazten ez dituztenak, komentario misoginoak onartzen dituztenak eta erosotasun hutsez beste aldera begiratzen dutenak».
Antzeko mezua eman du Nafarroako Mugimendu Feministak: «Gizon askok aitzakia bezala diozue ez duzuela indarkeriarik eragiten, baina zeuek ere arazoa zarete gure hitza zalantzan jartzen duzuenean, errua erasoa pairatu duen emakumearen bizkar jartzen duzuenean, erasotzailea salatu bai baina zeuen jarrerak aztertzen ez dituzuenean, inolako erantzukizunik hartzen ez duzuenean». Antzera mintzatu da Gipuzkoako Mugimendu Feminista, eta Gasteizkoak ere gizonei bidali die mezua: «Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta duzue oraindik. Arazoa zarete arazoa ez zaretela uste baduzue».
Hedabideen jarrera ere salatu dute Euskal Herriko hiriburuetan egindako manifestazioetan: «Hedabideak ere arazo zarete indarkeria matxistaren erreprodukzioan, errua erasoa pairatu duenari egozten diozuenean, kasu bakoitzaren detaile morbosoak ematen dituzuenean eta terrore sexualari buruzko kontakizunak eraikitzen dituzuenean», azaldu dute Iruñean. Bizkaian, berriz, hedabideek eta sare sozialek «bortxaketaren kultura sustatzeko eta sexu indarkeriari garrantzia kentzeko» jokatutako rola gaitzetsi du Bizkaiko Emakumeen Asanbladak.
Donostian ere bat egin dute hedabideei egindako kritika horretan, eta gogorarazi dute azken bolada honetan komunikabideak eta sare sozialak «arrazakeriaz» jantzi direla. Gogor salatu dituzte «indarkeria matxistaren aitzakian zabaltzen eta indartzen ari diren jarrera eta diskurtso arrazistak». Eta erantsi dute indarkeria «molde berriak» hartzen ari dela sare sozialetan: «Mezu faltsuak modu azkarrean zabaltzeko, iraintzeko, gorputzen gaineko kontrolerako bide ere badira».
Azkenik, erakundeak ere jarri dituzte jomugan feministek. Haien «ekintza eta jarrera falta» salatu du Bizkaian Bilgune Feministak. Donostian, Gasteizen eta Iruñean, eskatu diete inbertsio gehiago egiteko prebentzio programetan, hezkuntzan, profesionalen prestakuntzan eta eraso egin dieten emakumeentzako baliabideetan. Horren ordez, inbertsioak kontrol neurrietan egiten dituztela nabarmendu dute: «Ez dugu polizia gehiago behar segurtasunaren izenean», adierazi dute Iruñean.
Askotariko indarkeriak
Manifestazioetan salatu dute indarkeria matxistak ertz asko dituela, eta zuzeneko eraso fisikoa baino askoz gehiago dela. Sexu erasoak, emakume migratuei ezarritako trabak, gorroto diskurtsoen gorakada, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako «misoginia eta jazarpen anonimoa» eta abar indarkeria matxistaren adierazpentzat jo dituzte.
Gasteizen, esaterako, pentsiodunek salatu dute «adineko emakumeei ezarritako prekaritatea, utzikeria eta bakardadea ere indarkeria» direla. Eginaren Eginez Arabako emakume elbarrien elkarteak «non, nola eta norekin bizi erabakitzeko eskubidea» aldarrikatu du, eta AEZLE Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkarteak gogorarazi du indarkeria eta sexu jazarpena ohikoak direla «gutxietsita eta prekarizatuta dauden lanpostuetan».
Indarkeria matxistak alde ugari izanik ere horiek guztiek «erro bakarra» dutela nabarmendu dute feministek: «Guztiak lotuta daude, eta emakumeen mendekotasuna betikotzen duen egitura heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitista bati eusteko balio dute», esan dute Bilbon.
Horren aurrean, «aliantza feministak, antolakuntza eta borroka» proposatu dituzte konponbidetzat. «Erreakzio misoginoaz» ohartarazi dute: «Gizonek arriskuan ikusten dituzte euren pribilegioak, eta jarrera gero eta oldarkorragoak hartzen ari dira». Horregatik, ezinbestekotzat jo dituzte antolakuntza eta militantzia feminista: «Asko gara, eta askoz gehiago izango gara».
Ardurak hartzeko eskea
Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatu da manifestazioa. Aurretik, Bilbo Feminista Saretzen plataformako kide Irati Sienrak eta Amanda Verronek mobilizazioaren nondik norakoak azaldu dituzte. Esan dutenez, aurten sexu indarkeriaren arazoa nabarmendu nahi izan dute Bilbon kasuak ugaldu direla ikusi dutelako. Gizonei «erantzukizuna» hartzeko deia egin diete: «Gizon askok urruneko zerbait izango balitz bezala ikusten dituzte erasotzaileak, baina eraso egitera iritsi badira, hori da lehenago inork ez dielako bidea moztu». Erantzukizunak hartzeko esan diete; «batez ere, beraiek nagusi diren eta emakumeoi ukatzen zaizkigun esparruetan».
Salatu dute orain erasotzaile askok «biktimaren rola» hartzen dutela «izenaren garbitasunaren izenean», eta lotsa «beste aldera» igaroko dela iragarri dute.
Manifestazioa 19:00etan abiatu da, Bortxaketaren kulturaren konplizeak zarete esaldia idatzita zeraman pankarta zabaldu ostean. Atzean, emakume ugari zihoazen, eta horietako askok, gazteenek batez ere, kartelak zeramatzaten, zenbait lelo eta esaldirekin. Maria Diaz de Haro kalearen parean, Feminista Abolizionisten Koordinakundeak deitutako emakumeak bildu dira, eta, manifestazioa handik igaro denean, mobilizazioarekin bat egin dute aparteko multzo batean, Prostituzioaren abolizioa eskatzen zuen pankarta baten atzean.
Aurrerago, Indautxu, Errekalde eta beste auzo batzuetatik etorritako emakumeak batu dira manifestaziora, eta Plaza Eliptikoan ere multzo handi bat gehitu da, batukada eta guzti. Apurka-apurka, mobilizazioa gizenduz joan da, eta, azkenean, Kale Nagusi osoa hartu du.
Manifestazioaren ibilbidean zehar, zenbait ekintza egin dituzte, aurtengo mobilizazioaren ideiak azpimarratzeko. El Correo egunkariak Kale Nagusian duen bulegoan eraso matxisten inguruko albisteak zekartzaten orriak itsatsi dituzte; Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean pankarta bat zabaldu dute, Arreta psikologiko duina orain leloarekin, eta justizia jauregiaren parean beste pankarta bat zabaldu dute feminista gazteek, bozgorailuetatik grabazio batek epaileen «konplizitatea» salatzen zuen bitartean. Kasu guztietan bengalak piztu dituzte ekintzei ikusgarritasun handiagoa emateko.
Udaletxean amaitu da manifestazioa, eta, hara iritsi bitartean, etengabeak izan dia oihuak: Erasorik ez erantzunik gabe; Erasoen aurrean ekintza zuzena; Kaleak, gauak, geureak dira; Autodefentsa feminista; Gora borroka feminista; Konponbidea ez bazara, konplizea zara eta antzeko leloak oihukatu dituzte.
Baionan, ehunka lagun
Ehunka jende bildu da Baionako karriketan mugimendu feministaren deiari erantzunez, indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko eguna kari egin duten mobilizazioan. Aurten Euskal Herrian izan diren bost erailketa matxistak salatu dituzte, eta urte bakarrean Ipar Euskal Herrian izan diren datuak oroitarazi: «Bi hilketa; dakigunez, hamahiru sexu eraso Baionako bestetan; hainbat bortxaketa salaketa; erasotzaile bat hemen, Baionako herriko etxean; eta beste hainbat eta hainbat isilean direnak», adierazi du Elaia Hegik.
Askotariko oihuak entzun dira manifestazioan, borroka feministaren alde eta mota orotako erasoen kontra. Laurehun pertsona elkartu dira Baionako herriko etxetik abiatu eta Patxa plazaraino egin duten ibilbidean.
Aña Iriarte Sutan taldeko kideak aurten izan diren erasoen berri eman du.
— Ekhi Erremundegi (@ekhierremundegi.bsky.social) 25 novembre 2024 à 18:53
[image or embed]
Gizonei mintzatu zaizkie mugimendu feministako kideak, «arazoa» beraiek direla erranez, eta erantzukizunak hartzeko eskatu diete: «Gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta duzue oraindik. Zuentzako mezu zuzena da; sistema bidegabe honen parean, argi dugu: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete!», erran du Maddi Kintanak
Ipar Euskal Herriko erakundeei dagozkien erantzukizunak betetzeko eskatu diete, eta gizarteari eskatu diote indarkeria bere forma guzietan borrokatu dezala. Hedabideentzat ere izan dute hitzik, betetzen duten rola eta zabaltzen dituzten diskurtsoak zalantzan emanez. «Jasaten dugun indarkeriari aurre egiteko tresnak birpentsatu beharko ditugu, kolektiboki».
Gasteizen, San Anton plazatik abiatu da mobilizazioa; Donostian, Bulebarrean hasi da, eta Iruñean, berriz, Gazteluko plazan.