Komunikazio arloko irakasle eta ikertzailea

Miren Berasategi Zeberio: «Gizon gazteek kontserbadurismorako joera dute»

'Erreakzio antifeministak' ikerlanaren sorreran parte hartu du Berasategik. Plataforma digitalen eta berdintasunaren aurkako diskurtsoen arteko lotura aztertu dute.

Miren Berasategi Zeberio, 'Erresistentzia antifeministak' ikerketaren sortzaileetako bat, Deustuko Unibertsitateko campusean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Miren Berasategi Zeberio, 'Erresistentzia antifeministak' ikerketaren sortzaileetako bat, Deustuko Unibertsitateko campusean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
iraia vieira gil
2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da Miren Berasategi Zeberio (Donostia, 1982). Komunikazio arloan aditua da, sareetan zabaltzen diren mezuen inguruan hausnartzeko klaseak ematen ditu, eta, horrez gain, datuen kazetaritzari buruzko doktoretza bat egiten ari da. Erresistentzia antifeministak ikerlanaren sorreran parte hartu du aurten, Miren Gutierrez ikertzailearen zuzendaritzapean. Garazi Azanzarekin, Xabier Landabidearekin, Asier Leozekin, Irene Perez Tiradorekin, Maria Pilar Rodriguezekin, Lorena Rondarekin eta Cristina Ubanirekin batera, feminismoarekin lotutako aurrerapenak ukatu edota eragotzi nahi dituzten plataforma digitaletako diskurtsoak aztertu ditu. Emakundek eskainitako beka baten harira egin dute ikerketa.

Zein izan da ikerlanaren helburu nagusia?

Kontzientzia hartzea eta jakitea erresistentzia antifeministak existitzen direla. Erresistentzia horiek ezaugarritu ditugu, plataforma digitaletan identifikatzeko modua izan dezagun. 

Zehazki, zer dira erresistentzia antifeministak?

Feminismoaren aldetik eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeari begira egiten diren aurrerapausoen aurkako erreakzioak. Ez dira berriak: feminismoaren olatu bakoitzak emakumeen alde lortutako aurrerapenen kontrako inertziak eragin ditu. Gaur egun, esaterako, Me Too mugimenduak Him Too aurkako erreakzioa jaso du erantzun gisa.

Erresistentzia horiek azaltzeko modua aldatu da denborarekin? 

Eremu digitalak dituen ezaugarrien ondorioz, orain antzematen duguna da erresistentzia antifeministek badaukatela gaitasun bat zabaltzen dituzten mezuetako batzuk oihartzun askoz ere handiago batekin erreproduzitzeko. Hasieran, iruditzen zitzaigun esparru digitalak komunikaziorako, demokraziarako eta berritasunerako eremu bat aurkezten zuela, baina praktikan ez da hori gertatu. Iritsi da puntu bat non geroz eta konplikatuagoa den gertaerak propagandatik eta mezu manipulatzaileetatik bereiztea.

«Gizon gazteen %44k uste dute feminismoa hain urrun heldu dela, non haiek diren egungo subjektu diskriminatuak»

Plataforma digitalek bermatzen duten anonimotasunak mezu antifeministak hedatzen laguntzen du?

Anonimotasuna izateak eragiten du erreakzio antifeminista horiek izatea biolentoagoak, sistematikoagoak, zakarragoak eta intentsitate handiagokoak. Egia da plataforma digitalen artean desberdintasunak daudela; Instagram, adibidez, sare sozial atsegina da, beste batzuekin konparatuz. Twitter da erreakzio antifeminista gehien biltzen duen plataforma. Gehien aztertutakoa den aldetik, sare sozial horretan ikus daitezkeen erreakzioak kuantitatiboki eta kualitatiboki indartsuagoak dira. Hedabideetako iritzi artikuluak kontuan hartzea ere garrantzitsua da: moderatuagoak dirudite, baina plataforma digitalek baino mezu zatarragoak biltzen dituzte askotan.

Lokatzetan EITBko podcasta ere aztertu duzue. Zergatik?

Podcast hori arrazoi ugarirengatik aukeratu genuen: feminismoaren ikuspuntutik lantzen dituelako edukiak, kalitate onekoa delako, eta gazteekin harreman estua duelako. Izan ere, gazteen artean badago adin gehiagoko gizon eta emakumeen artean ez dagoen arrakala bat: gizon gazteek kontserbadurismorako joera dute, eta eskuin muturra babesten dute askok; emakume gazteek, ez. Horrek guztiak esparru digitala tentuz ikertzera eraman gaitu, eta gazteek, zehazki, podcast asko entzuten dituzte. Lokatzetan-ek errealitatearen irudikapen egokia egiten du.

Uste duzu gizon gazteek feminismoari buruz duten pertzepzioa aldatu dela azken urteotan?

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko pertzepzioa eta genero estereotipoak inkestaargitaratu zuen iaz CISek. Emaitzen arabera, gizon gazteen %44k uste dute feminismoa hain urrun heldu dela, non haiek diren egungo subjektu diskriminatuak. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ukatzeaz gainera, uste dute emakumeok egoerari buelta eman diogula eta haien aurka egiten ari garela. Errealitatetik urrun dagoen pertzepzioa da, eta horrek zer pentsatua eman beharko liguke.

Plataforma digitaletako erresistentzia antifeministen soslai orokorra gizon gazteena da?

Denetarik ikusi dugu, oso zabaldurik dagoen joera delako. CISen galdetegi horretan, gizonen %44k adierazi zuten diskriminaturik sentitzen direla, baina emakumeen %32,5ek bat egin zuten uste horrekin. Argitaratzeko dugun beste ikerketa batean eskuin muturreko alderdietako emakumeen Twitterreko soslaiak aztertzeari ekin genion, eta hor ere erresistentzia antifeministen adibide asko aurkitu genituen. Beraz, esango nuke ez dagoela erresistentzia antifeministen soslai identifikagarririk. Eta kontrara ere bai: ez dago erresistentzia antifeministetatik salbu dagoen soslai identifikagarririk.

«Egungo erritmoa kontuan hartuta, 134 urte beharko lirateke mundu osoan erabateko berdintasuna lortzeko»

Zein da ikerlanean gehien errepikatzen den erresistentzia antifeministen eredua?

Mota guztietako ereduak bildu ditugu. Lokatzetan podcastean, esaterako, esparru desberdinetan eta ikuspegi diferenteetatik erresistentzia horiek bizi izan dituzten emakumeen testigantzak jasotzen dituzte. Emakumeen presentziaren ukapena da erreakzio horien adibiderik argiena: emakumeak izan daitezke pilotariak, futbolariak edo politikariak, baina bigarren maila batean geratu behar dute beti, ahotsa gehiegi altxatu gabe, tonua gehiegi gogortu gabe...

Nola egin ahal diegu aurre mota horretako erasoei?

Oso erantzun konplexua eskatzen duen galdera da hori. Erresistentzia antifeminista horiek ezabatzerako bidean, atal bat sortu dugu txostenean, erresistentzia antifeministei aurre egiteko materialak eta baliabideak jasotzen dituena.

Gizartea berdintasuna lortzeko bide onean dabilela uste duzu?

Berdintasuna lortu gabe dagoela adierazten duen datu oso argi bat da Munduko Ekonomia Foroak urtero argitaratzen duen Global gender gap txostena. Herrialdeka jasotzen du generoen arteko arrakalaren neurketa saiakera, eta, azken urteotan bildutako datuen arabera, moteldu egin da arrakala amaitzeko abiadura. Berdintasunerako bidean daramagun erritmoa kontuan hartuta, 134 urte beharko lirateke mundu osoan erabateko berdintasuna lortzeko. Botere esparruei, ahalduntzeari eta ekonomiarako sarbideei dagokienez, batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.