Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zortzi urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. 2022ko abuztuaren 14an ahalegindu zen emakumea aiztokadaz hiltzen, Donostiako etxe batean; han bizi ziren biak eta beren 4 urteko umea. Zauri larriak egin zizkion andreari aurpegian, toraxean eta sorbaldetan, eta hamabi egun pasatu zituen ospitalean, urgentziazko ebakuntza bat egin baitzioten.
EFE berri agentziak epaia aipatuta argitaratu duenez, erasotzailea «mozkor» zegoen andrea hiltzen saiatu zenean. Abuztuaren 14ko 06:15ean etxera iritsi zenean, bere haurra eta haren zaintzailea zeuden etxean. Zaintzaileari joateko esan zion, eta andreari telefonoz deitu zion. «Beldurra ote zuen eta ea etxera joango zen» galdetu zion, epaiaren arabera. Hark erantzun zion bost minutuan han izango zela. 07:00etan sartu zen andrea etxean, eta gizonak ilunpetan egin zion eraso, aurpegian eta bularraldean; hura hiltzen saiatu zen.
Une horretan etxeko atea jo zuten. Gizonak bere burua zauritu zuen, eta erasotzen ari zitzaizkiola adierazi zion atearen beste aldekoari. Goiz horretan bertan ospitaleratu zuten indarkeria matxistaren biktima, eta erasotzailea behin-behinean espetxeratu zuten.
Zortzi urteko espetxe zigorra ez ezik, urruntze agindua ere indarrean izango du hamalau urtez: ezingo da emakumearengana gerturatu aldi horretan. Guraso ahala ere kendu diote, eta 46.000 euro inguruko kalte ordaina ordaindu beharko dio andreari, hura hiltzen ahalegintzeagatik eta eraso hark eragindako kalteengatik.