Bizkaiko Probintzia Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, konorterik gabe zegoen emakume bat bortxatzeagatik eta gero haren argazkiak zabaltzeagatik. Kartzela zigorra betetakoan, bost urtez egon beharko du zaintzapean, eta epe horretan sexu heziketako programetan parte hartu beharko du. Zigorra hitzartu egin dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Zigorra arindu egin diote, epaiketa egin aurretik 3.000 euro utzi zituelako epaitegian, biktimari emateko, eta epaileak uste duelako horrek erakusten duela kaltearen zati bat konpontzeko borondatea duela.
Gizonak 2021eko irailaren 25eko goizaldean ezagutu zuen emakumea, Bilboko taberna batean. Emakumearen «egoera etiliko larria aprobetxatuta», bere etxera joatea proposatu zion. Etxean, emakumeak konortea galdu zuen logelan. Gizonak bortxatu egin zuen, eta, emakumea «konorterik gabe edo lo» zegoela, bederatzi argazki intimo atera zizkion. Hiru laguni bidali zizkien.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bi delitugatik zigortu du: alde batetik, sexu erasoagatik; bestetik, sekretuak agerrarazteagatik edo ezagutarazteagatik. 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio emakumeari.
Epaia irmoa da, eta ezin da helegiterik aurkeztu haren aurka.