Gizon bati hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri diote, adimen urriko emakume bati sexu erasoak egiteagatik

Gizona ezingo da hamalau urtez biktimarengana hurbildu, eta 15.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio, «eragindako kalte moral eta psikologikoengatik». Aldi berean, ezingo du adingabeekin lanik egin hurrengo hemezortzi urteetan.

Gasteizen indarkeria matxistaren aurka egindako protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Gasteizen indarkeria matxistaren aurka egindako protesta baten irudia. IÑIGO URIZ / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko irailaren 13a
16:55
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiak hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri dio 2021ean adimen urriko emakume bati sexu erasoak egin zizkion gizon bati. Biktima erasotzailearen orduko bikotekidearen alaba zen. 60 urte baino gehiago zituen gizonak, eta, 30 baino gehiago emakumeak. Hala ere, ikerketan parte hartu duten psikologoek adierazi dute emakumeak «8 edo 9 urteko adin mentala» duela. Sententziaren arabera, gizonak bakarrik zeuden uneak «aprobetxatzen» zituen hari sexu erasoak egiteko, eta «bazekien» biktimak adimen urritasuna zuela.

Kartzela zigorraz gain, 15.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio emakumeari, eta hamalau urtez ezin izango da harengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu. Kartzela zigorra betetzen duenean, zaintzapean egongo da beste bost urtez. Gainera, hurrengo hemezortzi urteetan ezingo du adingabeekin lan egin. 

Sententziaren esanetan, emakumeak amari edo beste inori ezer ez kontatzeko, gizonak jotzeko mehatxua egiten zion. Biktima mehatxatzeko ez ezik, harekin sexu harremanak izateko ere baliatzen zuen indarkeria, auzitegiak dioenez: «Egiaztatuta dago akusatuak mehatxuak eta indarkeria fisikoa erabiltzen zituela biktimaren erresistentzia gainditzeko. Biktimak behin baino gehiagotan adierazi zion ez zuela sexu harremanik izan nahi, eta, hala eta guztiz ere, horretara behartzen zuen». Hala, sexu eraso jarraituak egiteagatik epaitu dute gizona nagusiki, baina beste delitu bat gehitu diote akusazioari. Izan ere, gizonak biktima iraindu egiten zuen, eta irain bidegabeen delitu batengatik 270 euroko isuna erantsi diote zigorrari.

Gizonak gertakariak ukatu ditu beti, baina psikologoek oso argi utzi dute ez dagoela biktimak akusazioa asmatzeko arrazoirik. «Biktimak auzitegiaren aurrean egin zuen kontakizunaren barne koherentzia ukaezina da, eta ez zuen kontatu argi eta garbi sinesgaitza zen ezer», baieztatu dute. Emakumearen bertsioa «sinesgarria» eta «fidagarria» dela adierazi dute magistratuek ere: «Irmo aritu da akusatuak pairarazten zizkion sexu ekintzen inguruan, eta biktimak kontatutakoan ez dugu aurkitu zentzugabeko hutsunerik edo ahulgunerik». Hala ere, epaia ez da irmoa, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurtsoa aurkezteko aukera izango du akusatuak.

Bost egunetan, zazpi atxilotu

Nafarroako Foruzaingoak sei gizon atxilotu ditu aste honetan indarkeria matxistagatik: bi gizon Iruñean, tratu txarrengatik; beste bi Lizarran eta Sarrigurenen, bikotekide ohiei mehatxu larriak egiteagatik; bat Tuteran, urruntze agindua urratzeagatik; eta Iruñeko anbulantzia gidari bat ikertzen ari dira, desgaitasun bat duen pertsona bati sexu probokazioa egitea egotzita: Poliziaren esanetan, proposamen lizunak egin zizkion, anbulantzian zeramaten bitartean.

Gasteizen gizon bat atxilotu du Ertzaintzak gaur goizean, Adurtza kaleko lokal batean eraso matxista bat egitea egotzita. Harekin zegoen emakumea artatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.