Urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, neska bat bortxatzen saiatzeagatik

Neskarekin batera sartu zen ezkaratzera, eta igogailuan eraso egin zion. Zigorrari buruzko akordioa lortu dute defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrak.

Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
nerea intxausti
2024ko abenduaren 18a
18:30
Entzun

Gizon bat 18 urteko neska bat bortxatzen saiatu zen 2022ko maiatzaren 8ko goizaldean, neska bizi zen eraikineko igogailuan. Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio. Zigortuaren defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrak zigorrari buruzko akordioa lortu dute epaiketa hasi baino lehen, Efe agentziak zehaztu duenez. Fiskaltzak hiru urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, lau urtekoa.

Zigortuak 6.000 euro eman beharko dizkio neskari, eta lau urtez egon beharko du zaintzapean. Ezingo da harekin harremanetan jarri edo harengana hurbildu bost urte eta erdian.

Neska etxera bueltan zihoan. Ezkaratzera sartu zenean, gizona harekin batera sartu zen. Igogailuaren barrura bultza egin zion, eta bortxatzen saiatu zen. Neska erasotzailearengandik ihes egiten saiatu zen, eta oihuka hasi. Igogailua haren etxeari zegokion solairura iritsi zenean, senide bat zuen zain. Neskak etxera ihes egin zuen, eta haren bi senidek gizonari ihes egitea oztopatu zioten. Igogailutik ateraraztea lortu zuten, baina ihes egin zuen eskaileretan behera.

Erasotzailea identifikatu egin zuten, eta Ertzaintzak atxilotu egin zuen etxearen inguruan.

21 hilabeteko kartzela zigorra

Iruñeko Zigor Arloko 5. Epaitegiak, berriz, 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 37 urteko gizon bati, sei urtean bikotekideari tratu txar psikologikoak emateagatik. Hiru urtean ezingo da bikotekide ohiarekin harremanetan jarri eta 200 metro baino gutxiagora hurbildu. 4.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio. 

Sententziaren arabera, elkarrekin bizitzen hasi zirenetik gizonak sakelako telefonoa kontrolatzen zion, eta azalpenak eskatzen zizkion izaten zituen elkarrizketei buruz. Emakumea etxetik kanpo zela, deitu egiten zion, edo bideo deiak egitera behartu. Zenbaitetan, kokapena edo argazki bat bidaltzera ere behartzen zuen.

Gizonak «nagusitasun jarrera» eta «jarrera gutxiesgarria» zuen emakumearekin, sententziaren arabera. Esaten zion gauzak gaizki egiten zituela eta ama eta emazte txarra zela. Oihu egiten zion etengabe. Jendearen aurrean, inteligentziarik izango ez balu bezala tratatzen zuen. Desleiala izatea egozten zion.

Jarrera horren ondorioz, emakumea errudun, gauzaez eta frustratuta sentitu da, epaiaren arabera. Ezintasuna, tentsioa, beldurra, larritasuna, antsietatea eta aldakortasuna izan ditu. Horrek guztiak eragina izan du haren bizitzan eta senideekin, lagunekin eta lankideekin dituen harremanetan. Tratamendua jasotzen ari da gaur egun.

«Etengabeko eraso giroan bizi izan da, ohiko bortizkeria fisikoaren, hitzezkoaren eta psikologikoaren ondorioz», zehaztu du epaileak. Tratu txar psikologikoa dela nabarmendu du, eta zehaztu gizona emakumea menderatzen eta azpiratzen saiatu dela larderiaren eta beldurraren bitartez.  

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen

Gasteizko udaltzainek 45 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo: Pilar auzoko etxe batean emakume bati eraso egitea leporatu zioten. Indarkeria matxistako hainbat delitu egotzi zizkioten.

Herritar batek udaltzainei deitu zien 22:00etan, etxe baten barruan borroka bat zegoelako, eta eztabaida «gogor bat» sumatzen zelako. Emakume batek ireki zien atea, eta beste bat ere bazegoen barruan, «negar zotinka eta urduri»; gizona ere bertan zen.

Udaltzainek lekuz aldatuta nabaritu zituzten zenbait altzari, eta objektu batzuk lurrean zeuden. Biktima eta erasotzailea bereizi egin zituzten, kostata, gizonak aurre egin baitzien, Gasteizko Udaltzaingoaren arabera. Emakumeari lesioak ikusi zizkioten, eta, etxean zeudenen lekukotzak jaso eta gero, gizona atxilotu zuten. Laster egingo dute epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.