Autoen matrikulek hura nongoa den identifikatzeko hizki bat eramaten dute Europako banderaren gainean: E bat Hego Euskal Herrikoek eta F Ipar Euskal Herrikoek. Alabaina, zenbaitek horiek estaltzea erabakitzen dute, EH jartzen duen pegatina gainean itsatsita. Hori erabaki dutenetako bat da Ibon Aginaga Imaz; autoan, aurreko nahiz atzeko matrikuletan, horrelako pegatinak ditu ipiniak. BERRIAri jakinarazi dionez, bi isun jarri berri dizkiote horregatik: guztira, 400 euro ordaintzera zigortu nahi dute.
Hiru hilabete egin du atzera gertatutakoaren nondik norakoak azaltzeko. Ordura arte, Aginagaren hitzetan, hainbat aldiz geratu izan zuten Guardia Zibilak eta Ertzaintzak, baina inoiz ez zioten arazorik jarri pegatinengatik. Ordea, orain hiru hilabete-edo, Ertzaintzak kontrol batean gelditu zuen. «Esan zidaten: 'Matrikula aldatu duzu'. Hasi ziren esaten hori ezin zela egin, eta nik esan nien ez dela ilegala, badaudela aurrekariak, eta beraiek ezetz, segituan kentzeko, 200 euroko isuna jarriko zidatela bestela. Momentuan kendu nuen, baina esan nien legeak ez zuela debekatzen».
Antzeko kasuak gertatu izan dira; azkenean, baina, 2022an, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak gutun bat bidali zion autoan GZ letrak edukitzeagatik zigortutako galiziar bati, eta adierazi zioten isunak kenduko zizkiotela, hark egindakoa ez zelako zigortzeko modukoa legearen arabera. Izan ere, legeak zehazten du ezin direla matrikulan jarri hura «irakurtzea edo identifikatzea galarazten edo zailtzen duten oztopoak». Kasu hartan, Madrilek ebatzi zuen ez zela halakorik gertatzen.
Hortaz, Aginagak erabaki zuen legea inprimatzea eta autoan edukitzea, badaezpada. Esan duenez, irailaren 16an, Ertzaintzak berriro geratu zuen kontrol batean, Bergarako ordainlekuan (Gipuzkoa): «Hasieran, kontrol normal bat zen: autoko paperak, eta kito». Ordea, Aginagaren hitzetan, ertzain bat matrikulari begira hasi zen. «Handik gutxira agertu zen ertzaina, eta zera esan zidan: 'Matrikula aldatuta daukazu, ezin duzu hori jarri'. Eta nik: 'Hemen daukazu lege oinarria esaten duena hori ez dela ilegala'. Hori ez zitzaion gustatu», Aginagaren arabera. «Handik hogei minutura etorri zen, eta beste paper batzuk eskatzen hasi zen: nortasun agiria, autoko gidabaimena, ibilgailuen azterketa teknikoko paperak... Dena ondo neukan, eta ezin ezer esan».
Orduan, ertzaina gurpilei begira hasi zela dio, eta esan zion «justu-justuan» zituela, isuna jartzeko moduan. Eta isuna jarriko ziola esan zion, ez gurpilengatik, ordea: «Zera esan zidan: 'Atzeko matrikularengatik isuna jarriko dizut; aurreko matrikulagatik ez dizut jarriko, baina nahi dut diru hori zuk erabiltzea gurpilak ordaintzeko'. Jatorrarena egiten hasi zen».
Aginagak, baina, berean jarraitu zuen, eta esan zion matrikulagatik ezin ziola zigorrik jarri, aurrekariak-eta bazeudela. «Esan nion: 'Orduan, benetan ipiniko didazu isuna?'. Baietz esan zidan. Eta esan nion: 'Isuna jartzera bazoaz, euskaraz jartzea nahi dut'. Azaldu zidan erdaraz egina zuela, eta isunak horrela egiten dituela». Berriro eskatu zion euskaraz jartzeko, eskubidea zuela.
Aginaragaren esanetan, ertzainak ez zuen begi onez ikusi bere eskea: «Isil-isilik geratu zen, niri begira, nahiko amorru begiradarekin, hiru edo lau segundoan. Eta hau esan zidan: 'A, bai? Ados. Orduan, aurreko matrikulagatik ere isuna jarriko dizut, hura euskaraz. Ondo?'. Nik galdetu nion: 'Euskaraz jarriko didazu? Orduan, jarri, baina euskaraz nahi dut oso-osorik'. Euskaraz jarri zion bigarren isun hori: «Joan zen, eta handik hogei minutura-edo etorri zen isunarekin. Eta zera esan zidan: 'Hemen daukazu isuna, euskaraz egin dudan lehena'».
Bidea bukatu gabe
Aginagaren auzia ez da amaitu oraindik; erantzutea erabaki du: jarritako isunaren aurkako alegazioa jarria du, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere egin du salaketa. Bi eskaera ditu: isunak kentzea eta berriz horrelako kasuetan ertzainek «horrelako jarrera desegokirik» ez edukitzea bermatzea. Jendeak bere kasuaren berria izatea ere nahi du: «Uste dut naziogintzaren eta euskaldunon kontrako eraso bat dela».