INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek neska laguna hil du Gasteizen, eta bere buruaz bertze egin du

2003tik 112 emakume hil dituzte Euskal Herrian. Elkarretaratzera deitu dute gaurko.

Polizia bikotearen etxebizitza atarian, Gasteizko Sansomendi auzoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Uxue Rey Gorraiz - Maddi Ane Txoperena Iribarren
2021eko urriaren 12a
09:49
Entzun

Atzo, goizeko zazpiak eta hogei inguruan atzeman zituen Ertzaintzak emakume baten eta gizon baten gorpuak Gasteizko Sansomendi auzoko etxebizitza batean, biak indarkeria zantzuekin. Emakumezkoak Erika T. zuen izena eta 37 urte zituen; gizonezkoak 42 urte zituen. Bikotekideak ziren, eta, hainbat iturrik aipatu dutenez, banantze prozesuan zeuden.

Ebaki sakonak zituzten biek gorputzean: lepoan emakumeak, bularraldean gizonak. Ertzaintzak BERRIAri adierazi dionez «itxura guztien arabera» indarkeria matxista kasu bat da gertaturikoa: gizonak emakumea hil izanen luke lehenik, labankadaz, eta ondoren bere buruaz bertze egin. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, hori da gertatu zena lehen ikerketen arabera.

Bikotearen semeek eman zioten abisua Poliziari goizean, 07:15 aldean, eta Ertzaintza joan zen etxebizitzara, gertatua ikustera. Iritsitakoan, gizonezkoa bizirik zen artean, baina minutu gutxi batzuen buruan zendu zen. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bikotearen bi semeak adingabeak dira: 13 eta 17 urte dituzte.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak protestara deitu du gaurko eta biharko. Gaur 19:00etan bilduko dira Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan. Bihar, berriz, Bilbon, Donostian eta Iruñean eginen dituzte elkarretaratzeak. Bilbon Arriaga plazan bilduko dira, 19:00etan; Iruñean Udaletxe plazan, 20:00etan; eta Donostian 19:00etan, Bulebarrean.

Arbuio erabatekoa

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hilketa matxistatzat jo zuen gertaturikoa: salatu zuen indarkeria matxistak «emakumeak erailtzen» dituela eta «adingabeen, senideen eta lagunen bizitzak suntsitzen». Hilketa «irmoki gaitzetsi» zuen, eta babesa adierazi zien «krimen horren biktimei». Udalak jakinarazi zuen bozeramaileen batzordea bilduko dela gaur, asteazkena, hilketa salatzeko adierazpen bat kaleratu eta elkarretaratze batera deitzeko.

Emakundek ere «gogor» salatu zuen emakumearen hilketa, eta herritarrei eskatu zien «gaitzespena» adieraz dezatela. Jakinarazi zuen martxan jarri zutela protokoloa, eta Gasteizko Udalarekin batera protestara deitu dute gaurko: 12:00etan eginen dute elkarretaratzea, Gasteizko Plaza Berrian. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria han izanen dira. Emakundek gogoratu zuen «emakumeen aurkako indarkeria mota» hori «menpekotasunaren eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latzena eta gogorrena» dela. Ohartarazi zuen, halaber, «emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat» eraikitzeko «ezinbestekoa» dela «hiritar guztien jarrera aktiboa».

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi zuen «egun iluna» zela atzokoa, eta erran zuen «onartezina» dela emakumeen aurkako indarkeria. Hark ere berretsi zuen Gasteizko Sansomendi auzoan gizonak emakumea hil eta ondoren bere buruaz bertze egin zuela, «itxura guztien arabera». Haren hitzetan, «emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpide krudel eta gogorrenaren hiru biktima gehiago» dira atzo hildako emakumea eta haren bi semeak.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak ere salatu zuen «erailketa matxista izugarria», eta gizarteari eskatu zion «onar» dezala indarkeria matxista dela «duen arazo nagusietako bat». Adierazi zuen «genero indarkeria desagerrarazi artean» gizartea ez dela «erabat justua eta osasuntsua» izanen.

Eudel udalen elkarteak, halaber, «arbuio irmoena» adierazi zuen eta bat egin zuen Emakundek eta Gasteizko Udalak gaurko deituriko elkarretaratzearekin. Elkartearen arabera, gazteei zuzenduriko sentsibilizazio ekintzak indartu behar dira. Indarkeriaren erroan jarri zuten arreta: «Heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dute erakusten; izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, bere aldetik, indarkeria matxista «eta hura ukatzen dutenen diskurtsoa» salatu zituen sare sozialetan. Gasteizko EH Bilduk adierazi zuen «sistema patriarkalak» eragiten dituen «indarkeria forma guztiak» gaitzesten dituztela: «Ez da kasu bakan bat, nazkatuta gaude». Ahal Duguk adierazi zuen ez dagoela «ez aitzakiarik ez justifikaziorik indarkeria matxistaren aurka ez borrokatzeko».

2003tik 112 emakume

Aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bosgarren emakumea da atzo Gasteizen hilda atzeman zutena. 2003tik 112 emakume hil dituzte Euskal Herrian, BERRIAren zenbaketaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.