Foruzaingoak 83 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizean Labion (Aranguren, Nafarroa), bere 55 urteko semea tiroz hil duelako. Hiru tiro eman dizkio, ehizarako eskopeta bat baliatuta.
Euren etxean hil du, goizean, 08:15ean. Bizilagun batek eman du abisua, hiltzaileak berak gertatutakoa kontatu baitio. Orduan joan da Polizia, eta inguruak itxi ditu.
Lehen informazioen arabera, gauean eztabaidan ibili dira aita-semeak. Dirudienez, semeak zenbait alditan mehatxatu du aita labana batekin; dirua ematea nahi zuen. Hori ikusirik, aitak, eskopeta hartu, eta hiru tiro eman dizkio. Bertan hil da semea.
Gorpua 11:45 aldera altxatu, eta Iruñera eraman dute, auzitegi medikuak autopsia egiteko. Hiltzailea, berriz, atxilotu, eta Foruzaingoaren egoitza nagusira eraman dute. Han izango dute atxikia epailearen aurretik pasatu arte.