Gizon batek andrea hil du Miarritzen, eta bere buruaz bertze egin du gero

Tiroz hil du emakumea. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista da. 110 emakume hil dituzte 2003az geroztik. Protesta eginen dute gaur Miarritzen, 18:00etan

maddi ane txoperena iribarren
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun

Bertze hilketa matxista bat, berriro Lapurdin. Eta berriro adineko emakume batena, gizonezko bikotekideak hilda. Azken lau urteotan gertaera bera edo antzekoa errepikatu da ingurune berean, urterik urte: 2018an, Rejane Chaumont izeneko 73 urteko emakume bat hil zuen bikotekideak Bidarten; 2019an, 81 urteko Mayie Nervie eta 72 urteko Chantal Monte hil zituzten senarrek, Urruñan eta Bardozen, hurrenez hurren; iaz, 83 urteko emakume bat hil zuen bikotekideak Angelun; eta atzo gertatu zen azkenekoa: 75 urteko emakume bat hil zuen 77 urteko gizonezko bikotekideak, Miarritzen —edizio hau ixterako ez zuten haren izenik jakinarazi—.

Atzo goizaldean jazo zen aurten Euskal Herrian gertaturiko hirugarren hilketa matxista. Goizean zabaldu zen berria: Ipar Euskal Herriko hainbat komunikabidek jakinarazi zuten suhiltzaileek hildako emakumearen eta gizonezkoaren gorpuak atzeman zituztela goizaldean, Miarritzeko euren etxean, indarkeria zantzuekin. Jerome Bourrier prokuradoreak komunikabideek errandakoa baieztatu zuen egunean zehar: gizonezkoak emakumea hil izanen lukeela lehenik, tiroz, eta ondotik bere buruaz bertze egin. Miarritzeko Aguilera auzoan gertatu zen hilketa, eta ikerketa Frantziako Poliziak Miarritzen duen polizia etxearen esku utzia dute. Zabaldutako informazioaren arabera, gizonezkoak «ehizarako arma bat» erabili izanen luke emaztea lehenik eta ondoren bere burua hiltzeko.

Prokuradoreak atzo BERRIAri baieztatu zionez, «nahita egindako hilketa» gisa kalifikatu dute hilketa matxista. Frantziako Estatuko delitu tipologian dagoen aukeretako bat da nahita egindako hilketarena, hain zuzen: erailketa eta nahigabeko hilketa dira egon daitezkeen bertze bi aukerak. Erailketak hilketa aurrez pentsatu eta prestatu izana lekarke, eta, beraz, Miarritzen gertaturikoa ez litzateke ustez aitzinetik pentsatua, baina bai, ordea, nahitara egindakoa.

Atzo zenbait komunikabidek zabaldu zutenez, gutun bat atzeman zuten bi adinekoen etxean, zeinean idatzia baitzegoen bikoteak «nekea» pairatzen zuela. Bourrierek BERRIAri erran zionez, ordea, ez dago nahita egindako hilketa ez den bertze hipotesirik. Autopsia heldu den astean eginen diete bi gorpuei.

Ipar Euskal Herrian Martxoaren 8rako sorturiko batzarrak elkarretaratzera deitu du gaurko hilketa matxista salatzeko: 18:00etan eginen dute protesta, Miarritzeko Herriko Etxearen aitzinean.

2003tik 110 emakume

Hemezortzi urtean 110 emakume hil dituzte gizonezkoek Euskal Herrian —BERRIAk 2003az geroztik zenbatzen ditu hilketa matxistak—, eta, lurraldeka, hilketa gehien Bizkaian eragin dituzte: berrogei. Ondotik Lapurdin jazo dira gehien: atzokoarekin 24, orotara. Biztanleria kontuan hartuta, Lapurdi da proportzioan hilketa gehien duen lurraldea.

Aurtengo bertze bi hilketak Gipuzkoan eta Bizkaian gertatu dira: urtarrilean Aintzane Pujana izeneko 32 urteko emakume bat atzeman zuten hilda Aizarnazabalen (Gipuzkoa), eta 23 eta 24 urteko gizon-emakume batzuei egotzi zieten hilketa. Pujana legez kanpo atxiki eta hura sexualki esplotatu izana ere leporatu zieten. Otsailean gertatu zen bigarrena, Sestaon (Bizkaia): gizonezko batek etxean hil zuen 56 urteko Conchi Gonzalez emaztea, eta ondoren ibaira bota zuen bere burua. Gizonezkoaren gorpua aurkitu zutenean, familiari berri ematera joan ziren poliziak, eta orduan aurkitu zuten Gonzalezen hilotza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.