Hilketa matxista

Gizon batek, andre bat labankadaz hil, eta ihesari eman dio Murchanten

Foruzaingoak ez du kasua ikertuko hilketa matxista gisa, «familia barruko delitu» gisa baizik, hiltzailea eta biktima koinatuak zirelako. Hilketa txarretsi dute Nafarroako Gobernuak eta talde politiko ugarik

Gizon batek, andre bat labankadaz hil, eta ihesari eman dio Murchanten.
Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz - Mikel P. Ansa
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun

Beste hilketa matxista bat. Laugarrena, urtea hasi zenetik; 111.a, 2003az geroztik. Atzo goizean gertatu zen, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean (Nafarroa). 10:24an, gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.

Ihesari eman zion hiltzaileak, eta haren bila ari dira Foruzaingoa eta Ertzaintza, elkarlanean. Poliziaren iturriek Noticias taldeari jakinarazi diotenez, 41 urteko Zumarragako (Gipuzkoa) bizilagun bat da susmagarri nagusia. Iturri horien arabera, gizonak «aurrekari ugari» ditu: 1998. urtean Donostian epaitu zuten, beste bi akusaturekin batera, Legorretako gasolindegi batean lan egiten zuen emakume bat tiroz hiltzea egotzita, baina absolbitu egin zuten. Bestalde, zenbait salaketa jaso ditu, baimenik gabe armak edukitzeagatik eta labanaz eginiko beste eraso batzuengatik.

Poliziak «familia barruko delitu» gisara sailkatu du Murchanteko kasua, eta, beraz, ez du hilketa matxista gisa ikertuko. Izan ere, bilatzen ari diren gizon horrek eta hildako emakumeak gertuko harremana zuten: koinatu ohiak ziren (gizonaren bikotekide ohiaren ahizpa zen hildakoa). Espainiako Genero Indarkeriaren aurkako Legeak zehazten du emakumezkoen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko dela, soilik erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean.

Murchanteko alkate Luis Sanchok BERRIAri jakinarazi dio udalak «hilketa matxistatzat» jo duela gertatutakoa: «Ez dugu zalantzarik hau eraso matxista bat izan dela, eta horrelaxe salatu dugu udalbatzan, baina Foruzaingoak bere protokoloak ditu, eta behartuta dago, legearen arabera, familia barruko delitu gisa ikertzera».

Herriarentzat «kolpe latza» izan dela aitortu du Sanchok: «Murchante herri txikia da, 4.000 biztanlekoa, eta emakumea egunero ikusten genuen eskolan, bere bi seme-alabekin. Lur jota gaude oraintxe».

Protestak eta elkartasuna

Murchanteko Udalak ezohiko batzarra egin zuen atzo iluntzean, eta hilketa gaitzesteko adierazpena adostu zuten taldeek. Horren ostean, elkarretaratze isila egin zuten udaletxearen aurrean.

Protestan izan ziren Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Eva Isturiz Berdintasun Institutuko zuzendaria, besteak beste. Hilketa gaitzetsi zuen gobernuak, eta «emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren kontra» egiten duten indarkeriak borrokatzeko konpromisoa adierazi.

Alderdi politikoek ere salatu dute hilketa: PSNk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Geroa Baik eta EAk oharrak plazaratu zituzten, gertatutakoa gaitzetsi eta hildakoaren senideei elkartasuna adierazteko. Elkartasun mezuak zabaldu zituzten Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.