Auzitara jotzeko urratsa egin dute Donostiako gizon batek «engainuz» argazkiak biluzik atera zizkien hamar emakumek. Iaz atera zen kasua jendaurrera, uztailean: Sortuk jakinarazi zuen Donostiako «militante ezagun bat» bota egin zuela, bere postua erabiliz neska gazteei argazkiak biluzik egin zizkiela eta. Donostiako Piraten mugimenduan ere bazebilen gizona, eta handik ere bota zuten. Argazkiak egin zizkien emakume horietako batzuek salaketa ipini dute orain, eta martxan da prozedura: jakinarazi dute deklaratzera deitu dutela akusatua, Haritz Varela. Hamar emakumek jo dute epaitegira, baina azaldu dute askoz gehiago direla eraso horiek jasan zituztenak: 40 neska inguru.
Salaketa jarri duten emakumeek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Donostian, epaitegitik hurbil, Tabakalera atarian. Dozenaka emakume bildu ziren: bai salaketa jarri dutenak, bai haiei babesa erakustera agertutakoak.
Varela kanporatu zuela jakinarazi zuenean, Sortuk salatu zuen ezker abertzalean zeukan «erreferentzialtasuna» erabili zuela neskengana hurbiltzeko eta «engainua» egiteko. Hori berretsi dute salatzaileek ere:«boterea» baliatu zuela gizonak. «Kidearengan konfiantza genuelako eraso zigun, eta gure lan militantean sinesten genuelako».
Erasoen lekukotasunak
Emakume horietako batzuek iazko udan eman zuten lekukotasuna BERRIAn. Azaldu zutenez, gizonak kontatzen zien proiektu artistiko batean murgilduta zegoela, eta emakumeak eta gizonak biluzik ageri ziren argazkiak behar zituela —finean, hala ere, neskak bilatzen zituen; gizonak jada topatuak zituela esaten zien—. Dirua agintzen zien emakumeei. Horietako batzuek onartu egin zuten, eta argazkiak egin zizkien gizonak; beste batzuek, berriz, eurek egindako irudiak bidali zizkioten. Emakumeek ikusi zuten, ordea, ez zegoela inolako proiektu artistikorik: beretzat zituen argazkiak.
Areago, BERRIAk jasotako lekukotasunen arabera, argazkietatik harago ere joan zen salatutako gizona; esate baterako, prostituzio lan bat egitea eskaini zion emakume bati. Gainera, argazkiak egindako emakume batzuek azaldu dute sexu ukituak egin zizkiela.
Kontuan izatekoa da emakume batzuek duela zenbait urte jasan zituztela erasoak —batzuek, orain dela sei-zazpi urte—; beste batzuek, berriz, iaz bertan. Salaketa jarri duten emakumeek ohartarazi dute, beraz, «modu jarraituan» egin zuela eraso akusatutako gizonak, ez zirela kasu bakanak izan. «Militante gisa zuen boterea erabilita, emakumeok engainatu, eta biluzik argazkiak ateratzeko proposamenak egin zizkigun».
Kasua jakinarazita ere ez ziren erasoak eten, emakumeek ohartarazi dutenez. «Atzetik ekarri zituen beste mota batzuetako eraso batzuk: zalantzan jarriak izatea, bakardade sentimendua, biktimizazio bikoitza...». Azaldu dute bide zaila izan dutela azken hilabeteetan. «Benetan, ez da erraza izan». Areago, behin auzitara jotzea erabaki zutenean ere ez zuten ibilbide samurra eduki. «Epaitegien izaera matxista eta eraso sexistei ematen dieten trataera egokirik eza» salatu dute.
Izatez, orain arte ez dute eman salaketaren berri, nahiz eta duela denbora bat jarri zuten. «Ez genekien zer bide hartuko zuen». Orain, behin Varela deklaratzera deitu dutenean, argitara atera dute.
Feministen babesa
Bidean aurrera egiteko, funtsezkotzat jo dute babesa eman dieten andreen «konplizitatea». Haien ekarpena goraipatu dute: «Ez ginen honaino iritsiko erasoaren aurrean bakarrik aritu izan bagina. Zorionez, elkar goxatu eta laguntzeko bideak topatu ditugu, eman ditugun pausoen bermea izan direnak». Atzoko agerraldian bistaratu zuten hori, zer babes duten.
Erasoa jasan eta kasua jendaurrera atera zenetik pairatu dutenaren ostean, berretsi dute errua ez dela andreena, erasoa jasan dutenena, baizik eta erasotzailearena: «Guk ez genuen ezer txarrik egin, eta berriz egingo genuke! Arazoa erasotzailearena da, beti».
Horregatik, oraingo kasuaren adibideari jarraituta, bide horretan segitzeko deia zabaldu dute. Aurrerantzean ere izango direla eraso sexistak —«baita etxe-etxekoak ditugun espazioetan ere»—, eta elkarrekin erantzungo diotela: «Emakume feministok gara mehatxu horren muga, eta gure babespea eskaini nahi dugu». Laguntza eman nahi diete antzeko egoeran dauden emakume guztiei: «Ondoan izango gaituzu».
Gizon bat salatu dute «engainuz» neskei irudiak biluzik egiteagatik
Hamar emakumek ipini dute salaketa, baina ohartarazi dute 40 bati egin ziela eraso. Ezker abertzaletik eta Piratetatik iaz bota zuten gizona. Emakumeek diote «boterea» erabili zuela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu