Iruñeko zigor arloko 5. epaitegiak zigorra ezarri dio 54 urteko Tuterako gizon bati (Nafarroa), bikotekide ohia iraindu eta mehatxatzeagatik. Epaiaren arabera, gizonak iraindu eta mehatxatu egin zuen emakumea audio mezuen bitartez, «hura umiliatu eta larritzeko asmoz».
Gizonari sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, eta 600 euroko isuna. Gainera, galarazi egin diote emakumearengana hurbiltzea eta harekin komunikaziorik izatea urte eta erdian.
Epaian frogatutzat jo dute gizonak irain eta mehatxuzko mezuak bidali zizkiola emakumeari. Audio horiek froga gisa aurkeztu zituzten epaiketan, eta akusatuak ez zuen ukatu mezu horien egilea bera zela, baina argudiatu zuen «testuingurutik kanpo» zeudela eta emakumeak lehenago «probokatu» egin zuela. Hala ere, epaiketan ez zuten aurkeztu ustezko probokazio horien aztarnarik.
Akusatuaren defentsak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Nafarroako Auzitegian.